Erremonteko Jai Alai Summer Season txapelketa aurkeztu dute

Aiurri 2024ko uztailaren 4a

Txapelketa uztailaren 11n, ostegunean, hasiko da Galarretan. Bost jardunaldi eginen dira eta, azkenekoan, finala jokatuko da. Gainerako jardunaldiak uztailaren 11, 13, 18 eta 20an izango dira.

Aurten lehiaketa-sistema da berrikuntza nagusia. Lau bikotek A Torneoa jokatuko dute eta beste lauk B Torneoa. Txapelketa hasiko duten bikoteak hauek dira: Barrenetxea IV-Urriza, Juanenea-Ansa II, Azpiroz-Ezkurra II eta Aldabe-Larrañaga. Azken bikote hori da ohiko posizioak mantentzen dituen bakarra. Gainerakoak lekuz aldatuko dira; ohiko aurrelariek atzelari gisa jokatuko dute eta atzelariek aurrelari gisa.

B txapelketak formatu bera izango du, baina hemen ez da lekualdaketarik egongo eta norberak berea mantenduko du. Bikoteak honako hauek izango dira: Goikoetxea V-Eskudero, Gurrutxaga-Apezetxea, Susperregi-Aiestaran VI eta Arluziaga-Zaldua I. Jaialdi guztiak 16:30ean hasiko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!