Lehenengo norgehiagoka bizia eta dotorea izan zen, markagailuak beste gauza bat iradokitzen duen arren. Zalduak eta Eskuderok ez zuten etsi eta maila oso onean jokatu zituzten set-ak. Jabalerak eta Goikoetxeak (15-12 eta 15-14) lortu zuten garaipena, baina kostata lortu zuten finalerako sailkapena.
Bigarren finalerdia, berriz, ez zen piloteatua izan; hau da, tantoak biziagoak eta laburragoak izan ziren. Gurrutxagak eta Aiestaranek lortu zuten finalerako txartela (15-8 eta 15-12). Aiestaranek sakearekin min handia egiten zuen eta tanto ugari egin zituen. Azken hau izan zen laukotetik finen aritu zen pilotaria.