Sagardoa, txuleta eta bertsoa ederki uztartzen dira Sanmielak gertu direnean. Horretara ohitu dira inguruko bertsozaleak eta, aurten ere, Aiurrik eta Poxta Zahar gazte elkarteak bertso-afaria antolatu dute. 30 euroko prezioan bapo afaldu eta bertsoez gozatzeko aukera paregabea izango da, eskarmentu handiko bi bertsolariren eskutik.
Sustrai Colina eta Onintza Enbeita ariko dira Urnietan, Amaia Agirreren gidaritzapean. Ohi bezala, afaria Oianumen izango da. Txartelak salgai izango dira, larunbatetik aurrera, irailaren 18ra bitarte; Kantoin, Matxon, Stopen eta Aiurrin.
Menu begetarianoa
Menu begetarianoa hautatzeko aukera izango dute herritarrek. Nola? Txartela erosita eta urnieta@aiurri.eus helbidera jakinarazpena bidalita. Irailaren 18ra bitarte izango dute aukera horretarako.