[Zozketa]

Euskal  Herria Zuzenean  jaialdira, Aiurriren eskutik

Alba Cabrera Jauregi 2024ko mai. 31a, 07:48

Ekainaren 28tik 30era EHZ ospatuko da Arberatze-Zilhekoan. Bi sarrera zozkatuko ditu Aiurrik, harpidedunen artean.

Udako sasoiari begira egongo dira asko eta asko, maiatzaren ekuatorea igaro berri den honetan. Hori horrela, ezin aipatu gabe utzi lehen begiradatatik ere ihes egiten ez duen hitzordu bat: Euskal Herria Zuzenean jaialdia. Ekainaren 28tik 30era bitarte, askotariko euskal kulturazaleak gerturatuko dira Arberatze-Zilhekoara (Nafarroa Beherea), gora-behera, ezker-eskuin, Euskal Herriko zazpi zirrikituetatik. Arrosa, Indauze-Mendi, Heleta, Lekorne, Baigorri, Baiona, Itsasu, Irisarri… Ia hiru hamarkadako ibilbidea osatzera doala, Arberatze-Zilhekoak hartuko du lekukoa, jaialdia antolatzeko.

Joan den astean iragarri zuten estreinakoz egitaraua, eta eskuragarri daude, jada, hitzordu guztiak: hitzaldiak, tailerrak, ikuskizunak, eta baita ekaineko azken asteburuan jaialdian geldialdia egingo duten musika-taldeak ere. Sona handiko euskal artistak egongo dira, beren uzta berria erakusteko nahiz hamarkada luzeko ibilbidearen kronika taularatzeko asmoz, besteak beste: Belako, Haira, Pelax, Su Ta Gar, Gorka Urbizu, Anari, Broken Brothers Brass Band, Janus Lester, Benizze, Ezezez… Musika elektronikotik, gitarra akustikora bitarte, Euskal Herriak dituen askotariko melodiek bat egingo dute Arberatze-Zilhekoan, ekainaren amaieran.

Boluntarioak, ezinbesteko

“Euskal Herria zuzenean ez da besta bat besterik”, dio antolatzaile-taldeak, “baizik eta elkar trukaketa eta gogoetarako benetako bektorea”. Euskal Herriaren “identitate plurala” irudikatzeko xedea du, honako balio hauek bultzatzeaz gainera: feminismoa, antikapitalismoa, ekologia, askatasun sexuala, justizia soziala, internazionalismoa, kultura-aniztasuna eta bazterketa-modu guztien aurkako borroka. Autogestioa oinarri bezain helburu, dozenaka kidek hartzen dute parte, borondatez, hasi eta buka, hiru eguneko asteburu horren antolaketan. Horrela, ezinezkoa litzateke jaialdia gauzatzea, bezperako hilabeteetan zein hiru egun horietan osatzen den boluntario-sareagatik izango ez balitz. Hori dela eta, sarrerak erostearekin batera, laguntzaile izateko aukera ere zabaldik da, oraindik.

Bi sarreren zozketa

Orotara, hiru eguneko sarrerak 60,50 euroko kostua izango du. Dena dela, asteburu osoan bertan egoteko asmorik ez dutenek ere aukera izango dute eguneko txartela erosteko: ostiralean zein larunbatean, 22,5 euro ordainduta. Eta, igandean, berriz, 17,5 euroko balioan. Esanak esan, saria dakar Aiurriko harpidedun izateak: bi sarrera zozkatuko dira parte hartzen duten harpidedunen artean. “EHZ” gakoa erabili beharko dute horretarako. Nola parte hartu, baina? Hiru bide dituzu, irakurle: 619 163 537 zenbakira whatsapp mezua bidalita, diseinua@aiurri.eus helbide elektronikora idatzita edo 943 300 732 telefono-zenbakira hots eginda. Horrela, ekainaren 6ko hamaboskarian iragarriko da bi sarrera horien irabazlea. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!