Bertxin XTrem, Leitzarango eskailetan lasterka

Aiurri 2024ko ira. 11a, 13:46

Bertxin XTrem lehenbiziko edizioa antolatu du Osin Trail Kirol Klubak. Leitzarango bailaran, Bertxin eta Iberdrolako indarretxeen 500 eta 1.000 eskailerak igo beharko dituzte korrikalariek. Irailaren 14an, larunbatarekin, 15:30ean hasiko da proba.

Osin Trail Kirol Klubeko kide den Paul Martin Larrañagak eman dizkio lasterketaren gaineko xehetasunak Aiurriri. Zer dela eta antolatu duten hitzordua galderari erantzun dio lehendabiziko eta behin. “Leitzarango bailaran eta eskailera horietan asko ibiltzen gara Osin Trail Klubekoak, eta gure artean maiz izan ohi ditugu xextrak, holako edo halako denbora egin dugula esanez. Ofizialki inon ez dago markatuta denborarik, eta hein batean, horrek animatu gintuen lasterketa antolatzera”.

Martinek argi utzi nahi izan du parte-hartzaileen artean, tartean mendi lasterketetan goi mailan dabiltzanak izango badira ere, herrikoiek ere berdin-berdin daukatela lekua proban.

Lehen edizioaren antolaketak aparteko ahalegina eragin diela aitortu du Paul Martinek, “besteak beste, zortzi erakunde publiko zein pribaturi gure asmoa azaldu eta horien baimenak lortu behar izan ditugu, denera; tartean dira Andoaingo eta Amasa-Villabonako udalak, Iberdrola, Aldundia eta URA”. Tramiteak tramite, Martinek gaineratu du oso gustura daudela lortu duten emaitzarekin: “ziur gaude lasterketa erakargarria eta polita egingo zaiela bai korrikalariei eta bai ikusleei”.

 

Bi igoeren batuketa

Lasterketa bikoitza izango da berez, eta kronometratuta biak. Horrela, bi igoeretan egindako denborak hartuko dira kontuan, batu egingo direla alegia.

15:30ean abiatuko da lasterketa, eta 500 eskailerak (berez, 436 eskailera dira) igoko dituzte parte-hartzaileek. Eta guztiek amaitu ostean, 1.000 eskailerei ekingo diete. Korrikalariak minutuero irtengo dira.

Denbora laburrena egiten duenak jantziko du txapela. Bestalde, sari gehiago jarri dituzte: batean zein bestean azkarrenarentzat, edota, herriko lehenbizikoarentzat.

Antolatzaileek Bordaberriko industrigunean busa jarriko dute lasterkarientzat eta baita ikusleentzat ere; hain zuzen, 13:00etan hasita, tarteka, abiatuko da bertatik. Otietaraino iritsiko da busa, eta hortik, oinez, Leitzarango erreka ondotik doan bidezidorretik, Bertxingo indarretxeraino joan beharko dute. Itzulerarako ere, busa 18:00etik 20:30era ibiliko da.

Bertaratzen diren ikusleek eskaileratan egoteko aukera edukiko dute. 500 eskaileretan, ezkerrean. Eta 100 eskaileretan, berriz, ezkerrean zein eskuinean; ezkerrean batik bat, zabala baita lekua.

Otietan bertan egingo dira dortsalen banaketa zein sari ematea. Sariak emateko ekitaldian, zizka-mizkak izango dira. Izena emateko, bi aukera jarri dituzte antolatzaileek: kronoak.com, edota, rockthesport.com.

 

Lasterketaren berri emateko bideoak

Hona antolatzaileek zabaldu dituzten bi bideo, lasterketaren berri emanez:

 

 

Sortu berria den mendi kluba

Osin Trail Kirol Kluba da Bertxin Xtrem lasterketaren antolatzailea. Mendian kirola egitea (oinez, lasterka, eskia…) gogoko duten zenbait kirolariek sortu dute Kluba.

Eratu berria da kluba esan bezala, eta dagoeneko 30 lagunetik gora egin dira bazkide bertan. Gipuzkoako beste edozein mendi elkarteren antzera, Osinek ere mendizale eta kirolari den edonori emate dio aukera bazkide izateko eta, esate batera, federazioko segurua egiteko.

Bazkideen artean, mendi lasterketetan punta-puntan dabiltzan kirolariak daude, eta hain zuzen, hamarreko taldea osatu dute jada lehiaketetan talde gisa puntuatzeko.

Osin Klubeko hamar mendi--korrikalari (Argazkia: Osin Trail Kirol Kluba)

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!