N-Iean, Lasarte eta Andoain tartean, lanak egingo dira asteburuan

Aiurri 2024ko mar. 14a, 09:52

N-I errepidearen zoruaren egitura birgaitzeko proiektuaren obrak direla-eta, Andoain-Lasarte errepide zatian, Irunerako noranzkoan, trafikoari eragingo zaio asteburuan.

Obra horiek martxoaren 15eko (ostirala) 21:00etatik martxoaren 17ko (igandea) 22:00etara luzatuko dira. Trafikoan honela eragingo du:

  • Ostiralean 21:00etan hasi eta larunbatean 21:00etan amaituta, N-I errepideko eskuineko erreia moztuta egongo da, Irunerako noranzkoan. Errepide mozketa horrek 451 “Lasarte-Oriako hegoaldeko lotunea (Allerru)” irteerari eragingo dio, zeina larunbateko 21:00ak arte moztuta egongo baita, eta Lasarte-Oriara aurreko irteeratik, 450 irteeratik (Antxisu Bailara) sartu beharko da. Lotune horretan bertan, Irunerako noranzkoko LasarteOriako sarbideari ere eragingo zaio. Sarbidea moztuta geratuko da eta N-I errepidea hartu beharko da Gasteizerako noranzkoan, 447 B irteeran (Andoaingo iparraldeko lotunea, Bazkardo) noranzkoa aldatzeko, edo, lotune horretan, A-15 errepidea hartu beharko da Irunerako edo Bilborako noranzkoan.

  • Larunbatean 21:00etan hasi eta igandean 22:00etan amaituta, N-I errepideko ezkerreko erreia moztuta egongo da, Irunerako noranzkoan. 451. irteeratik Lasarte-Oriara sartzea baimenduta egongo da. N-I errepideko zorua birgaitzeko lanek eragingo dituzten eragozpenak saiheste aldera, Donostiara sartzeko edo Irunerantz edo Bilborantz joateko, A-15 errepidea hartzea gomendatzen da, Andoaingo Bazkardoko lotunetik.

  • Igandean, 21:00etatik aurrera, obren behin-behineko seinaleztapena desmuntatuko da, eta N-I errepidearen zirkulazioa lehengoratuko da zaharberritze lanek eragindako bi erreietan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!