Zabalik da Tolosaldeko euskaltegietan izena emateko epea

Aiurri 2024ko ira. 3a, 12:51

Gaur aurkeztu dituzte Tolosaldeko AEK-k eta Tolosako Aitzol udal euskaltegiak 2024/2025 ikasturtean eskualdean eskainiko dituzten euskara ikastaroak. Tolosaldeko hamar herritan eskainiko dute euskara ikasteko aukera, tartean Asteasun, Villabonan eta Zizurkilen

Asteasun egin dute aurtengo eskaintzaren aurkezpena, eskualdeko udal ordezkari eta teknikariak bertan zirela. AEKko Olatz Peñagarikanok eta Aitzol euskaltegiko Josebe Izagirrek eman dituzte beharrezko azalpenak.

Olatz Peñagarikanok  euskara ikasteko gonbita luzatu du: "Tolosaldeko herritarrek euskara ikasteko aukera bertatik bertara izan dezaten nahi dugu, eskualdean denok eroso bizi dezagun euskara; herriz herri eskolak ematen jarraituko dugu, ez dakitenek ikasten has daitezen eta pixka bat dakitenek horretan jarrai dezaten".

Eskualdeko biztanleen %14 eralduna da gaur egun, eta bereziki herritar horiei egin diete dei gaurkoan, euskara ikastera anima daitezen.

A1 mailatik C2 mailara arteko ikastaroak eskainiko dituzte bi euskaltegiek, hau da, euskara oinarritik ikastetik hasi, eta goi mailaraino lantzeko aukera izango da eskualdean. Josebe Izagirrrek azaldu duenez, "klaseak herrietan jasotzeko aukeraz gain, bertartu ezin direnek autoikaskuntza bidez ikasteko aukera ere izango dute, ikasketa metodo ez-presentzialari esker.

Matrikulazio garaia zabalik da dagoeneko bi euskaltegietan eta izena emateko aukera zabalik izango da irailaren 20ra bitarte. Dirulaguntza ezberdinak eskaintzen dizkiete udalek euskaraz ikastera animatzen diren herritarrei eta HABEk ere diruz laguntzen ditu agiri ofizial guztiak.

Tolosaldeko AEK-k eskolak eskaintzen ditu Amasa-Villabonan, Asteasun eta Zizurkilen. Ikastaro horietan izena eman nahi izanez gero, irailaren 20ra arteko epea izango da, 943 59 17 04 telefono zenbakian edota andoain@aek.eus helbidean.

Hauxe da AEKren eskaintza gure eskualdean:

Hastapen maila

  • Asteasu. Asteartea eta osteguna. 18:30-20:30.
  • Villabona. Astelehena, asteartea eta osteguna. 09:30-11:30.
  • Zizurkil. Astelehena, asteartea eta osteguna. 15:00-17:00

Oinarrizko maila

  • Villabona. Astelehena, asteartea eta osteguna. 09:30-12:00 (A2)
  • Zizurkil. Astelehena, asteartea eta osteguna. 15:00-17:00 (A2)

Erdi maila

  • Villabona. Astelehena, asteartea eta osteguna. 09:30-12:00 (B2)
  • Zizurkil. Astelehena, asteartea eta osteguna. 15:00-17:00 (B2)
  • Zizurkil. Astelehena, asteartea eta osteguna. 09:30-12:00 (B1 eta B2)

Goi maila

  • Villabona. Astelehena, asteartea eta osteguna. 09:30-12:00. (C1).

 

Tolosako Aitzo Udal Euskaltegian matrikula egin nahi izanez gero, bertara joan daiteke 09:00-13:00/16:00-19:00. Informazio gehiago: aitzolue@tolosa.eus edo 943 65 10 06.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!