Espainiako txapelketatik itzuli dira Danok Danenako kideak

Aiurri 2024ko urr. 4a, 10:04

Aurreko asteburuan, Leonen Espainiako 15 urtez azpiko txapelketaren txanda izan zen eta Danok Danena taldetik hiru pultsularik zuten gutxieneko marka lortua bertan parte hartzeko. Sergio Gonzalez, Eneko Mesa eta Mohamed Reda El Byad lehiatu ziren bertan, Ekaitz Cortajarena eta Ion Ander Iriarteren gidaritzapean. Danok Danena taldeko kideek bidali dute kronika:

"Sergio Gonzalezek 55 kilo kategorian, 128 kilo altxa zituen; 57 kilo abiadan eta 71 bi denboran eta ondo egindako lanaren sari, brontzezko 3 domina  ekarri zituen etxera.
 
Eneko Mesa berriz, 13 urte besterik  ez baditu ere, gogor lanean aritu zen eta 4. postua lortu zuen. Kategoria berdinean 126 kilo jaso zituen, 56 kilo abiadan eta 70 bi denboran. Azpimarratzekoa Espainiako Txapelketa honetan egin zuten lana biek ere, bikain aritu ziren.
 
73 kilo kategorian Reda El Byad gaztearen txanda izan zen. Honek ere oso lan txukuna egin zuen. Abiadan bigarren postua lortu zuen, hirugarrena bi denboran eta 3. postua baita total olinpikoa. Bere total olinpikoa 185 kilo dira. Gazteak ezin dominarik etxera ekarri, oraindik nazionalitatea ez duelako; 5 urte darama hemen eskolarizatua eta 10 eskatzen dizkiote. Ea  prozesua azkartzea lortzen duten, izan ere, mutikoak izugarrizko ilusioz entrenatzen du, hobetzen ari da eta baditu gaitasunak aurrera egiteko".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!