Iraileko hirugarren igandea oso jendetsua izan da Zelatunen. Eguerdian, Iturriotzeko errepidea itxi egin du Ertzaintzak eta, Andazarraten behera ere bide bazterrean aparkatutako autoz bete da errepidea.
Ansorregi eta Larrañaga trikitilariek jarri diote doinua erromeriari. Zelatungo belazeak dantzazalez bete dira eta, giro ederra sortu da inguruan. Bordetako jan-edanekin indarrak bildu eta Erniorako bideari ekin diote askok.
Datozen bi igandetan ere izango da erromeriaz gozatzeko aukera. Ostolaza eta Larrañaga arituko dira irailaren 22an, Izer eta Alabier aurtengo iraileko azken igandean.