Buruntza igotzen duen mendi lasterketa antolatu du Lasarte-Oria Trail elkarteak

Xabier Lasa 2024ko ira. 23a, 13:27

Antolatzaileak Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkatearekin, lasterketa aurkeztu zutenean (Argazkia: Lasarte-Oria Trail Mendi Elkartea)

Datorren igandearekin, irailaren 29an, izango da. Lasarte-Oriatik abiatu, eta Buruntza mendira igo beharko dute parte-hartzaileek; zirkularra izango da, eta 14,5 kilometro izango ditu. Ireki dute izena emateko epea.

Elkarteak berriki aurkeztu du lasterketa, eta interesatuentzat informazioa eta izena emateko aukera zabaldu ditu bere web gunean, hemen.

Antolatzaileen hitzetan, lasterketak “ibilbide tekniko eta desafiatzailea eskaintzen du, 780 metroko desnibel positiboarekin”. Gaineratu dutenez, “oso egokia da esperientzia handiko korrikalarientzat zein hasiberrientzat, eta bidezidor, harritzar eta lokaztutako eremuetatik igarotzen da, parte-hartzaile guztientzat benetako erronka eskainiz”.

Buruntza mendiaren goiko partean, arkaitz-bidea 

 

Juan Luis de la Mata Oroituz

Aurtengo uztailean hil zen Juan Luis de la Mata, Lasarte-Oria Trail Mendi elkarteko kidearen izena hartuko du lasterketak aurtengo ediziotik aurrera.

 

Juan Luis de la Mata Buruntzako punturik altuenean, 441 metrotan (Argazkia: Lasarte-Oria Trail Mendi Elkartea)

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!