"Gurekin lehiatzeko gogoz izaten dira gainerako dantzariak"

Erredakzioa 2024ko api. 16a, 07:38
Jurgi Errandonea, Julen Lertxundi, Nora Davila, June Aguado, Onditz Esnaola eta Amaia Aizpurua txapelketako entsaio baten ostean.

Legazpi, Elgoibar, Hernani, Amasa-Villabona... Hango eta hemengo aurresku txapelketetan nabarmentzen ari dira Oinkariko dantzariak

Dantza txapelketa gehienetan nabarmentzen ari zarete Oinkariko dantzariak. Zein da sekretua?

Jurgi Errandonea: Entseatzea eta lanketa handia egitea, hori esango nuke dela gakoa.

Amaia Aizpurua: Bakoitzaren gaitasunaren edo trebetasunaren arabera, gauza bat edo bestea gehiago indartzen dugu. 

Onditz Esnaola: Pausoak behin eta berriz errepikatzen ditugu entseguetan, baita gaizki egiten ditugunak ere, oso garrantzitsua iruditzen zait hori. Gainera, norbere buruarekin duen jarrera ere ezinbestekoa da. Gogoa jarri behar duzu egiten duzuna hobetu nahi baduzu, horrekin bakarrik gauza asko lortzen dira.

Gozatzen al da lehiaketan?

Nora Davila: Bai, oso ondo pasatzen dugu. Hasieran, taulagainetik kanpo urduritasuna nabaritzen dugu baina jendaurrera atera orduko, joan egiten da.

Onditz Esnaola: Nahiz eta txapelketetara ohituta egon eta askotan parte hartu dudan, beti izaten dut urduritasun puntu hori. Nolanahi ere, Norak esan bezela, eszenatokira atera orduko oso gustora aritzen naiz dantzan.

Jurgi Errandonea: Nik egia esan nahiago ditut emanaldiak, txapelketak baino. Alabaina, txapelketetan asko ikasten da eta komenigarria izaten da joatea.

Julen Lertxundi: Nik ere oso ondo pasatzen dut txapelketetan. Jende asko ezagutzen dut eta eurekin egoteko balio izaten dit, harremanak sortzeko asko balio dute txapelketek.

Jurgi Errandonea: Gure artean ere lehen ez genuen elkar ezagutzen, Oinkarik herri askotako dantzariak baititu, eta Oinkariren bidez egin gara lagun.

Amaia Aizpurua: Oinkarin adin desberdineko dantzariak daude eta agian ez dute kointziditen euren entseguetan. Txapelketek elkartzeko aukera ematen die.

Zein da zuen dantzarik gogokoena? 

Onditz Esnaola: Aurreskuaz gain, Jurgirekin batera, sueltoan ibiltzen naiz eta aukeran bigarrena nahiago dut, alaiagoa iruditzen zaidalako. Aurreskuan pausu guztiak berdinak dira eta pausu horiek ahal den hobekien egiten saiatu behar zara. Sueltoa askeagoa iruditzen zait, animotsuagoa, eta eszenatokia beste batekin elkarbanatzeak segurtasun gehiago ematen dizu.

Nora Davila: Nik ere sueltoa nahiago izaten dut, eszenatokia elkarbanatzen duzulako eta alaiagoa delako.

June Aguado: Baleta eta euskal dantzak, bietan ari naiz baina aukeran nahiago euskal dantza.

Zer da Oinkari zuentzat?

Jurgi Errandonea: Hemen gauden guztiok bezala, txiki-txikitatik hasi ginen Oinkarin dantza egiten eta oso ondo zaindu gaituzte bertan. Aukera asko eman dizkigu ikasteko eta bertan maitatuak sentitu gara.

Onditz Esnaola: Leku askotara joan gara emanaldiak egitera, eta dantzari askorekin egin dut dantza. Bigarren familia bezala da.

June Aguado: Lehen beste dantza talde batean ari nintzen eta hemen exigentzia handiagoa dago. Ikasteko talde oso ona dela iruditzen zait.

Julen Lertxundi:Nire kasuan, zazpi urterekin hasi nintzen Oinkarin eta Villabonan dantza egiten 3 urte daramatzat. Oso esperientzia ona izaten ari da, orain artekoa.

Epe erdira non ikusten duzue zuen burua?

Jurgi Errandonea: Dantzan jarraituko dut seguru, eta dantzari lotuta jarraitu nahi baduzu irakasle izatea aukera bat da. Konpainia bateko kide izatea gustatuko litzaidake.

Onditz Esnaola: Galdera hori askotan egin diot neure buruari eta askotan zalantza izaten dut. Ez dakit nire bizitza dantzara bideratuko dudan edo bestelako lanen bat izango dudan, baina gustatuko litzaidake nik ikasi dudana beste batzuei irakastea.

Nora Davila: Antzezlan batean parte hartu dut, eta esperientzia gogoko izan dut. Irakasle izatea ere gustatuko litzaidake.

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 646 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!