Egunean Behin 2024

Altunako sagardoa, Egunean Behin 15. denboraldiko saria

Aiurri 2024ko uzt. 19a, 18:19

Aurreko igandean amaitu zen galdera-erantzunen lehiaketa eta "Aiurri" taldea osatzen duten ehunka jokalarien artean zozketa egin zen. Saria, denboraldi honetan ere, bertako produktua da: Altuna Urnietako sagardotegiko botila-sorta

Aski ezaguna da Egunean Behin lehiaketa: martxan jarri zutenetik, Euskal Herri osoan, milaka jokalari batu dira ekimenera. Taldeak sortu daitezke, eta "Aiurri" izenekoan Andoaingo, Urnietako eta Aiztondoko ehunka lagun ari dira parte hartzen. 15D denboraldi berriena hamar astez luzatu da eta lehiakideek, egunero-egunero, hamar galderei ahalik eta denbora gutxienean erantzun behar zieten.

Aurreko denboraldi guztietan, astez aste, zozketa bidez hautatzen zen sariduna. Aiurriko taldean ez baitzen puntuaketa onena saritzen, aste osoko partidak jokatzea baizik. Denboraldi honetan prozedura beretsua izan da, baina ñabardura berri batekin. Denboraldi osoko jardunbidea kontuan hartu da, eta aurreko astean bertan egin zen zozketa. Saridun gehienak argazkietan ageri dira, orrialde honetan bertan. Bi lehiakide gehiagori laster iritsiko zaie saria, egun hauetan jasotzeko ezintasuna adierazi dutelako.

Altuna sagardotegiko sagardo-botilak

Zero kilometroko produktuak banatu dira denboraldi hauetan guztietan: Arruti gozotegiko opilak, Aspilla baserriko saski ekologikoa, Mizpiradiko sagardoa... 15D izeneko azken denboraldian Urnietako Altuna sagardotegiko botilak zozkatu dira. Sari bakoitzak hiruna botila eraman ditu etxera. Uda giroan, otorduetarako osagai bikaina da sagardo frexkoa. On egin!

Denboraldi berria irailean abiatuko da, udako oporraldiaren ostean. Adi egon, beraz, Aiurrikide!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!