Euskal Herriko Bollotopaketak izango dira asteburu honetan Leitzan

Aiurri 2024ko api. 24a, 08:34

Apirilaren 26tik 28ra izango dira Bollotopaketak Leitzan. Heterodisidenteei zuzendutako jardunaldiak dira eta, besteak beste, kideen arteko saretzea du xede asteburuak. Aurkezpen-ekitaldietako bat Andoainen egin zuten, duela bi aste.

Euskal Herriko bolleren topaketak izango dira apirilaren 26tik 28ra Leitzan. Ostiraletik hasi eta igandera bitarte, askotariko hitzorduak izango dira eta, hala, mahaiaren bueltan elkartzeko aukera izango dute heterodisidenteek. Besteak beste, kideen arteko saretzea dute helburu topaketek, eta, horrez gain, zeharkatzen dituzten behar, kezka eta problematikak ipini nahi dituzte erdigunean, askotariko begiradatatik erreparatzeko zein eztabaidatzeko. Hori ezik, aukera paregabe gisa ere ikusten dute asteburua bestelako subjektu eta mugimenduekin aliantzak sendotzeko eta baita aurrera begirako belaunaldiei ateak zabaltzeko ere. Apirilaren bueltan, aurkezpenak egin dituzte, tokian-tokian, Euskal Herriko zenbait txokotan. Joan den asteko ostegunean izan ziren Andoainen, Buruntzaldeko kideen eskutik.

Lau hamarkada pasatxo egin behar da atzera bolleren kolektiboarentzat aitzindari izan zen mugarriarekin topo egiteko: 1983. urtean, lesbianen arteko lehen topaketak antolatu ziren Oreretako Zamalbide auzoan. Premiaz, garaiko mugimendu feministan aldarrikapen berriak eraman zituzten lehen lerrora, identitate propio bat “borrokarako leku” bihurtuz. Ordutik, denboraren poderioz, eta unean uneko testuinguruari erantzunez, formaz aldatzen joan da bollera subjektu politikoa: “Bollerok* jasaten ari garen zapalkuntzen aurkako borrokak beharrezkoa eta indartsua izaten jarraitzen du”.

Hori horrela, beharrei tiraka eta lesbianen topaketako 40.urteurrena “motibazio iturri”  gisa hartuta, egonaldi bat antolatzeko deia egin zuen bollera* eta nortasun disidenteen talde transfeminista batek. Gasteizen eman zuten lehen urratsa iaz, eta 70 lagunek erantzun zioten asanblada irekira joateko deiladiari. Harrezkero, azken hilabeteotan, Bollotopaketak osatzen joan dira Euskal Herriko zenbait herritan nahiz hiritan egindako bilkuretan. Bada, Leitzan egingo den asteburua izango da elkar saretze horren emaitza.

Askotariko begiradatatik

Hitzaldiak, mahai-inguru zentralak, tailerrak… Hausnarketa teoriko bezain praktikoak izango dira apirilaren amaierako hitzorduan. Horiek guztiak euskaraz izango dira, hizkuntza bera erdigunean jartzeko asmoz. Dena dela, antolakuntza taldetik aipatu bezala, itzulpena jasotzeko aukera edukiko dute frantsesa eta gaztelania ulertzen dutenek: bollera subjektuaren gaineko hausnarketa, terf mugimenduaren aurkako borroka, zahartzaro bolleroak, herri txikietako eta landa-eremuko ahotsak…

Egunerokoan zeharkatzen dieten auzietatik abiatuta, eztabaidarako, hausnarketarako eta elkar ezagutzeko espazio goxoa izango da Leitzan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!