Maite Arregi, Amasa-Villabonako Euskara Teknikariak eta Igor Agirre, Galtzaundi Euskara Taldeko kideak hartu dute hitza. Arregik "egin nahi duzun hori, euskaraz egiteko" gonbidapena luzatu du eta Mintzalagunak lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean euskara praktikatzeko eta ondo pasatzeko aukera dela adierazi du. Irailean ikasturtea hasterekin batera, Mintzalagun talde berriak sortuko dira Tolosan, Ibarran, Zizurkien, Anoetan, Iruran, eta Amasa-Villabonan.
Mintzalagunean, Bidelariak eta Bidelagunak astero elkartzen direla azaldu du Arregik, astean ordu betez, hizketaldi lasaian euskara praktikatzea, lotsa gainditzea eta akatsak egiteari beldurra kentzearekin batera, hizkuntza ohiturak aldatu eta erabileran urratsak emateko helburuarekin.
Jarraian, Agirrek aipatu du asteroko zitaz gain, ikasaturtean zehar ere ekintza osagarriak antolatzen dituztela; eskualdeko bertako herriren batean bisatu gidatu bat eginez, adibidez. Iaz, Fagus, Alkizako interpretazio zentrora egin zuten bisita eta duela bi urte Amezketara joan ziren Pello Zabala gunera. Gainera, eskualdetik irteten direla ere helarazi du Agirrek, Durangoko Azokara, sagardotegia esaterako, eta, aurten ere, antzerako ekintza osagarriak egingo dituztela onartu du.
"Ia 100 mintzalagun ditugu Tolosaldean 20 talde pasatxotan banatuta. Eta begirada altxatuz gero, Euskal Herri osoan ia 8000 mintzalagun gara. Asko gara, eta gehiago izateko asmoz gaude aurten, Egin nahi duzun hori egizu euskaraz lelopean" harro mintzatu da Euskara taldeko kidea. Ondoren izen emateko aukerak azaldu ditu: Galtzaundira gerturatu eta bertan izena emanez edo Tolosaldeko udal guztietan.
Informazio gehiago nahi izanezkero, udaletako webguneetan edo Galtzaundiren webgunean izango da.