Euriak eta, batez ere, ia 20 kilometrotako ibilbidean pilatutako lokatzak asko zaildu zuten parte-hartzaileen lana–azkenerako 51 banaka eta 33 bikotek amaitu zuten proba- eta irudi ikusgarriak utzi zituzten, esaterako, zenbait tartetan kirolariek bizikletatik jaitsi eta oinez egin behar izan zuten aurrera. Zirkuituari dagokionean, Josu Urrestarazu idiazabaldarrak sailkapen orokorreko lehen postuari eutsi zion Aian seigarren amaituta eta nesketan Nekane Praderak lidergoa sendotu zuen Aian lortutako bigarren postuarekin.
Lehia estua izan zen gizonezkoen bakarkako modalitatean Unai Mateosek eta Amasan irabaztetik zetorren Eneko Gurrutxagak izan zutena. Biek ere atzetik aurrera egindako lasterketa osatu zuten, korrika baino, bizikletarekin indartsuago arituta. Hori bai, alde txikiekin izan bazen ere, bizkaitarrak lasterketa guztian bizkarra erakutsi zion amasarrari eta azkenerako helmugan (1:35:11) 35 segundotako aldea atera zion. Podiuma Adria Noguera kataluniarrak osatu zuen, irabazlearengandik 58 segundotara.
Oso bestelakoa izan zen emakumeen proba eta Maddi Olaetxeak garaipen eroso bat lortu ahal izan zuen. Amasako proban onena izanda, sasoi ederrean heldu zen usurbildarra eta 2:08:15eko denbora eginda, ia 20 minututako aldea atera zion bigarren izan zen Nekane Pradera gasteiztarrari. Ainhoa Marquinez idiazabaldarra izan zen hirugarrena.
Proba osatzen azkarrenak, ordea, errelebotako proban aritu zirenak izan ziren eta hemen ere gauzak estu izan ziren lehen bi sailkatuen artean. Garaipena Haimar Etxeberria eta Jon Morillo irundarrek eskuratu zuten (1:30:02), baina orpoz orpo izan zituzten azkenerako bigarren izan ziren Koldo Herrera eta Dani Iparragirre sunbilarrak. Azkenerako minutu bateko atzerapena izan zuten nafarrek irabazleekiko. Hirugarren izan ziren Alex Gaztañeta eta Ariz Segurola asteasuarrak lehenengoekiko bost minutu utzi zituzten.
EHMDZ bere azken txanpan sartzera doa eta hurrengo proba azaroaren 16an izango da Ibarrako Piparra XIV. Mendi Duatloiean. Adunan, berriz, azaroaren 23an izango da mendi duatloia.