Eta, bitartean, zer?

TOPA Tolosaldea 2024ko api. 19a, 07:00

Tolosan elkartu gara adierazteko 13 urte daramatzagula honako hau eskatzen: Gipuzkoako eta Euskadiko gainerako eskualdeek aspalditik daukatenaren antzeko osasun arreta jaso nahi dugu. Tolosaldearekiko ekitatea exijitzen dugu.

Orain, zentro berria leku honetan egitea inposatu digute, eta argi eta garbi utzi nahi dugu hemen egin behar dutena ez dela eskualdeko ospitale bat, Legebiltzarrean Sailburuak berretsi bezala, baizik eta erresoluzio handiko zentro bat. Era berean, Legebiltzarrean berretsi zuten ez dituela emango, ez kalitate aldetik, ez kantitate aldetik, gainerako eskualdeetako ospitale publikoek dituzten zerbitzuak.

Gainera, inposatu diguten kokapenak, Tolosakoak, desabantaila ugari ditu, besteak beste, leku txikia halako zerbait egiteko eta sartu-irteteko arazoak. Badira Tolosan bertan eta, zer esanik ez, Tolosaldean, kokapen askoz egokiagoak. Oraintsu, beste proposamen bat azaldu da zentro berria egitearekin konparatzeko: Asuncion klinika publifikatzea. Baina ez batak ez besteak ez diote konponbiderik planteatu gai garrantzitsu honi: Eta bitartean, zer?

Zentro berria egin bitartean edo Asuncion publifikatu bitartean, jarraitu behar dugu medikuen % 60k baino gehiagok espezialitatea homologatu gabe daukan mediku talde baten esku?

Jarraitu behar dugu klinikak ematen duen kalitate hau jasotzen, egoera hau nozitzen, Donostia ospitaleko zerbitzuburuek, 2022ko abenduan, "bereziki larritzat" jo zutena eta eragin duena "Tolosaldeko jendea Donostia Ospitalean noraezean ibiltzea atenditzeko eskatuz"?

Zer egingo dute hori zuzentzeko, alegia, Tolosaldeko biztanleok jasaten ari garen egoera "bereziki larri" hau nozitzen ez jarraitzeko?

Gainera, lotu gabe geratzen da zer egoeratan geldituko diren  Asuncion Klinikako langileak. Mural hau egin dugu, ez proiektua eta kokapena onartzen ditugulako, baizik eta salatzeko ez dela neurririk hartzen Tolosaldeko osasun arretaren kalitatea hobetzeko. Ez gara politika egiten ari, ekitatea exijitzen dugu. "Agintzen duenak agintzen duela, osasun arreta publikoaren kalitatea defendatu egin behar da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!