“Txoria hodei artean”, ETBren iragana eta etorkizuna hizpide dituen liburua

Xabier Lasa 2024ko mar. 11a, 17:48

Urtzi Urkizu Berriako kazetari lezoarrak ETBren iragana eta geroa aztertzen dituzten 35 aditu elkarrizketatu ditu eta Txoria hodei artean liburuan bildu ditu. Donostian martxoaren 6an aurkeztu zuten liburua. Aurkezpenaren kronika eta bideoa, ikusgai

Liburuak Itziar Ituño aktoreak egindako hitzaurrea dakar, eta hamabi ataletan banatzen da: iraganari so: ETBren hastapenak; euskara eta gaztelania, ETB1 eta ETB2; kontrol politikoa eta kontrol organoak; albistegiak; bikoizketa; fikzioa: telesailak; ziena: ekoiztetxeak; ikusle datuak; internet eta Primeran; adimen artifiziala; eta, nora jo behar luke ETBk?

Ansok, labur deskribatu zuen liburua, egileari hitza eman aurretik: “Lau hamarkadako ibilbide horren ikuspegi zabala eskaintzen digu Urtzi Urkizuk: telebista ezerezetik sortu zen "garai heroikoetatik" gaur egungo erronketara, adimen artifiziala kasu. Ikuspegi zabal horrek dokumentazio-lan sendoa du oinarri, baina batez ere egileak hainbat aritu eta adituri egin dien elkarrizketa sorta oparoa. Ahots-ugaritasunak eta Urkizuren kazetari-esku trebeak bizitasun handia ematen diote testuari. Beraz, irakurketa erraz eta atsegina da”.

Urkizuk ikus-entzunezkoen arloan adituak diren 35 pertsonei ahotsa eman die, eta horiek informazio, oroitzapen eta iritzi mamitsuak eskaintzen badituzte ere, Ansok ohartarazi zuen badabilela galdera bat hegan, liburuaren gainetik: “Lerro artetik gailentzen da azken urteotan euskal gizartean sumatzen den kezka bat: ETBk lehenengo urtetan euskararen normalizazioari egin zion ekarpena berebizikoa izan zen. Baina, gaur egun behar bezala erantzuten al die euskal komunitatearen egungo beharrei? Urkizuk aditu eta arituen proposamenak jaso ditu, eta hark ere egin ditu bereak liburuaren epilogoan”.

Galdera horren inguruan gogoeta egiteko materiala franko daukala liburuak, ziurtatu zuen Ansok. “Gogoeta hori ezinbestekoa da galdera horri ematen zaion erantzunaren arabera erabaki estrategikoak hartu behar direlako. Adibidez, ETB1 eta ETB2ren arteko desokeraz, gobernantza ereduaz, bikoizketa politikaz, fizkioaren funtzioaz, edota, adimen artifizalaz”.

 

Hainbat adituen gogoetak, aintzat hartzeko modukoak

Urtzi Urkizu Txoria hodei artean liburuaren egileak, argitalpena atontzea erraztu dioten gertukoei, Berriako lankideei, zein argitaletxekoei eskerrak eman zizkien, lehendabiziko eta behin, Donostian egindako aurkezpenean. Segidan, zenbait elkarrizketatuen ekarpenak nabarmendu zituen aurkezpenean.

Esate baterako, nazioarteko hainbat telebistetan punta-puntako aholkularia den Garazi Goiak, ETB1 eta ETB2ren arteko desoreka dioena, ekarri zuen aurkezpenera Urkizuk. “Hizkuntza gutxitu bat dugun aldetik, horrek lan bikoitza eskatzen du. ETB1n eta ETB2n indar bera jartzen bada, gizarteak duen eragina ez da bera. Esfortzu eta indar handiagoa eskatzen du euskarak. Jatorritik ez bada ahalegin hori eguiten eta ez bazazio ETB1 kateari proportzionalki indar handiagoa ematen, eragina murriztuz joaten da. Tamalez, telebistak ez zuen egin euskarak behar zuen behar adinako zuen esfortzua, behar zuen eragina lortzeko”.

Kike Amonarriz soziologo eta telebista aurkezleak ikus-entzunen ekoizpenaren gainean egiten dituen hausnarketek ere merezi dutela aintzat hartzea, adierazi zuen Urkizuk. Lagun gisa, hara Amunarrizek esandakoaren laguntxo bat: “Euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena funtsezkoa da euskararen bizi-iraupenerako. Eta horretan, ETB giltzarri da. Beste hainbat alorretan bezala, aldaketa sakon bat egin nahi bada, eta norabide aldaketa sakon bat egin behar bada, horrek denbora bat eskatzen du, prozedura bat eta eztabaida sakon bat”.

Unibertsitateko Bea Zabalondo irakaslek aldaketa demografikoan ipinitako arretak zer pentsatua ematen duela ere, aipatu zuen egileak: “Gero eta etorkin gehiago datoz eta etorriko dira Euskal Herrira. Gure herria etorkinez osatuko dugu. Horiei esateko gure hizkuntza euskara dela, zer modu hoberik, marrazki bizidunak, telesailak, filmak eta dokumentalak euskaraz erakustea baino. Egunkari bat hartu baino askoz lehenago jarriko dira etorkinak telebistaren aurrean. Kanpotik datorren jende guztiarentzat ere, eskaini behar dugu telebista euskaraz, bestela zer posizioetatik esan behar diegu euskaraz ikasi behar dutela? Errazena telebista jartzea da, eta etxe guztietan dago telebista bat, edo bestela, denok daukagu telefono bat”.

Hala ere, Zabalondok, aitortzen du ardura guztia ez dela telebistarena. Baita, hezkuntza sistemak, administrazio sistemak, kaleak, aisialdiak…

 

Kataluniako eredua

Urkizuk adierazi zuenez, elkarrizketatuen zerrendan dauden Eli Zunzunegi Kataluniako ETBren berri emaileak, edota, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak aitortu zioten ETBk gehiago begiratu beharko liekeela Europari edo Kataluniari, eta gutxiago Madrili.

Bada, Katalunia hizpide hartuta, bertako telebista publikoak berriki hartu duen erabakia gogora ekarri zuen Urkizuk: “kanpotik Kataluniara doazen herritarri errazagoa egiteko eta ikasteko katalana, Europako beste zenbait erakundeekin elkarlanean ari da, hurrengo bi urtetan erabilera indartuko dituen 30 neurriko plana eskuartena izanda”.

Eredu hori gurera ekarri zuen liburuaren egileak, “Badakigu Jaurlaritzak Aroa plana diseinatu duela hurrengo hamar urteei begira. Euskara indarberritzeko eta ahalduntzeko marko estrategikoa da, eta ikus-entzunezkoei puntu batean egiten die erreferentzia. Uste dut euskara politika ausartagoak behar direla ezarri”.

 

Zentsuraren aurkako bertsoa

Urkizuk, Maialen Arzalllusek Euskal Herriko bertsolarien txapelketako finalerdian Irunen abestu zuen bertsoa ekarri zuen gogora, aurkezpenari amaera emateko. Eta zergatia azaldu zuen. “Egun batzuk lehenago, EITBko zuzendari nagusiak, bere bertso musikatu batzuk wegunetik kentzea erabaki zuen. Adierazpen askatasunaren aldeko keinu gisa, bertso hura kantatuko dut”.

Hona Urkizuk abestu zuena, Arzallusen grabazioa ere mugikorrean zuela:

Bertsoa hitzaren bide

gure komunikabide

bertso Euskal Herri bat bizi

dela adibide

bertsoa minean kide

gure zuen eta nire

isilarazten badute ere

kantatzen du libre (bis)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!