"Lorpen ikaragarriak izan ditugu; ezin da gehiago eskatu"

Ainhoa Gil 2024ko mar. 13a, 07:50

Lan administratiboetan jarri du indarra orain Batis Kortajarenak.

Etxean jaso zuen Batis Kortajarenak halterofiliarekiko zaletasuna. Altxalari gisa urte batzutan aritu ondoren, prestatzaile lanari ekin zion eta hortxe aurkitu zuen bere pasioa.

Pultsularien prestatzaile lanetan aritu zara urte luzez. Lekukoa pasa diozu datorren belaunaldiari… Nola bideratu duzue prozesu hori?

Nik prestaketarako taulak egiten dizkiet kirolariei eta, hortik aurrera, entrenatzaileek hartzen dute jarraipena egiteko ardura. Ekaitz Kortajarena eta Jon Sasiain ari dira lan horietan. Bestalde, eskoletara ere joaten gara, halterofiliako hastapenak erakustera eta lan horietan Andres Silvera eta Jon Ander Iriarte dabiltza. Lehen, egunero-egunero joaten nintzen entrenamendu saioak gidatzera eta orain, astean behin bakarrik joaten naiz. 

Horrez gain, denbora gehiago eskaintzen diet gai burokratikoei. Ez da nire gustuko gaia, baina egin beharra dago eta ikasten ari naiz horretan ere. Denok Danena taldeak badu egoitza berri eta propio baten beharra, eta helburu horri begira ari naiz bideratzen nire ahalegin guztia.

Atzera begira jarrita, nola ezagutu zenuen halterofilia?

Etxean, aitona eta osaba aritzen ziren. Asteasuko Ondartza baserrikoak ziren eta baserriaren izenarekin ziren ezagunak. Halterofiliaren inguruko liburuetan ageri dira haien izenak.

Bost urte nituela Donostiara joan nintzen bizitzera eta han, atletismoan eta errugbian aritu nintzen. 19 urte inguru nituela hasi nintzen halterofilian. Uda partean, errugbi denboraldian etena egiten zen eta indarra lantzeko egokia litzatekela iruditu zitzaidan. Halaxe hasi nintzen halterofilian, errugbiaren osagarri gisa. Pixkanaka, atletismoa utzi eta kirol honetan gehiago murgiltzen joan nintzen. 26 urte inguru nituenean heldu nion serioago eta, lehen emaitzak iristen hasi ziren.

Eta nola iritsi zitzaizun prestatzaile izateko aukera?

27 urterekin atera nituen horretarako beharrezkoak ziren tituluak. Belodromoan hasi nintzen prestatzaile gisa, lehiatzen nintzen bitartean. Burnizaleak taldea sortu, eta urte batzuetan eutsi genion talde hari. Momentu hartan, Errenterian egiten nuen lan eta oso gertu nuen Beraun auzoa. Bertako eskolan sartu eta halterofilia erakusteko aukera eman zidaten eta hura ikaragarria izan zen niretzat. 40 ume izaten nituen egunero entrenatzen eta beste hainbeste egoten ziren zai, halterofilian hasteko irrikan. Errenteriako kirol nagusia izatea lortu genuen eta emaitza bikainak lortu genituen, tartean hainbat eta hainbat Espainiako txapelketa irabaztea.

Nola jaio zen Denok Danena taldea?

1988an banandu, eta Zizurkilera itzuli nintzen. Hiru ume nituen eta, momentu batean, seme zaharrenak laguntza eskatu zidan. Herriko jaietan erronka antolatu zuten berak eta bere lagunek, festa giroa jartzeko. Bakoitzak bere gorputz pisua altxa behar zuen. Etxean aritu nintzen erakusten eta, festetako ekitaldia pasata, jarraitzeko gogoa piztu zitzaien. Horrela, 1990an sortu zen halterofiliako Danena taldea. Intxaur pilotalekuan egiten genituen entrenamentuak, farola baten argipean. Handik urtebetera OtaÒo eskolara jaitsi ginen entrenatzera. Urte asko joan da geroztik, eta emaitza ikaragarriak lortu ditugu.

Prestatzaile gisa, jende asko pasa da zure eskuetatik…

Zizurkilgo taldean, 134 mutil eta 60 emakume inguru pasa dira. Maila ikaragarrian egon da taldea urte askotan. Espainiako txapelketatan, esaterako, 564 domina inguru lortu ditugu. Europako txapelketatarako sailkatzea lortu duten taldekideak 12 izan dira eta, munduko txapelketan edo olinpiar jokoetan ere izan dugu ordezkaritza. Azken 20-25 urtetan nagusi izan gara Euskal Herri mailan. Emakumeen artean, Lourdes Gorostegi, Ainhoa Regatos, Itziar Dorronsoro, Susana Davila… maila ikaragarria eman zuten. Orain Elena Mangas gure taldekidea da, Euskal Herriko onenen artean dabilena. Mutiletan, Jon Tecedor izan zen gehien nabarmendu zena. Horrez gain, asko izan dira maila altuan ibili direnak: Andoni Kortajarena, Gorka Lopez, Jose Antonio Barreda, Ekaitz Kortajarena, Teddy Martinez, Jon Sasiain, Iker Hernandez... edota orain bertan Eki Lizaso. 

Nola dago taldea Danena taldea egun?

Taldea indarra hartzen ari da berriz ere. Akatsa egin genuen bere momentuan, Olaederra kiroldegira joanda. Kiroldegian jende asko ibiltzen da eta uste genuen bide horretatik jende gehiagorengana iritsiko ginela, baina ez da horrela izan. Gaztetxorik gabe geratzen ari zitzaigun taldea. Gurean zebiltzan kirolariak adinean gora zetozen, eta ez zegoen erreleborik. Alarmak piztu ziren eta udalera gerturatu ginen proposamen berri batekin. Alde batetik, egoitza berria behar dugula aldarrikatzen dugu eta bestetik, eskolara itzultzea beharrezkoa ikusi genuen. Hori da erreleboa lortzeko bide egokiena eta hala ikusi da. Eskolako haurrekin gabiltza orain, eta dagoeneko hasiak dira lehiatzen; hori da etorkizuna.

Egoitza baten beharra aipatu duzu. Nola duzue kontua?

Horixe da orain nire erronka nagusia. Talde gisa aurrera egin nahi badugu, behar-beharrezkoa dugu halterofilia egiteko egoitza egoki bat izatea. Zizurkilgo Udalarekin eta Foru Aldundiarekin hainbat bilera egin ditugu, bide horretan zerbait lortzeko. Eskola gisa arituko ginake bertan; gure kirola ezagutu nahi duen orok aukera izan dezan. Gaur egun, kirolari guztiek egiten dituzte pesak eta garrantzitsua da ariketa horiek ondo egiten jakitea. Hori guztia bideratzeko toki egokia behar dugu.

Eta orokorrean, nola dago halterofilia?

Mundu mailan, indar handia du. Munduko txapelketan 198 herrialde aritu izan dira lehian, ia munduko herrialde guztiek zuten ordezkaritza. Kirol olinpikoa da eta horrek bultzada ematen dio. Badira potentzia handiak diren herrialdeak; Txina nabarmentzen da guztien gainetik. 

 

Zer eman dizu halterofiliak?

Asko eman dit. Ikaragarri gozatu dut. 35 urte inguru nituela konturatu nintzen askoz ere gehiago gozatzen nuela gazteen emaitzekin nireekin baino. Momentu hartan erabaki nuen lehia utzi eta bete-betean prestatzaile lanari eustea. Ikaragarri gozatu dut bide horretan. Lorpen ikaragarriak izan ditugu; ezin da gehiago eskatu.

Horrez gain, Espainiako federazioko selekzionatzailea ere izan naiz urte askoan eta horrek mundu osoan zehar bidaiatzeko aukera eman dit. Teknika eta entrenamendu ezberdinak ikastea ahalbidetu zidan eta horrek asko aberastu nau. Entrenatzaile batentzat ikaragarrizko aukera da hori. Nik, trukean, lanetik kanpoko nire ordu guztiak eskaini dizkiot.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 644 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!