Zestoako Iraeta auzoan autoa utzi eta Urola ibaiaren meandroari jarraituta hamar minutuko ibilbide gozagarria eginda iritsi dira Euskal Herriko hainbat txokotako herritarrak Amilibia baserriaren lurretara. Amillubi proiektu kolektiboa martxan jarri dela ospatzera doaz Udaberriko Lurra Taupaka festara eta bertan topatu dutenak sorpresa oso goxoa eragin die barruan. Zelai ederra mendiz eta basoz inguratutako paisaia aberatsean, eta Amillubi proiektuko kideek modu berezian atondutako jai azpiegitura: lasto fardoek eutsitako anfiteatro txiki bat eszenatoki aurrean; karpa txikien azpian mahaiekin sortutako txokoak; oihal koloretsuak eta sonbrillak nonahi zelaian etzan nahi dutenentzat; bertako edariak zerbitzatzen dituen txosna; haurren jolasgunea; Palestinako bandera oholtzan; Otxantegi Herri Lurrak proiektuari babesa erakusten dion pankarta eta beste mezu hauek dituztenak ere bai: “Baratzea duen herria ez da gosez inoiz hilko”, eta “Agroekologiatik askatasunera”
Natur eremuan eta eguzkia lagun, giro lasaia eta atsegina sortu da hasieratik partaideen artean, egunean zehar berotzen joan da, eta iluntzean izan diren euri zaparradei karpen azpietan elkarrekin dantzan eman diote amaiera apoteosikoa jaiari. Bazkaritan 200 pertsona batu direla eman du jakitera antolakuntzak, eta horiez gain beste 50 inguru pertsona izan direla goiz pasa egin dutenak, eta beste hainbeste arratsaldean bertaratu direnak. Biolur laborantza ekologikoa sustatzen duen elkartea da Amillubi proiektuaren bihotza, eta antolatzaileek nabarmendu dute Udaberriko Lurra Taupaka festan izan den jende gehiena ordura arte Biolurren batzarretan egon gabea dela, profil urbanoa duena, eta oso positibo baloratu dute hori, erakusten baitu Amillubi proiektuaren funtsetako bat: elikadura burujabetzaren bueltan laborariak eta kontsumitzaileak elkarlanean jarri dituela.
”BI URTEAN ORDAINDU BEHARKO DUGUN DIRUAREN ERDIA LORTU DUGU”
Amillubi proiektua zertan den eta bere izaera zein den azaldu diete goizean festara bertaratu diren herritarrei, berau martxan jartzen lanean ari diren talde eragileko hainbat kidek. Bost hektarea baso eta lau hektarea laborantza lurrek osatzen dute oraingoz Amillubi proiektua. Ibaiaren ertzean egotea altxorra da laborantzarako. Amilibia baserriak bi bizitza ditu eta horietako bat da Amillubi proiektuak eskuratu duena; beste erdia Biolur elkarteko kide den familia batek erosia du eta ortu ederra du martxan Amillubi proiektuaren ondoko lurretan.
Kideek azaldu dutenez, Amillubi proiektuak 390.000 euro behar ditu lurrak, baserria eta baserriaren konponketak ordaintzeko. Baloratu dute baserria saldu dien familiak bi urteko epea eman diela ordaintzeko. “Gure helburua proiektua zorpetu gabe abiatzea da”, azaldu du Amillubiko kide batek. Finantzazioa lortzeko hainbat bide dituzte martxan: herritarren artean diru bilketa kanpaina abiatu zuten abenduan eta maiatza bukaerarako 150.000 euro lortzea jarri zuten erronka. Lerro hauek idaztean 110.000 euro ziren bertan jasotakoak (www.amillubi.eus helbidean egin daiteke ekarpena). Horrez gain, udal, erakunde eta enpresetara jo dute proiektuaren berri ematera eta sustengu bila. Kideek adierazi dute gaur gaurkoz finantziazioaren erdia lortua dutela eta horrek arnasa eman diela bide hori lantzen jarraitzeko.
Bakoitzak bere etxean egiten duen laborari edo abeltzain lanaz gain, Amillubi proiektuko bileretan eta lanetan martxa handia daramate talde eragilea osatzen duten hamabost lagunek. Proiektua ezagutzera emateaz eta diru bilketa egiteaz gain, Amillubiko lurra martxan jarri dute udaberrirako. Horretarako, hainbat auzolan egin dituzte, orain arte Biolurreko bazkideen artean, lurra prestatzeko eta azpiegiturak atontzeko. Porru haziak erein dituzte, landare ekologikoak lortzeko dagoen hutsunea ikusita, behar horri erantzuteko asmoz. Behin auzolanei martxa hartuta, aurrera begira deialdi irekiak egingo dituzte, nahi duten herritarrek ere parte hartzeko aukera izan dezaten. Artoa eta babarruna ereitea izango da hurrengo auzolana.
Azpiegituran egin dituzten txukunketen artean, berritzaileena azaldu diete Udaberriko Lurra Taupaka festan bildu diren herritarrei: Amilibia baserriaren komun eta arraskako “grisak eta beltzak”; tratatzeko fitodepurazio sistema. Baserriaren parean hareaz eta horren antzeko testura duten gaiez osatutako eremu bat prestatu dute, eta bertan hainbat landare landatu dituzte. Ura bertatik pasatuarazten dute eta prozesu horren ondorioz ur depuratua jasotzen dute, ondoren kanalizatzeko.
“Jende askok galdetu digu baserria zertarako erabiliko dugun. Gure lehentasuna lurra da, eta oraindik ez dugu eraikinari lotutako proiekturik zehaztu. Pentsatzen dugu gune zabal bat atonduko dugula, bertan ikastaroak eta topaketak egin ahal izateko”, aurreratu du Amillubiko kide batek.
BIBA BESTA
Adin guztietako herritarrek gozatu dute Udaberriko Lurra Taupaka festaren egitarau oparoa. Antolatzaileek asko eskertu diete artistei haien inplikazioa, musutruk egindako lanari esker, egun horretan bildutako ekarpenak Amillubi proiektura bideratuko baitira. Festa betea izan da, bor-bor egin du umorez, ikuspegi kritikoz, soinuz eta bibrazio onez. Herritarrak asmatuko du artista hauen hurrengo emanaldietara joanda: Tantai kooperatibarekin baso bainua; Enekoach-ekin (Antton Telleria) lurrarekin konexio umoretsua; Euskal Herriko Batukada Feminista Sarearen emanaldia; Itziar Saenz de Ojerren clown ikuskizuna; Beatriz Egizabalen bakarrizketa umoretsua; Mejillon Tigreren poesia errezitaldia eta musikari hauen kontzertuak: Pelax, Babarrunba eta 3zur. Amillubi lantaldeak iragarri du udaberriro festa egiteko asmoa duela (festa hau izan da Udaberrikoa; udazkenean jardunaldi batzuk egingo ditugu hausnarketara begira. Udaberrikoa festa, udazkenekoa hausnarketa, eta hau urtero errepikatu), beraz, izango dira aukera gehiago Amillubi bertan gozatzeko eta sustengua erakusteko. Lehen festa hau gozatu duten hainbat herritarrek zera adierazi dute kamera aurrean, festara etortzeko haien motiboez eta Amillubi proiektuaz galdetu zaienean: “Lurra babestea lehentasuna da garai honetan”, “elikadura burujabetza estrategikoa da”, “lurrarekin errespetuzkoa den laborantza ezinbestekoa da”, “lurra ondare komun bihurtzea funtsezkoa dela”, “proiektua kolektiboa izateak balio handia du”, eta ia denek nabarmendu duten ideia hauxe: “Horrelako proiektu gehiago behar ditugu”.
AMILLUBIREN AURKEZPENAK
- IRUÑEA: Maiatzak 14, 18:30ean Geltokin.
- HONDARRIBIA: Maiatzak 21, 11:00etan BDSKoopen.
- DONOSTIA: Maiatzak 23, 18:00etan Teila Fabrikan.
- ALGORTA: Maiatzak 29, Azebarri Kultur Elkartea, 19:00
AMILLUBIREN KAMISETAK SALGAI
Laborantza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteak eta ARGIAk elkarlanean atera dituzte kamiseta hauek.
22 euroan daude salgai eta erosita ekarpena egingo diezu Amillubi eta ARGIA proiektuei.
DISEINUA ETA AUKERAK: Ione Larragoren ilustrazioa eta “Lurra Herriari Deika” leloa daramatzate. Bi kolore daude aukeran: gordin naturala eta kafesne kolorea. Forma bera dute denek, zabala.
SALMENTA PUNTUAK: Amillubiren aurkezpenetan, azoketako Biolur kideen mahaietan eta ARGIAren Azokan: azoka.argia.eus helbidean.