"Buruntzaldeko ibilbideen eguna" ekimena izango da asteburuan

Aiurri 2024ko urr. 14a, 10:16

Urtero legez, hemen da "Buruntzaldeko ibilbideen eguna" ekimenaren XVI. edizioa: hilaren 20an izango da, igandearekin, eta, eskualdeko txokoak ezagutzera emateko xedez, askotariko bidexkaz osatutako mapan barrena ibiliko dira mendizaleak, goizeko 08:00tatik 14:00tara bitarte. Herri bakoitzeko kontrol-postuetan, anoa-postuak egongo dira, indarberritzeko. 

Belardiak, basoak, bidexkak, baserriak, karobiak, baselizak... Orotara, bost ibilbide dakartza aurtengo eskaintzak. Dagoeneko, herrietan, ibilbide-zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude. Bideetan, berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zuinak. Aipatutako seinale horiek guztiak herrika banatuta daude, identifikazio-koloreekin: Lasarte-Oria, urre zaharra; Urnieta, berdea; Usurbil, laranja eta Andoain, urdina.

    • ANDOAIN-LASARTE-ORIA. Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda. Koloreak, urdina eta urre zaharra; 7,9 km.ko luzera du; oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.
    • ANDOAIN-URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8km-ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.
    • ANDOAIN-USURBIL. (Andatzatik barrena). Koloreak, urdina eta laranja; 14,9km-ko luzera du (luzeena da); oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.
    •  LASARTE-ORIA-URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9km-ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da
    •  LASARTE-ORIA-USURBIL-AGINAGA. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9km-ko luzera du (Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino); oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Autobus-zerbitzua

Eguerdiko 12:00etan aterako da lehenengo zerbitzua Aginagan (Ezpaldiko Gasolindegian) eta azkena 14:00etan, toki beretik. Honako hauxe da autobusak egingo duen ibilbidea: Aginaga (Ezpaldiko Gasolindegia), Usurbil (San Ignazio biribilgunea), Lasarte-Oria (Dorretxeko biribilgunea), Andoain (Goikoplaza atzealdea) eta azkenik Urnieta (Kiosko geltokia). Autobusen ordutegiak herri bakoitzeko geltokietan ipiniko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!