Itxaso Erasun zizurkildarrak finalerako txartela eskuratu du

Aiurri 2024ko mar. 4a, 10:35

Erasunek eta Arrizabalagak Mendizabal-Beitia bikotearen aurka jokatu zuten. Finalerdi gogorra eta bizia izan zen, baita hutsegite askokoa ere, baina, azkenean, Erasun eta Arrizabalaga gailendu ziren (16-22).

Olatz Arrizabalagak bere bosgarren finalerako txartela lortu du, baina gernikarra ez da batere gustura geratu egindako partidarekin. Pilotaleku berezia da Elgoibarkoa, ohikoa baino neurri txikiagokoa; beraz, lau pilotariei, Arrizabalagari bereziki, kosta egin zaie bere baldintzetara egokitzea eta huts askoko partida irten da, baina azkenerako Erasunen esperientzia nagusitu zen. Faborito ziren gorriak eta are faboritoago agertu ziren gernikarra eta zizurkildarra markagailuan 7-3 aurreratu zirenean. Hala ere, Beitia ez zion beldurrik izan Arrizabalagari pare-pare jokatzeari. Gorriek ere huts batzuk pilatu zituzten, hortaz, lekeitiarra eta andoaindarra 8-11 aurreratu ziren, aurkarien 7 opariei etekina aterata. Partida bigarren fase batean sartu zen orduan, berdinduagoa eta markagailuan tarte handirik gabe. 15-14koan saketik falta bat egin bazuen ere, hasieran oso urduri eta bere lekua topatu ezinik ibili zen Olatz Arrizabalagak partidan sartzea lortu eta azken txanpan askoz sendoago aritu zen bikote gorria, asko sufritutako garaipena eskuratzeko.

Porrotarekin ezin gustura egon, baina nabarmentzekoa izan zen Olatz Beitiak azkenaldian izandako garapena eta hurrengo txapelketetan oso kontuan izanbeharreko pilotaria da Lekeitiarra. Nora Mendizabalen txapelketa guztiko lana ere azpimarratzekoa izan da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!