Orotara 48 bertsolarik hartuko dute parte hamasei saioz osatutako bidean. Bada, udaberritik datoz kantari horietako 34 bertsolari, Gipuzkoa Bertsotan deitutako sailkapen-fasean eskuratu baitute udazkenean bertsotan aritzeko txartela. Beste 14 protagonistek, berriz, orain bost urteko lehiaketan irabazi zuten aurtengo txapelketarako aulkia. Beterrira nahiz Aiztondora begiratuta, lau ordezkari izango dira oholtza gainean:
Amasa-Villabona
- Beñat Iguaran Amondarain: irailaren 21ean, Lazkaon.
- Oihana Iguaran Barandiaran: urriaren 27an, Irunen.
Urnieta
- Andoni Mujika Izagirre: irailaren 29an, Andoainen.
Zizurkil
- Unai Mendizabal Jauregi: irailaren 14an Urretxun.
Errimen lapikoa
Bertso-eskoletan ipini nahi izan du arreta aurtengo edizioan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako antolakuntzak, mende erdi igaro baita lurraldeko lehen bertso-eskola sortu zenetik. Horrela, sasoi horretako argazki historiko bati tiraka ondu du Unai Gaztelumendi bertsolari eta ilustratzaileak aurtengo lehiaketaren iruditeria.
Sarreren salmenta
Gaurtik aurrera, eskuragarri izango dituzte bertsozaleek sarrerak, HEMEN klik eginda. Ohikoa den bezala, prezio berezia izango dute elkarteko bazkide direnek zein gazteek.
Informazio gehiago, datorren hamaboskarian