Julen Gabirondo, Euskal Herriko Sega Txapelketako garaile, zazpigarren aldiz

Ainhoa Gil 2024ko uzt. 20a, 20:39

Julen Gabirondo, Jokin Etxeberria eta Mikel Lizartza lehiatu dira gaur, Euskal Herriko Sega txapelketa nagusian. Zizurkilgo Nekola baserriko belazean ospatu dute txapelketa, eguraldi beroarekin. Ordubeteko lana egin dute segalariek, eta ia hasieratik hartu du aurrea segalari urnietarrak.

Ordubeteko lana amaituta, pisaketa lanak egitea besterik ez zen falta. Beste bi segalariek baino sail handiagoa ebaki du Julen Gabirondok. Emaitza guztiak jasota, txapela jantzi du urnietarrak. Euskal Herriko Sega Txapelketan, zazpigarren aldiz jantzi du txapela Gabirondok.

Jokin Etxeberria amasarra izan da bigarren postuan eta Mikel Lizartza hirugarrenean.

2159,5 kilo ebaki ditu Julen Gabirondok, 1797 kilo Jokin Etxeberriak eta 1646,6 kilo Mikel Lizartzak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!