[TOKIKOMekin lankidetzan]

Imanol Pradales: "Guk badakigu zer den herritar guztientzat gobernatzea eta etorkizunerako proiektu berri bat dugu"

Aiurri 2024ko api. 13a, 15:00

Imanol Pradales, 48 urteko santurtziarra da EAJren lehendakarigaia Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara begira. Deustuko Unibertsitatean Zientzia Politikoak eta Soziologia ikasi zituen eta 2011az geroztik hainbat kargu politiko izan ditu Bizkaiko Foru Aldundian.

Imanol Pradalesek (Santurtzi, 1975) talka-plana iragarri zuen osasungintzan lehen arreta hobetzeko eta itxarote-zerrendak murrizteko. Dio Osakidetza dela gauzarik preziatuena eta ez dela debate "partidistan" sartuko, eskarmentua eta esperientzia daukatelako eta badakitelako zer eta nola hobetu. Uste du garrantzitsua dela herri akordio bat alderdi politikoekin eta eragile sozialekin, "Osakidetza zaintzeko eta sendatzeko" zenbait gauza hobetu behar direlako.

Trantsizio energetikoari dagokionez, irizten dio garrantzitsua dela gizarteak ikustea batzuetan "beharrezkoak" direla azpiegiturak martxan jartzea ingurunearekiko errespetua mantenduz: "Batzuetan, ez dago beste erremediorik; bestela, menpekotasuna edukiko dugu beti, energia beste toki batzuetatik ekarri beharko dugulako". Trantsizioa errealismotik egin behar dela dio, helburu anbiziotsuak izanez.

Pradalesen ustez, tresnak eta askatasuna eman behar zaizkio euskal gazteriari kalitatezko lana eta etxebizitza lortzeko. Lan arloan, industrian dagoela gakoa dio, lanpostuak han sortuko direla; etxebizitza arloan, emantzipatzea, bakoitzak gura duen bizitza proiektuarekin.

Hilaren 21ean EAJk hauteskundeak irabaziko dituela dio, eta bakarrik gobernatzeko nahikoa eserleku lortzen ez badute "gobernagarritasunaz" hitz egin beharko dela. Gaineratu du PSE-EErekin egindako koalizio gobernuek emaitza "onak" ekarri dituztela, baina garrantzitsua izango dela A21eko argazkia ikustea: "VOX da guretzat marra gorria".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!