Itxaso Erasun eta Olatz Arrizabala txapeldun moreak bilakatu dira

Aiurri 2024ko mar. 18a, 15:58

Itxaso Erasunek eta Olatz Arrizabalagak irabazi dute Binakako Master txapelketa, Etxegarai-Gaminde bikotea garaituta (22-16). 950 ikuslerekin ia goraino bete zen Arrasateko Uarkape pilotalekua.

Finala, bereziki, bi zatitan banatu zen. Hasieran, lehia oso orekatua izan zen eta bikote bakoitzak bere taktikarekin egin zuen aurrera. Etxegaraik eta Gamindek Arrizabalaga jokotik kanpo utzi nahi izan zuten, eta pilotakada gehienak atzeko koadroetara bota zituzten, Erasunen defentsa hautsi nahian. Bestalde, Arrizabalagak ohi bezala aurrean jokatzen aritu zen, biparetekin min handia eginez. 

Partidaren erdikaldean, ordea, Madalen Etxegarai eta Enara Gaminderen unerik onena iritsi zen. Pixkanaka beste inork baino pilotakada dezente gehiago jo behar izan zituen Itxaso Erasuni lanak pilatu zitzaizkion, eta urdinak aurreratu egin ziren (13-15). Zizurkildarrak presioa eta nekea alde batera utzita egoerari buelta eman zion; hori nahikoa ez eta Olatz Arrizabalaga oso eraginkor bati esker, partidari buelta emateaz gain, ia zuzenean joan 22. tantora jauzi egin zuten.

Zizurkildarrak, bere lehen final handian, palmaresa estreinatu zuen sekulako erresistentzia lana osatu ostean. Halako egun handietan ez da erraza izaten, baina finalak sortutako presioari erantzun dio, bertan bildutako pilotazale ugariren gozamenerako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!