Zizurkilen estreinatuko dute 'Ombuaren itzala', eta abenduaren 6tik aurrera ikusgai izango da Gurea zineman

Ainhoa Gil 2024ko aza. 22a, 11:16

Beterri-Aiztondoko hainbat herritarrek hartu zuen parte Zizurkilgo Plazaberrin egindako grabaketan.

Azaroaren 30ean, larunbatarekin egingo dute 'Ombuaren itzala' filmaren estreinaldia, Zizurkilen. Patxi Bisquert-ek zuzendua, Pello Mari Otañoren bizitzako hainbat pasarte biltzen ditu filmak. Haren jaioterrian egingo dute estreinaldia eta gonbidapena beharko da bertaratu ahal izateko.

Azaroaren 30ean, arratsaldeko 18:30etan hasita, filman parte hartu zutenentzat egingo dute 'Ombuaren itzala' filmaren estreinaldia.

Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren bizitzako zenbait pasarte biltzen ditu pelikulak. Patxi Bisquertek ondu du ekimena hainbat urtez eta dagoeneko amaituta dago. Hileko azken egunean pantailaratuko dute lehen aldiz, Otaño zenaren jaioterrian. Patxi Bisquertek berak eman ditu azalpenak: "Oso garbi nuen filmaren estreinaldi mundiala Zizurkilen egin beharra zegoela. Batetik, eta jakina denez, Pello Mari Otaño zizurkildarra zen eta polita da bere inguruko filma bertan eskaintzea. Bestetik, Zizurkilek sekulako laguntza eman digu; Udalak, Hernandorena Kultur taldeak, herritarrek..., filmari bultzada handia eman diote eta hori eskertzeko, zer gutxiago filma bertan estreinatzea baino?". 

San Millan elizan 

Zizurkilgo San Millan elizan egingo dute estraineko emanaldia. "Zizurkilgo udala eta herriko eragileak ari dira lehen saio hori bideratzen eta eskerrak eman behar dizkiet horregatik ere", azaldu du Bisquertek. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da emanaldia, baina ez da publiko zabalari eskainia izango. "Halabeharrez, mugatu egin behar izan da lehen emanaldi honetako ikusle kopurua. Erakundeetako ordezkariak, pelikulan parte hartu duten aktoreak, estrak, Otañoren sendikoak... gonbidapenak banatu ditugu azken aste hauetan. Badakigu askok pena hartuko dutela ezingo dutelako lehen emanaldi hori ikusi, baina eskualdean bertan izango da aukera gehiago ere". 

Amasa-Villabonan

Ikuslego zabalarentzat abenduaren 6, 7, 8 eta 9an, Amasa-Villabonako Gurea zine aretoan izango da ikusgai 'Ombuaren itzala'.

Estreinaldian ikusterik izango ez dutenek laster izango dute, beraz, horretarako aukera. Abenduaren 6ko emanaldira gerturatuko dira, gainera, Patxi Bisquert zuzendaria eta Joseba Usabiaga protagonista, filmaren inguruko azalpenak ematera. Sarrerak 4 euroan erosi ahal izango dira, baina bada beste aukera bat ere: "Filma egin ahal izateko, auzolan ekimena izan genuen martxan. Momentu hartean, sarrerak jarri genituen salgai; filma egiteko diru iturri ederra izan ziren. Momentu hartan sarrerak erosi zituenak emanaldietan erabili ahal izango ditu orain, baita Villabonakoan ere", azaldu du Patxi Bisquertek.

Eliza, zine areto

Zizurkilen ez dago zine aretorik eta San Millan eliza aukeratu dute filmaren estreinaldirako. Hernandorena Kultur Taldea eta Zizurkilgo Udala arduratu dira Zizurkilgo emanaldia antolatzeaz. Hernandorena taldeko Joxin Azkuek azaldu duenez, "zenbait lan egin behar izan da filma ondo ikusi eta entzun dadin. Elizak badu bere megafonia eta, audio mahai berezi bat jarrita, filma kalitate onez entzungo dela ziurtatu digute. Bestetik, 6 metro zabal duen pantaila handi bat jarriko da, lurretik metro eta erdiko altueran, bertaratzen diren guztiek ondo ikus ahal izan dezaten". Proiekzioa bera ere berezia izango da: "Pantailaren atzealdean egongo da proiektorea eta pantailan islatuko dira irudiak. Modu horretan, makinak ez die trabarik egingo ikusleei". Azaroaren 30ean, 18:30etan hasiko da zine-saioa San Millan elizan. 

Pozik agertu da Patxi Bisquert filmaren emaitzarekin: "Buruan nuen ideia ia-ia bere osotasunean islatu ahal izan dut eta gustura nago azken emaitzarekin. Arantzatxo txiki bakarra geratu zait. Donostiako matxinada grabatu nahi nuen, baina ezinezkoa gertatu zen. Matxinada hura beste modu batera islatu dugu filman, eta nik uste emaitza txukuna geratu dela. Dena den, ni oso subjetiboa naiz honetan; ea zer esaten dute ikusleek. Orain filmari azken ukitu txikiak ematen ari gara eta, azaroaren 30a iristeko gogoz gaude". 

Elkarrizketa osoa Aiurri 659 hamaboskarian  irakurgai dago

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!