"Pazientzia edukitzen erakutsi dit gozotegian lan egiteak"

Alba Cabrera Jauregi 2024ko api. 12a, 12:13

Aski andoaindartutako larrauldarra da Irati Arruti Murillo. Haren familiarena da Zumea kaleko gozotegi ezaguna. Klaap dantza-eskolan dabil irakasle-lanetan.

Larraulgoa zara sortzez, baina, pixka bat andoaindarra ere sentituko zara, dagoeneko, ezta?

Denbora gehiago ematen dut Andoainen Larraulen bertan baino. Txiki-txikitatik egon naiz hemen, izan ere, nik urtebete neukala ireki zuten nire gurasoek Arruti. Beti egon izan naiz, modu batera edo bestera, Arrutin sartuta. Andoaingo lagunak ere baditut, eta dantzan hasi nintzenetik, nire arratsaldeak hemen igaro ohi ditut.

Jabeen alaba zara eta bertan aritzen zara lanean. Zer moduzkoa da gurasoenean lan egitea?

Polita da, egia esan. Betidanik ikusi dut etxean ordu asko sartzen dituztela lanean, eta beti esan izan didate familiari lagundu egin behar zaiola. Gustura joaten naiz. Jendeak badaki, gainera, bertako alaba naizela, hortaz, erreginaren pareko tratua dute nirekin. Etxeko giroan egon ohi gara, gurasoak ez ezik izeba ere bertan aritzen delako.

Aste barruan, goizez, unibertsitatean egoten naiz, eta, arratsaldean, Klaap akademian. Asteburutan, berriz, Arrutin ematen dut denbora. Gabon partean, ordu gehiago sartzen ditut gozotegian, errege-opilak egiten, baita udan ere, ordezkapenak egiten. Nahiago dut jendaurrean, mostradorean lan egin. Pazientzia edukitzen erakutsi dit Arrutin lan egiteak.

Kasualitatez iritsi zinen Klaap-era, eta, harrezkero, sei bat urte daramatzazu dantza-eskolan.

Probatu bezain pronto jakin nuen bertan jarraitu nahi nuela. Euskal dantza egiten nuen lehenago, baina ez nintzen oso fin ibiltzen. Ondoren, Andoainen hasi nintzen, zumba egiten. Hala, Klaap-era egin nuen salto 13 bat urterekin, nahiz eta dantza urbanoa, lehen begi kolpean, ez zen oso erakargarria niretzat. Gogoz kontra joan nintzen klasera, eta behin ordua amaituta ez nuen hura bukatzerik nahi!

Udan, ikastaro trinkoak egitera joaten naiz Donostiako Bamboo Dance akademiara. Gabonetan, nire irakaslearekin batera, Madrilen izan naiz beste ikastaro bat egiten. Oso gustuko dut, eta, orain, beste proiektu batean nabil buru-belarri, dantzaren bidez minbiziari ikusgarritasuna emateko asmoz. Aspanogi elkartearekin elkarlanean osatu da egitasmoa eta askotariko kultur diziplinek parte hartzen dugu bertan, “Naturaren doinuak”. Izugarri gustuko dut dantza, zeharo murgilduta nago horretan.

Dantza, gozoak; gozoak, dantza… Gelditzen zaizun aisialdia zertarako erabili ohi duzu?

Telesailak ikustea oso gustuko dut, baita irakurtzea ere. Gimnasiora ere joan ohi naiz, eta eguraldi ona egiten duenean, mendira. Lanpetuta nabilenean, etxean denbora dexente ematen dut, atseden hartzen. Horrelakoetan, interesa pizten didaten gaiei buruz irakurtzea dut gustuko. Saltsera hutsa naiz!

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 646 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!