Gaurkoan hasita, tren zerbitzua nabarmen murriztuko da. Eta, lehen egunean hasita, atzerapenak salatu dituzte erabiltzaileek. Aldaketa nabarmena da, joan-etorri ugari moldatu behar direlako. Andoaingo Julen Lorenzo aski ezaguna garraio publikoaren defentsa sutsua egiten duelako. Hark egin du, asteburuan, kalkulua:
2024/04/26
ANDOAIN ERDIA-DONOSTIA norabidean:
40 zerbitzu.
2024/04/29
ANDOAIN ERDIA-DONOSTIA norabidean:
23 zerbitzu.
Eragina ehunka erabiltzaileri
Aiztondo, Andoain eta Urnieta aldeko ehunka erabiltzaileri eragingo dio zerbitzuaren murrizketak. RENFEk, kaltea arintzeko edo, honako neurriak hartu dituela iragarri du:
- Ordutegi berria asteko egun guztietarako berdina izango da.
- Ordu jakinetan tren bikoitza igaroko da, ahalik eta jende gehien sar dadin trenean.
- Bidaiak iraupen luzeagoa ordutegia bermatzeko.
Nolanahi ere, kexak izango direla aurrikusten da ez baita bestelako alternatibarik eskaini. Esaterako, murriztu duten tren zerbitzuaren ordez bus zerbitzua areagotzea aukera bat izan liteke.
Egoera berriak ez du epemugarik
Hilabeteak luzatuko dira AHTko lanetan. Gaurko egunez, RENFEk dio ADIFek ez diola epe zehatzik eman. Sine die, beraz, jarraituko duela gaur abiatu den ez ohiko egoera.
RENFEren iragarpena:
Renfek ordutegia aldatu du Gipuzkoako aldirietako zerbitzuetan, trenbide sareko azpiegituretako obrak direla eta
Apirilaren 29tik aurrera, ordutegi berri bat jarriko da indarrean Irun – Brinkola aldirietan, Adif Gipuzkoan abiadura handia ezartzeko egiten ari den obren ondorioz.
Ordutegi berriarekin eskaintza murrizteak ekarriko duen eskaerari aurre egiteko, Irun eta Brinkola arteko zenbait tren konposizio bikoitzean ibiliko dira. Halaber, aldiriko bidaiariek Media Distanciako trenak erabili ahal izango dituzte.
Distantzia Luzeko eta Ertaineko trenek ez dute maiztasun kopurua aldatuko bi noranzkoetan, baina bidaia-denbora 8-10 minutu luzatuko dute batez beste.
Lanak irauten duen bitartean, Intercity tren hauek autobusez egingo dute ibilbidea:
• 11:30ean irtengo da Donostiatik.
• 16:45etan irtengo da Gasteiztik.