Uztailaren 30ean, asteartearekin egin zuen azken lan-eguna Antonio Rosco Fuentesek. Erretiroa hartzeko unea jada iritsi zitzaiola uste izanda itxi zuen denda urnietarrak: “Urteak erruz kotizatu izan ditut, 16 urtez geroztik aritu izan bainaiz lanean, eta iruditu zait bazela bizitzari beste norabide bat emateko moentua. Nolanahi ere, emaztea izan da azken bultzada eman didana, esanez behin bizi garela eta ez gabiltzala denboraz soberan”. Roscok, gaztetatik hasita, urte mordoa egin zuen eraikuntzaren sektorean: “Halako batean, baina, 2011ko krisia heldu zen, kale gorrian geratu ginen asko eta asko. Non edo han birziklatzea egokitu zitzaigun, eta sekula pentsatuko ez nuen sektorean, janari-dendari heldu behar izan nion. Hamar urte egin ditut Kale Nagusiko komertzioan baita pozik egin ere, egia esanda”.
Goizero 06:30ean esnatuz hasten zen lanean. Mercabugatitik elikagaiak aukeratu eta gaueko 20:00tan ixten zuen negozioa, eta gaueko 21:00ak aldera etxera erretiratu. Igandeetan ere ireki izan zuen zenbait urtetan, baina atzera egin zuen bolada bat pasata, astean egun bateko atsedenaldia sakratua zela erabakita.
Bezeroekin tratu ona
Itxi aurreko egunetan iragarri zuen jubilazioarena bezeroen artean, eta, harrezkero, ez ziren gutxi izan urreratu zitzaizkionak, Roscok aitortu duenez. “Zoriontzera eta besarkada ematera etorri zitzaizkidan gehienak, baina izan ziren penatuta zetozenak ere, galdezka ea hartaz gero nora joan behar ote zuten erosketak egitera... Batzuek zein besteek emozio handiko uneak biziarazi zizkidaten, barru-barruraino sartzen diren horietakoak”.
Bezeroekin edukitako tratu pertsonala izango da hamar urteko ibilbidearen ostean gogoan geratuko zaion oroitzapenik gozoena: “Zalantzarik gabe, hala da! Bezeroekin ongi moldatu izan naiz beti, eta beraiek ere antzera nirekin. Alde horretatik, ez daukat batere kexatzeko motiborik, aitzitik!”.
Kalitatezko generoa
Jendarte onekoa izateaz gain, kalitate handiko elikagaiak saltzeagatik famatu dute Rosco Andoainen: “Argi neukan janari-dendak berezitasunaren bat eduki behar zuela, zerbait erakargarria bezeroen ikuspegitik. Beraz, saiatu izan naiz, esate batera, baratzeko barazkiak, frutak edo lekaleak bertako ekoizle txikienekin lortzea edo Nafarroatik ekartzea, urdaitegiko produktuak Extremadura edo Salamancakoak izatea edota Urnietako Rosco enpresakoa, gaztak ere marka berezikoak izatea... Politika horren aldeko apustua egin nuen bere garaian, eta ondo irten zitzaidan”.
Etorkizun goibela, merkatari txikientzat
Kale Nagusian eta inguruetako kaleetan janari eta fruta denda ugari izanik eduki ditu ateak zabalik hamarkada oso batez, eta, hala eta guztiz ere, ez zaiola gaizki joan adierazi du Antonio Roscok. “Denentzat bazen negozioa. Aldaketa nabarmena, niretzat ez ezik gainontzekoentat ere, Illarramendiko eremuan ipini dituzten bi saltoki erraldoien irekierak ekarri zigun, eta okerrerako, noski!”.
Merkatari txikiei begira ez du aurreikuspen pozgarririk egiten Roscok. “Azkenean, ikusita dago denda bakar batzuk baino ez dutela aurrera egingo, zoritxarrez. Denda txikien kasuan, gure balioak gertutasuna eta konfiantza dira; herri bati kale-bizitza itsasten diote. Giza-komunitatea egiten laguntzen dute, eta horiek faltatzeak herriari egiten dio kalte. Esate batera, une batez itxi ditzagun begiak eta irudika dezagun Kale Nagusia dendarik gabe...”.
Jubilatuta, lasaitasuna nagusi
Roscok nahiko finkatuta dauka bere aurrera begirako bizimodua. Ezustekorik gabekoa nahi du, orain arte eduki ez duen patxada izan dadila nagusi: “Ez dut estuasunik eragingo didan ezer berezirik eduki nahi. Jaiki iratzargailurik gabe, etxeko-lanak egin, bazkaria jarri, biloba eskolatik hartu eta bere amaren esku utzi, emaztearekin paseatu... Emazteak eta biok bidaiaren bat edo beste ere egingo dugu tarteka, jakina. Lehen banituen zenbait hobby, baina bazterrean utzi behar izan ditut urteen poderioz. Behintzat, perretxikoen bilketari eutsi nahi nioke!”.