Elkarretaratzea deitu dute, Tolosako Osteopataren kasua salatzeko

Ainhoa Gil 2024ko mai. 24a, 10:06

Tolosaldeko Mugimendu feministak elkarretaratzeko deia egin du,  Tolosako Osteopataren biktimei babesa eman eta kasua salatzeko. Maiatzaren 28an egingo da, Tolosako Emakumeon Plazan.

Tolosaldeko feminista taldeek agerraldia egin zuten atzo Tolosan, maiatzaren 28ko elkarretaratzea iragartzeko:

"Gaurkoan, Tolosako osteopatak egin dituen sexu-erasoak mahaigaineratzera gatoz. 

Gaurkoan, mahaigaineratzearekin batera, kalera irtetearen beharra azpimarratu nahi dugu. 

Datorren maiatzaren 28an lehen salaketa jarri zenetik lau hilabete beteko dira. Guztira, hamar emakumek* salatu zuten sexu-erasoa eta gaurkoan, erasotzailea behin-behinean espetxeratua dago. Bizi dugun sistema judiziala oso gogorra da eta gure babesa helarazi nahi dizuegu prozesua bizitzen ari zaretenoi. 

Txalotzekoa da gizon honen erasoak jasan dituzuen emakumeok eman duzuen urratsa. Elkartu eta ahalduntze ariketa eredugarria egiten ari zarete. Baina txalotzearekin ez dugu nahikoa; hitzetatik ekintzetara jo behar dugu. Horretarako, datorren maiatzaren 28an eskualdeko elkarretaratzea gauzatuko dugu Tolosako Emakumeon Plazan arratsaldeko 19:00tan. 

Guk sinisten dizuegu, zuekin gaude, eta zuekin egongo gara!"

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!