Eskualdeari begira, Aizkardi eta Euskalduna mendigoizaleen elkarteko hainbat mendizale saritu zituzten.
Horietako batzuk agertu ziren Leidor antzokian: hain zuzen, Aizkarditik: Martxael Pita, Xabier Azurmendi, Gema Berasaluze, Jone Iguaran, Xabier Berasaluze, Jose Manuel Urkola eta Gotzon Larrea. Euskaldunatik, berriz Jose Luis Eraso, Maria Jesus Irazusta, Javier Gallo, Antton Arin eta Nieves Agirretxe.
Ekitaldira bertaratu ezin izan zuten Aizkardiko Bixente Iguaran, Jose Luis Iraola, Maddi Bengoetxea eta Gregorio Ugartemendiak ere jaso zuten oroigarria.
Leidorren egindako ekitaldian, ikur oroigarri bana eman zieten mendizale beteranoei, egindako ibilbidea aitortu nahirik, Euskal Herriko eta Gipuzkoako mendi federazioetako ordezkarien, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatearen, Zigor Egia Euskal Mendizale Federazioko presidentearen eta Alberto Iñurrategi mendigoizalearen eskutik.
Euskal Herriko Mendizale Federazioaren mendeurrenaren ospakizunen harira antolatu zuten ekitaldia Tolosan.
100 urte 100 mendi
Bestalde, eta mendeurrenarekin lotutako ospakizunekin jarraituz, apirilaren 28an, “100 urte 100 mendi” ekimena antolatu zuten Nafarroako eta Euskadiko Mendizaleen Federazioek, eta bat egin zuten Euskal Herri osoko 115 klubetako mendizaleek.
Era horretan, makina bat mendi taldetako mendizaleek zazpi herrialdeetatik aukeratutako 100 tontorretara igo, eta argazkia atera zuten ehungarren urteurreneko bandera eskuetan zutela. Hortaz gero, efemeridea oroitzeko, bi mila mapa egiteko asmoa dauka euskal federaziak.
Aizkardiko kideak, ekimenara batu, eta Zuberoan kokatzen den Etxekortera (1.206 m.) igo ziren.
Buruntzaldeko eta Aiztondoko mendiei dagokionez, Adarra eta Hernio hautatu zituzten ehun horien zerrendan sartzeko: Hernio eta Adarra hain zuzen. Hernaniko Mendiriz Mendi elkarteko mendizaleek hartu zuten Adarrara igotzeko konpromisua, eta Herniora, berriz, Itxastarrak (Trintxerpe) eta Mendizaleak (Herrera) elkarteko kideek.