Aldundiak ohar bidez azaldu duenez, "izokin arruntaren (Salmo salar) berreskuratzea 1990eko hamarkadan hasi zen, Gipuzkoako ibaietatik erabat desagertu baitzen, aurreko hamarkadetan bizitako industrializazioak eragindako ur-kutsaduraren ondorioz. Azken hogeita hamar urteotan egindako lanaren ondorioz, gaur egun, Gipuzkoako ibaiek espezie horretako aleak dituzte".
Lurralde Oreka Berdeko diputatuak adierazi duenez, "Aldundiak abian duen egitasmoaren dinamika da izokin basatiak arrantzatzea ibaian, foru erakundeak dituen bi harrapatze guneetan eta, ondoren, ale horiek haztegira eramatea espeziea ugaltzeko. Sei hilabeteko hazte prozesuaren ondoren, markatu egiten dira, ondoren Urumea eta Oria ibaien arroetako erreketan askatzen dira. Izokinak markatuz, itsasora irten ondoren jatorrizko lekura itzultzen diren espezie aleen kopurua kontrolatzen da. Ildo horretan, arrain haztegian hazitako aleen % 30 gure ibaietara itzultzen da; zifra hori arrakastatsutzat jo daiteke kontuan hartzen bada gainerako %70 jatorri basatikoa dela. Horrek esan nahi du gure ibaietan espeziearen birpopulatze naturala egitate bat dela".
Gaur egun, izokina hiru arro hidrografikotan dago gure lurraldean: Oiartzun, Urumea eta Oria.