Urnietatik irten gabe, badago zertan lan egina Estatu aparatuek eragindako biktimen aitormen ofiziala administrazio publikoei eskatzeko orduan. Hildako hiru pertsona gogorarazten baitizkigu memoria hurbilak: Joxe Kamio (Madrilgo barne ministerioko mertzenarioen balapean), Juan Carlos Alberdi (kartzela-sistema gizagabearen pean), eta Gurutze Iantzi (Estatu funtzionarioen esku).
1982/01/02an Triple A talde parapolizialak hil zuen Pablo Garaialderen alaba Pilar Garaialdek hartu zuen hitza Urnietako ekitaldian, Egiari Zor-en izenean. Nahiko begi-bistako kexu mingarria agertu zuen, biktimen tratamendu berezitua dela eta:
“Sarritan entzuten dugu biktima guztiei egia, aitortza, justizia eta erreparazioa zor diegula, diskriminaziorik gabe, salbuespenik gabe. Errezegi esaten den esaldia da hau, baina oso zaila Estatuaren bortxa pairatu dutenen milaka kasuetan errealitate bilakatzea... Estatuak eragindako bortxaren biktima gehienontzat abiapuntua oso da bestelakoa; urte luzeko ukapenaren ondoren, egin zigutenaren egia ezartzeko borrokan jarraitzen dugu, heriotza eta giza eskubideen urraketa bakoitza, salbuespenik gabe, ofizialki erroldatu, aitortu eta erreparatu dadin. Gehienok, salbuespenak salbuespen, ez dugu inoiz justiziarik izan”.
Biharamunean, berriz, Garaialde bera izan genuen albiste, Gasteizko legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordeak ez baitzuen onartu nahi izan Gogora Institutuko zuzendaritzako kontseiluko kide izan zedin, hautagaietako bat zen arren. Aitzitik, Batzordeak onartu egin zituen ETAk Lasarte-Orian 2001ean hil zuen Froilan Elexperen seme Josu Elexpe, eta, Tolosan 2000an hil zuen Juan Mari Jauregiren alaba Maria Jauregi, Gogorako kontseiluko kide izan daitezen aurrerantzean.
Legebiltzarreko batzordearen erabaki horrek, beste behin uzten digu agerian, biktima guztiek ez dituztela tratu berbera jasotzen, biktimen kategorizazio edo jerarkizazioa aplikatzen segitzen duela klase politikoak. Labur eta gordin esanda, Maria Jauregi edo Josu Elexpe, Pilar Garaialde baino “biktimagoak” direla, alegia.
Beste hitzetan, biktimen tratamendu ofizialean (politikoa, juridikoa, ekonomikoa…) biktimarioekin jartzen segitzen dela arreta bereziki, biktimek jasan duten giza eskubideen urraketekin baino gehiago.
Legebiltzarrean frogatu ahal izan da, beste behin, zeinen ezerosoak diren Estatuaren biktimak, indarkeria nagusi izan duen gatazka politikoari begirako kontakizun jakin bat gauzatzeko, noski. Estatuaren eskua ikusten delako, zuzenean nahiz bere konplizitate edo inpunitatearekin aritu diren talde armatuekin (Triple A, BVE, GAL…).
Guztiz legitimitate osoko ariketa da, nork bere ideologiatik aztertzea gure iragan hurbila, eta egoki ikusten duen moduan kontatzea. Eta, zergatik ez, aberasgarria ere izan liteke kontakizun anitzen panorama. Ezin baikara inozoak izan, eta bat egin Urnietako erretoreak San Migel eguneko sermoian, Udal gobernuko kideen aurre-aurrean bota zuen ideiarekin: hots, borrokatu behar dugun deabruaren parekoa dela ideologien aniztasuna.
Legitimitate osoa behar luke eduki, nork bere jardun politikotik, fundaziotik edo dena delakotik zabaltzea bere ikuspegia.
Ordea, erabat kritikagarria da, nork bere ideologiarekin bat datorren kontakizun hori zabaltzeko, eta inposatzeko bakartzat, erabiltzea erakunde publikoetan (Gogora Institutua, Gasteizko Legebiltzarra eta bere Batzordeak, Nafarroako parlamentua eta gobernua, Madrilgo Kongresua edo senatua, Gasteizko Memoriala…) daukan boterea eta presentzia.
Bada garaia klase politikoak gutxieneko zintzotasunez joka dezan, eta albo batera utz dezan ongiletzat jotzen duen diskurtso hipokrita, kontakizun partekatu eta inklusiboa, zoru etikoa eta abar aldarrikatzen duena.
Ideologia desberdinen kontsentsua ezertan bilatzekotan, hori beharko luke izan giza eskubideen urraketa desberdinak sailkatzerakoan, horiek jasan dituzten pertsona edo kolektiboak identifikatzerakoan, eta, biktimarioei begiratu gabe biktimei dagozkien babesa eta aitortza politiko, juridiko, ekonomiko, psikologiko eta abarra eskaintzerakoan.
Eta eginkizun horretan ere, ez dira gutxi dauden zailtasunak. Hasita, zer den giza eskubideen urraketa eta zer ez zehazterako orduan. Edota, neutroa ez den terminologia aplikatzen den unetik; horrela, legez kanpo jardun duten talde armatuek eragindakoak “terrorismoren biktima”tzat jotzen badira, eta, aldiz, Estatu aparatuek (Polizia Nazionala, Guardia Zibila, Ertzaintza, TOP frankistaren oinordeko diren salbuespenezko epaitegiak edo legediak…) eragindako biktimak kalifikatzen badira “botere-abusuak edo polizia-indarkeria legez kanpo erabiltzeak eragindako urraketen biktima”-tzat edo “motibazio politikoko egoeran gertatutako giza eskubideen urraketen biktima”-tzat.