Aitor Atxega (ahotsa eta gitarra) larrauldarra, Josu Lekuona (akordeoia) eta Aran Mujika (biolina) andoaindarrak eta Xabin Mujika (zeharkako-txirula) asteasuarra dira Aire Eire taldeko lau musikariak.
Hogeita bost bat abestik osatzen dute oraingoz landu duten kantutegia. Irlandan edo Euskal Herrian sustraia duten abesti klasikoak eta modernoak nahasten dituzte. Izenak berak, Aire Eire, argi adierazten du nongo haizeek jota mugitzen den taldea. Taldea sortzeko arrazoiaz, bere filosofiaz eta bere ibilbideaz mintzatzeko, Atxega eta Lekuona bildu dira Aiurrirekin, beren lehenbiziko emanaldia eskaini zuten eta geroztik entsegu leku duten Asteasuko Iturriondo tabernan, hain zuzen.
Iturriondo jatetxean egin zuten estreinaldia jendaurrean, joan zen urrian, eta geroztik han-hemenka eman dituzte zenbait emanaldi; Tolosan, Zarautzen, Villabonan, Andoainen... Gernikan dute hurrengo hitzordua jarrita, apirilaren 20an. Nahiko saio dira, kontuan hartuta beste zenbait musika proiektutan gutxi-asko murgilduta badabiltzala lauak ere, eta ez daukatela denbora soberan elkartu eta entsaiatzeko. Bestela ere, ez da beren xedea emanaldiz emanaldi ibiltzea, kasik astebururo. Soseguz jardun nahi dute, bidean, Euskal Herrian horren ohikoa ez den musika jotzeko irlandarraren filosofian sakonduz.
Irlandarren filosofia gogoko
Irlandako musika ez ezik, hango musikari herrikoien filosofia maite dute, eta horixe Euskal Herriratzea da taldearen goi asmoetako bat, esan bezala. Aitor Atxegak bidaia mordoa egina du irlara, eta bera da txoratuen itzuli izan dena hango musika giroarekin. “Ez dakit inon baden kulturarik, irlandakoa baino musikazaleagoa. Egin kontu, bere bandera tradizionala bakarra izango da munduan instrumentu bat (arpa) daramana. Horrek zer edo zer esan nahi du".
Irlandara, uztailean
Aire Eire taldeko kideak Irlandara (Iparraldera eta Hegoaldera) joango dira udan. Hain zuzen, Belfasten bi saio, eta Derryn eta Donegalen saio bana lotu dituzte hango pubetan, uztailaren amaierarako. Ametsa gauzatzea dela dio Josu Lekuonak. “Ez dago esan beharrik zenbateko ilusioa eragiten digun lauoi txango honek. Egia esan, taldea eratu eta jendaurrean saioak eskaintzea berez da aspaldiko ametsa gauzatuta ikustea. Eta orain, Irlandara joateko aukera edukitzea, ametsaren gainetik dagoen zer edo zer dela esango nuke; airean hegan bezala sentitzen naiz ni behintzat”.
Atxegak eta Lekuonak aitortzen dute egundoko errespetua eragiten diela zuzeneko emanaldiak, non eta, musika herrikoiaren paradisuan egiteak. "Gozatzera goaz, baina ahalik eta txukunen jo nahi genuke. Euskal doinuak zabalduko ditugu han batik bat; irlandarraren bat edo beste euskaraz abesteko asmoa ere badugu, eta hangotarrekin konplizitatea lortzea nahi genuke".
Irlandako bidaia gogoangarria izango dela jabetuta, road movie estiloko dokumental xume bat egiteko asmoa ere badaukate Aire Eire taldeko kideek.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 646 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.