"Gimnasia erritmikoa exijentzia handiko kirol jarduera da"

Jon Ander Ubeda 2024ko uzt. 5a, 08:00

Sekulako denboraldia egin du Eider Cea Lopez urnietarrak, Gipuzkoako eta Euskadiko gimnasia erritmikako txapelketak irabazita. Izurde taldeko haurren prestatzailea da, Urnietan. Lehian, Andoaingo Oskarbi ordezkatzen du

Eider Cea Lopez hogei urteko gaztea Urnietan bizi da. Marketing ikasketak amaituta, ikasten jarraitzea da bere asmoa. Gizarte integrazioa du buruan.

Euskadiko txapelduna zara, kontaiguzu esperientzia.

Durangon ospatu ohi da, beti, Euskadiko finala. Aurtengoa ekainaren 1ean izan zen. Senior mailako txapela lortzea gauza handia da. Aurten, denbora tarte luzea eskaini diot, entrenamendu asko egin ditut, gehien-gehienak Andoaingo Allurralde kiroldegian. Finala iritsi bitarte, lan handia egin dugu.

Prestaketa saio horien ondorioz iritsi da saria.

Zuen jardueran, behintzat, bistakoa da lana eginez, soilik, iritsi daitezkeela fruituak.

Hori da. Lan gogorraren ostean iritsi da txapela. Astean hiru egunez egin ditut prestaketa-saioak, eta saio bakoitzaren iraupena bi ordukoa zen.

Nola gogoratzen duzu finala?

Oso urduri jartzen naiz txapelketa guztietan, baina aurten entrenatzaileak eta taldekideak alboan nituen eta hori niretzat lagungarria izan zen. Haien ondoan urduritasun gutxiago izan nuen. Laguntza handikoak izan ziren.

Zein sentsazio duzu zuk?

Aurten maila bat gora egin dudala nabaritzen nuen. Hobekuntza horren jakitun nintzen, beraz.,Euskadiko txapelketarako lanketa berezia egin genuen, zailtasun handiko jauziak, "Riesgo" eta "Giro FouettÈ" izenekoak nire saioan txertatuta. Finaleko ariketa amaituta, pozik nengoen egindako lanarekin. Baina ez nuen nire burua txapeldun irudikatzen. Gipuzkoako txapela irabazita iritsi zen Euskadiko finala, baina egin kontu Araban eta Bizkaian maila oso ona dagoela. Espero nuen sailkapenean gora egitea, baina irabaztea ez nuen guztiz garbi.

Saioa bikain egiteko ariketa osoan fin-fin aritu behar da. Ondo barneratzen dituzu memorian xehetasun guztiak?

Bai, horretan ondo moldatzen naiz. Oso erraza egiten zait dantza ikastea.

Finalean, ba al zenekien saio bikaina egin zenuela?

Gustura, oso gustura nengoen egindako saioarekin. Baina irabaz nezakeenik ez nuen uste.

Urte osoan Urnietako gaztetxoen trebatzaile aritzen zara.

Urnietako kiroldegian aritzen naiz Izurde taldekoen trebatzaile lanetan, 6-11 urte artekoekin. Oso gustuko dudan lana da, haurrekin egotea gogoko dudalako eta gimnasia are gehiago maite dudalako. Atsegina izaten da, bai.

Umeak trebatzen zure iragana biziberritzen duzu, hainbatetan?

Bai, guztiz. Pentsa, 5 urterekin murgildu nintzen gimnasian. Oso gogoko izan dut betidanik, eta adin horretan agertu ohi den jokabidea eta gogoa antzekoak izaten dira.

Allurralden egin zenuten erakustaldian, trebatzaileen ondoan jarrita, ikusgarria da egiten duzuen lana. Haur txikiak zuen aurrean izaten dira, eta zuek ere dena ematen duzue.

Polita da, eta guk ere tentsio-puntu hori izaten dugu. Jende askoren aurrean aritzen dira, urduri antzera dabiltza eta guk gidatu behar ditugu saioan.

Gimnasiaz gain, zein kirol jarduera duzu gogokoen?

Iraganean, gimnasia balletarekin eta eskubaloiarekin uztartu nituen, baina, orain, gimnasian nabil, buru-belarri.

Adinean aurrera joan ahala zailtzen al doa zure kirol jarduera?

Erritmikoa egiten ondo nabil, ez naiz oraindik ezinean sentitzen.

Eta zein izan zen gimnasian murgiltzeko arrazoia?

Gimnasia artistikoa egitea zen nire lehen asmoa. Ama aritutakoa zen eta sarritan gogorarazten zidan hori. Amak bezala, neuk ere gimnasia egin nahi nuen, baina erritmikoaren bidea hautatu nuen.

Egiten duzuna nola definituko zenuke?

Zaila da, zailtasun handiak dituelako. Arte jarduera bat da nire ikuspegitik, dantzak garrantzi handia duelako. Era berean, exigentzia handiko kirol jarduera bat da.

Zenbateraino eragiten dizu gimnasiak egunerokoan?

Astean hiru-lau alditan egin behar ditut prestaketa saioak, malgutasunari eutsi nahi badiot. Etenik gabe buruan dut gimnasia erritmikoa.

Izan al duzu lesiorik?

Iazko irailetik hona, belauneko ligamentuekin arazoak izan ditut. Arrastaka izan dut denboraldi osoan, baina, orain, hobeto nago. Denbora eta atsedena eskaini behar diot, erabat osatu nahi badut.

Gimnasian aritzeak beste jarduera batzuk egiteko zenbateraino da muga?

Beti buruan dut gimnasia, eta txapelketa garaian oso kontuan hartzen dut. Baina normalean ez naiz planak egin gabe geratzen. Kontuz ibiltzea, hori da buruan izaten dudana.

Ama aipatu duzu, lehenago. Hein batean, haren bideari jarraipena eman diozu zuk. Zer dio, orain, amak?

Oso harro daude. Ama aipatu dut, baina familia osoa etorri ohi da ni ikustera. Izeba ere, amaren ahizpa, gimnasta izan zen eta nire jarduera oso gertutik jarraitzen du. Urteak igarota ere, oso gustukoa dute gimnasia.

Erakustaldirik egin al duzu Urnietan, sorterrian?

Txikiekin egin dugu erakustaldia, baina nik neronek ez dut oraindik egin. Tapizak jarri behar dira, musika aparailua, beste batzuen artean; oso ondo pentsatu behar dugu, egin aurretik.

Urnietan bizi zara.

Halaxe da, betidanik hemen bizi izan naiz. Aisialdia Urnietan igarotzen dut lagunekin, eta tarteka, Andoain aldera joaten naiz Oskarbi taldeko lagunak Andoaingoak baitira.

Denboraldi berrirako zein da zure asmoa?

Hitz egin dut entrenatzaileekin eta datorrenean ere egindako lana jendaurrean eta lehiaketetan erakusteko asmoa daukat. Egiten dudan horretan gustura aritzea da nire asmoa. Aurten egindakoari segida eman nahi diot.

Euskadiko finala. 24/06/01. Sailkapena:

  1. EIDER CEA 41,000
  2. ADHARA SEGURADO 38,750
  3. OLATZ HERNANDO 38,650

Garaipena eztabaidaezina izan zen, puntuaketari erreparatuta. Irakurleek, akaso, ez dute jakingo gimnasia erritmikoan ariketaren bi dimentsio puntuatzen direla, exekuzioa eta zailtasuna. Bada, Eider Cea bietan izan zen onena. 40 puntutik gora lortu zituen bakarra izan zen, gainera.

Argazkiak: Andoni Etxezarreta (Oskarbi) eta Aiurri.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!