II. Musika Astea prestatu du Loatzo Musika Eskolak

Ainhoa Gil 2024ko aza. 14a, 11:20

Loatzo Musika Eskolak II. Musika astea antolatu du datorren asterako. Azaroaren 18tik 22ra, emanaldi ezberdinak eskainiko dituzte. Astea borobiltzeko, Emari musika taldearekin batera arituko dira ikasleak, Alegian eskainiko duten kontzertuan:

Musika astea Zizurkilgo Atxulondo aretoan hasiko da datorren astelehenean, azaroak 18. Bertan, Loatzo musika eskolako gitarra eta eskusoinu taldeek emanaldi ederra eskainiko dute.

Asteartean, azaroak 19, ganbara emanaldia izango da Ibarrako kultur etxean. Tresna ezberdinez gozatzeko aukera eskainiko dute bertan:  eskusoinua, klarinetea, biolina, txirula, zeharkako flauta...

Ostegunean, azaroak 21, Loatzo Musika Eskolako bandak emanaldia eskainiko du Anoetako plazan, dultzaineroekin eta Anoetako 'Kukuak kantuz' abesbatzarekin batera.

Ostiralean, Xexili eguna dela aprobetxatuz eta estrainekoz, musika tradizionala lantzen duen EMARI taldearen emanaldia izango da Alegiako kultur etxean. Loatzoko musikariekin batera joko dituzte zenbait abesti eta Alegiako dantza taldekoen parte-hartzea ere izango da.

Emanaldi guztiak arratsaldeko 18:30tan izango dira. Musikaz gozatzeko aukera paregabea!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!