“'Enkantea' euskarazko misteriozko podcast-a izango da”

Irune Alfonso 2024ko eka. 12a, 11:16

Enkantea proiektuaren bidean asko disfrutatzen ari dira Arrastoa eta Urkola.

Tabakalerak eta EITBk elkarlanean antolatutako "AUDIOGILE BERRIAK" deialdiaren helburua euskarazko soinuzko fikzioa sustatzea da. Garazi Urkola eta Hodei Arrastoa aktore eta sortzaileek  euren proiektua garatu dute.

Hodei zu aritua zara gidoigintzan, Garazi zuk lehenagotik esperientzia bazenuen? 

Garazi Urkola: Gidoi aldetik Lezoko antzerki testu laburren lehiaketan parte hartu nuen eta nire testua finalerako aukeratua izan zen. Bestela etxean asko idatzi izan dut. 

Hodei Arrastoa: Elkarrekin bost ipuin idatziak ditugu; oraindik ateratzeko dago eta norbaitek erosteko esperantza dugu, kar kar kar. Bestela, antzerkigintzan idazten aritu naiz eta gero obra horiek zuzendu ditut. Zarata proiektuko testuak ere nik idatzi ditut audio-gida bezala, eta lehiaketetan ere parte hartu dut. 

Bien artean ongi moldatzen zarete orduan. 

G.U.: Elkarrekin egin genuen lehen proiektua Zarata izan zen eta gerora "Iraitz" bost ipuinak idatzi ditugu elkarrekin eta hemen lana nola egin ikusi genuen. Astean behin elkartzen gara eta bakoitzak idazten duena zuzentzen dugu, konfiantza guztia dugu elkarrekiko. Deialdian aurkezteko, argumentu guztia idatzita izan behar genuen. 

H.A.: Idazteko sistema bat aurkitu dugu. Drive batean idazten dugu bakoitzak nahi duen momentuan, eta gero, elkarrekin bilerak egiten ditugu gure galderak, zalantzak galdetzeko eta gauzak adosteko. Whatsapp audioak ere asko erabiltzen ditugu eta libre sentitzen gara bata bestearen gauzak aldatzeko. Helburu berdina dugu biok, ahalik eta istorio hoberena sortzea, orduan, zerbait aldatu nahi dugunean argudioak ematen ditugu eta beldurrik gabe aldatzen dugu. 

Zertan datza "Enkantea" zuen istorioak?

H.A.: Duela 100 bat urte dago kokatua, 1920an. Jauregi batean, Galarreta jauna eta anderea bizi ziren. Galarreta jauna bitxigile oso ospetsua zen, mundu osoan zehar ezaguna eta duela urtebete hil zen. Urteurrena izango da orain, eta Galarreta andereak senarraren ezagunak gonbidatuko ditu jauregira, asteburu bat pasatzera. Aitzakia horrekin, enkante txiki bat antolatuko du lagunen artean, bitxigilearen azken artelana saltzeko. Gonbidatuak jauregira etorriko dira eta enkantea hasi baino ordubete lehenago lapurreta gertatuko da, bitxia desagertuz. Ondoren, gonbidatuen tartean dagoen Otsoa andere ikertzaileak ikertu egin beharko du.

G.U.: Misteriozko podcast bat izango da. Zerbait klasikoa baina gaur egun eratua. Genero honetan ez dago euskarazko edukirik eta audioa izanik erronka polita iruditu zaigu.  

Nola dago banatua istorioa?

G.U.: Guztira zortzi kapitulu izango dira 10-15 minutuko iraupenekoak. Guztira ordu bat eta erdiko istorioa izango da.

H.A.: Lehenengo kapitulua eta azkenekoa izango dira luzeenak, zentzua dauka. Pertsonaia asko dira eta pertsonaia guzti horiek aurkezteko erabiliko dugu lehenengoa. Eredu tradizionala egin dugu, planteamendua, korapiloa eta askaera dauka. Amaierako kapituluan berriz, guztia azalduko da.  

Proiektua garatzeko 3 hautatuen barruan egon zarete. Aukeratuak izatearen ondorioz, otsailetik maiatzera lanean aritu zarete. Zer ikasi duzue? 

G.U.: Mentore bezala Harkaitz Cano izan dugu eta hiruzpalau bilera izan ditugu berarekin, guk idatzi eta berak bere iritzia, erreakzioa ematen zigun. Asko ikasi dugu eta zoragarria izan da kanpoko begirada bat edukitzea. 

H.A.: Oso eskuzabala eta umila da eta jakintza handia duenez, oso argi ikusten ditu gauzak. Hiru edo lau hilabete izan ditugu idazteko eta prozesu horretan, ULU Media Lasarteko estudiora bisita bat egin dugu, potcastak nola grabatzen diren ikusteko. Oier Aranzabalek erakutsi zigun euren estudioak nola funtzionatzen duen eta orain estreinatu berri duten Edem podcasta erakutsi zigun. Audio zatia jartzen ziguten eta gidoia irakurri genuen, orduan, gidoia ikusita ikasi genuen podcast bateko gidoiak nolakoak diren. 

Soinua sortzeko zer sistema erabiltzen duten ikasi dugu, ezaugarri tekniko asko ezagutu eta pentsatzen ez genituenak ikasi genituen eta mundu zabala ireki zaigu. Soinua egin behar duzu: elkarrizketa honetan bertan kotxeak entzuten ari gara, katilu baten soinua dago, bizilagunak arropa astindu du... gauza asko sar daitezke. 

G.U.: Guztia oso kotatuta jarri behar duzu. Eta soinu hori erabili dezakezu tonu dramatikoa emateko. 

H.A.: Spoilerrik egin gabe; 7. kapituloa soinu aldetik oso apala ikusten genuen eta ideia batekin konturatu ginen tentsio dramatikoa sortu genezakela, hau da, soinu giroa sortzeaz gain, bilatu nahi dugun emozio hori lortzea. 

Horrez gain, masterclass bat ere izan genuen Jose Antonio Ledorekin; HBO, Amazon Prime eta horrelakoetan lana egiten du eta duela gutxi Carlos Bardem-ekin podcast bat egin du. Pertsonaia asko dituzunean karakterizazioaren garrantzia erakutsi zigun, kasu honetan, ahotsean, noski. Idazteko orduan eta ondoren, ekoizteko orduan kontuan hartu beharreko gaiak landu genituen berarekin. 

Fikziozko ikus-entzunezkoetara ohituak gaude. Entzumena bakarrik lantzean, orduan, detaileetan dago gakoa. 

H.A.: Kotatze asko eta asko sartu behar izan ditugu gure istorioan gauzak ongi definitzeko. Adibidez, gure pertsonaia hitz egiten hasi da eta gela batera sartu da lehen ez zegoelako bertan, ba, akotatu egin behar duzu pausuak entzun direla, atea itxi duela...

G.U.: Hitz egiteko garaian ere kotatzeak oso garrantzitsuak dira. Zentzua izan behar du guztiak, ikus-entzunezkoetan badakigu norbait haserre dagoela ikuste hutsarekin, baino audioan ezin dugu jakin. Pertsonaiengatik datorren guztia audio bitartez eta testuaren bitartez adierazi behar da, guztia entzumena da. 

Gidoia aurkeztu ondoren, hiru proiektu horietatik Etb-k bat aukeratu zuen ekoizteko. Ez zenuten irabazi, baina, zuen proiektua asko gustatu denez, zuena ere ekoiztuko dute. 

G.U.: Oso pozik hartu dugu. Konpromisoz proiektu bat zeukaten ekoizteko eta bigarren bat aukeratu dute benetan asko gustatu zaielako. Benetan pozgarria iruditzen zait. 

H.A.: Sortze prozesua Xabi Paya eta Iñaki Cidekin egin dugu eta bilerak egiten genituenean besteak zertan dabiltzan ohartzen zara. Xabi Payak hizkuntza oso ongi dominatzen du, bertsolaria da, euskara maila oso handia dauka eta horrek interes handia sortu du. Ideia berriak izaten dituzu bidean, baina guk gurearekin jarraitu behar dugu.

 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 650 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!