Gipuzkoako Foru Aldundiak Andoaingo N-I errepideko 444,793 puntu kilometrikoan zubiaren egitura birgaitzeko lanak egingo ditu, Irungo noranzkoan. Aldundiak ohar bidez zehaztu duenez, “iazko udan galtzadaren plataforma altxatu eta taula birgaitzeko eta bidezubi horren euste-egiturak aldatzeko egindako lanei jarraipena emango zaie. Horretarako, uztailaren 25etik aurrera eta abuztu osoan zehar bypass bat jarriko da obraren inguruan. Garraio bereziek sartzeko mugak izango dituzte”.
Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua:
“Konplexutasun handiko lanak dira eta era jarraituan gauzatu behar dira; beraz, urteko trafiko gutxieneko asteetarako programatu diren arren, auto-pilaketa puntualak aurreikusten dira".
Gidariei ohartarazpena
- Auto-gidariak: Ibilbide hori ekidin ala garraio publikoa erabili.
- Garraiolariak: Beste bide batzuk erabili, gerta daitezkeen trafiko-pilaketak saihesteko.
Mugak, garraio bereziari
- Egutegia: Uztailaren 25etik irailaren 1era bitartean, biak barne, Beasain eta Andoain artean, ezingo dira 100 tonatik gorako pisua edo 4 metrotik gorako zabalera duten garraio bereziak ibili.
- Ordutegia: Denbora tarte horretan goizeko 06:00etatik gaueko 22:00etara, 3 metrotik gorako zabalera duten garraio berezi guztiei igarotzea debekatuko zaie.