Xabier Usabiaga kirol kazetari eta txirrindulari ohiak egin zituen aurkezle lanak: “Badakizue zergatik elkartu garen Adunan. Harrotasunez betetzen gaituen arrazoi batek ekarri gaituela esan genezake. Izaro Etxarri Aranburuk eta Eñaut Urkaregi Sanzek Munduko Junior Txapelketan pistan lortutako lorpenez ari naiz. Harrotasunez bete du herria, bailara eta hori partekatzeko elkartu gara. Izan ere, nire lagun on batek esaten duen moduan, etxetik atarira atera orduko aurkariak ateratzen dira nonahi. Eta hauek etxeko atarikoak bakarrik ez. Herrikoak ez ezik, lurraldekoak, estatukoak, Europakoak eta munduko euren adineko txirrindulari gehientsuenak menderatu egin dituzte. Ez da gero ahuntzaren gauerdiko eztula!”. Halaxe da, ez baitugu ahaztu behar junior mailako munduko txapelketan Izaro Etxarri azpitxapeldun izan zela puntuaketan, eta Eñaut Urkaregi bosgarren omniumean. Ondo merezitako omenaldia izan zen. Antolatzaileek omenaldia kirol elkarteei luzatu zieten, izan ere, harrobi lana egiten duten elkarte horiek meritu handia dute. Haiei esker sor daitezke eta txirrindulari kimu berriak. Aldagai horiek gogoan izan zituen Usabiaga aurkezleak: "Eragile bakoitzak jarri du bere aletxoa Izarok eta Eñautek lorpen horiek erdietsi ditzaten. Euren familia dago, nola ez, euren adiskideak, lagunak, euren taldeetako arduradunak eta entrenatzaileak. Euren herritarrak, euren herriak, lasterketak eta txirrindularitza babesten duten enpresa pribatuak daude”.
Adunako Udalaren izenean, Kristina Rodriguezek adierazpena egin zuen: “Zorionak eman nahi dizkiogu Izarori eta herriaren babesa, Udalaren babesa eta guztion indarra helarazi nahi diogu. Esfortzu handia egin duelako. Erorialdi asko izan ditu. Egunero-egunero kirola egiten ikusten dugu. Gure babesa eman nahi diogu Izarori, Eñauti eta txirrindulari eskolei". Bi protagonistak lotsatuta eta urduri zeuden. Ez zuten luze eta zabal hitz egin. Beharrik ere ez, esatekoa gurpil gainean egiten dutelako.
Bertso bana omenduei
Amaia Agirrek bertso bana abestu zien:
Bertso bana omenduei
Amaia Agirrek bertso bana abestu zien:
Nahiz izen batzuk inoiz ez ziren
ibiliko ahoz aho,
ta kirol batzuk ez ziren izar
periferiaz harago.
Junior mailan, pista gainean,
pedalei gogor eman heinean,
guztia da zilar margo
aurkariaren ta denboraren
aurka jokatuz pikaro,
neska askoren eredu izaten
segi ezazu luzaro.
Lanaren fruitu denez lormena,
jaso ezazu gure omena.
Bejondeizula, Izaro!
herria zurekin dago.
Euskal Herriko koloreekin
nahiz ta ez joana Txinara,
baloretan urrezko dohai
batekin zatoz plazara.
Errekor eta markak haustea,
eta goi mailan luze eustea
guztion desioa da.
Eñauti ere mila zorion
miresmen eta aupada.
Segi sentitzen bizikletaren
gurpil gaineko zirrara,
puntu gutxira geratu arren,
txapeldunetik hurrenez hurren,
sekretu txiki bat, hara:
gure txapelduna zara.