Sagardozaleen elkarteak aurtengo uztaren berri eman du eta agerraldi berean sagargileei deialdi berezia luzatu die: “Datozen urteetarako dei egiten die Euskal Sagardoa Jatorri deiturak sagargileei, sagarra lantzeko interesa badute, aldez aurretik sagardogile eta Jatorri Deiturarekin harremanetan jartzeko, akordioak bilatu eta sagarraren gestioa denborarekin lotzen joateko”.
Izan ere, urtez urte geroz eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan, dauden sagastiak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala. Bide horretan, sagarzale eta sagardotegien arteko akordioak lotzen ari da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, “luzerako elkarlana baita bertako produkzioa handitu, sektoreak indartu, produktuak posizionatu eta kalitatea bermatzeko modurik egokiena”.
Iazko uzta handia izaki, aurtengoa txikia izatea aurreikusi zitekeela adierazi dute. Eta nolakoa izango da? Honatx, erantzuna: “Uzta txikiak direnean azukre gehiagoko sagarrak izan ohi dira normalean, baina aurten, udarako euriak medio, iazko alkohol graduazio antzekoa izango dute. Eurien eraginez, heldutasuna ere nahiko atzera dator eta sagastirik gehienetan datorren astean hasiko dira sagarra biltzen”.
Uzta txikiagoa espero da
Sagarraren bilketa garaia da eta sektoreak adierazi duenez, “heldutasuna atzerago dator sagastietan, sagar gazietan gehienbat. Uzta txikiagoa espero da, ez-urtea tokatzen delako batetik, neguan hotz gutxi egin duelako eta udaran egindako bero zakar kolpe batek uztaren parte bat bota duelako. Orokorrean, Gipuzkoan Goierri inguruan sagar gehiago da Beterrin baino, neguan hotz handiagoa egin duelako eta horrek eraginda loraldi hobea izan dutelako sagarrondoek”.