Musikaldi, bi urtez behin Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak egiten duen topaketa, Ibarran eta Tolosan ospatuko da aurten. Tolosako Eduardo Mocoroa eta Loatzo Musika Eskolek antolatu dute jaia, elkarlanean, bi herrietako udalen babes eta laguntzarekin.
Musikaren jaialdi erraldoiaren aurkezpenean, gertutatzeko gonbita luzatu zuten bi musika eskoletako arduradunek eta baita Tolosa zein Ibarrako udal ordezkariek ere. Egun osoan zehar, 15 musika genero eta estilo ezberdinetako 200dik gora taldez gozatu ahal izango da. Horien artean daude, besteak beste, musika bandak, ganbera taldeak, dultzaina, akordeoi, txistulari edota harizko taldeak, konboak, abesbatzak eta dantza taldeak (balleta, euskal dantza, garaikidea...). Behar bereziak dituzten ikasleen 100 kidetik gorako bandak ere parte hartuko du.
Zortzi gune
Zortzi gune ezberdinetan izango dira kontzertuak, goiz osoan zehar. 10:00etan emango zaio hasiera jaialdiari Zumardi handian, behar bereziak dituzten ikasleez osatutako bandaren kontzertuarekin. Ondoren Alurr eta Udaberri dantza taldeen emanaldia izango da. Ekitaldi berean, pertsona edo talde batek Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen ohorezko izendapena jasoko du, euskal kulturari egindako ekarpenagatik; eta bi urte barru Musikaldi antolatuko duen herriak ere lekukoa hartuko du.
Tolosan, beste lau gunetan izango dira emanaldiak: Topicen ganbera-musika kontzertuak eskainiko dira; Alondegiaren eta Frontoiaren artean, banda eta konboak arituko dira; Herrikide ikastetxean abesbatzak eta akordeoi taldeak elkartuko dira, eta Leidorrek ballet eta dantza garaikideko emanaldiak jasoko ditu.
Ibarran, Azkue plazan, euskal dantzak eta txistuak izango dira; Udaletxeko plazan, bandak eta soka orkestrak eta Emeterio Arresen, abesbatzak eta trikitixak. Horrez gain, kaleetan zehar hainbat kalejira egingo dira musika banda eta akordeoi, dultzaina eta trikitixa taldeekin. Arratsaldean jaiak jarraipena izango du, Ibarrako kaleetan, Distopia elektrotxarangaren erritmoan.
Egun horretan, gainera, Musikherria ere ospatuko da Tolosan, kaleko musikaren eguna, eta are musikari gehiago batuko ditu kaleetan egun osoan zehar.