Indarkeria matxistaren aurka, ekintza-sorta

Irune Alfonso 2024ko aza. 22a, 13:05

Aiztondoko talde motorraren bilerak Amasa-Villabonako Txoko Morean egiten dituzte. aiurri

Aiztondoko mugimendu feminista kideakUrteak dira Azaroaren 25a, Aiztondo bailaran, bailara ikuspegitik antolatzen dutela. Eguna gerturatu ahala, Aduna, Asteasu, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo emakumeak biltzen dira

Azaroaren 25ari begira, Aiurri aldizkariak elkarrizketa egin die Aiztondoko mugimendu feministako zenbait ordezkariri.

Elkarrizketatuak Kristina Artola Akain talde feministako kidea, Pauli Olano eta Susana Carretero Lurgatz talde feministako kideak, Andrea Egia Asteasuko emakume taldeko kidea, Edurne Mendizabal Zizurkilgo Udaleko ordezkaria eta Kristina Rodriguez Adunako alkatea izan dira.

Lauzpabost urte dira Aiztondoko mugimendu feministak elkarrekin egitarau bateratua ateratzen duzuela. Bailarari indarra ematen diola uste al duzue?

Andrea Egia: Bai, bailarako herrietan antolatzen diren ekimenak bateratzeak beste dimentsio bat ematen die herrietako egitasmoei, osatuagoa, anitzagoa. Egitarau indartsua antolatzea lortzen dugu horrela, ikaragarri aberasten dugu.

Kristina Rodriguez: Zalantzarik gabe. Eskualdean eta oro har dagoen indarra ikusita, beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Mugimendu feminista, beste edozein eragile bezala, nahiko lanekin dabil; ez da erraza bakarka aritzea eta elkarrekin, errazagoa jendea animatzea eta gutxienez informatzea. Talde feministarik ez dagoen herrietan, ea bat eginda aurrerantzean aktibazioa lortzeko gai garen.

Edurne Mendizabal: Bai, noski. Askotan zaila da herritarrak herri batetik bestera mugitzea, baina gu helburu horrekin elkartzen gara, gauza txikiak eginez indarra erakusteko eta bateratasuna adierazteko.

Susana Carretero: Asmo horrekin egiten dugu behintzat, emakume guztiok antolatzeko gai garela erakutsi eta indarra dugula adierazteko.

Aiztondoko talde motorrean udaletxeko ordezkariek parte hartzen dute. Garrantzitsua al da?

S.C.: Alde batetik, ez. Pertsona berdina mugimendu feministan egoteak eta administrazioan egoteak ez nau eroso sentiarazten. Baina bestetik, garrantzitsua iruditzen zait informazioa edukitzea eta elkarrekin lan egitea. Baina, hau ez da hemen bakarrik gertatzen Gipuzkoa mailan herri askotan gertatzen da.

Pauli Olano: Instituzionalizatzen den momentutik kaleko indarrak galdu egiten du.

E.M.: Ulertzen dut Paulik eta Susanak esaten dutena baina garrantzitsua da oso. Zizurkilen ez dago mugimendu feministarik kalean, eta udaletik egin behar dugu lan.

Hala ere, bakoitzak bere herrian hitzorduak dituzue, plazak hartzeko.

A.E: Bai, Asteasun konturatu gara jende gehiago batzen dela herrian antolatzen ditugun ekimenetara. Villabona edo Zizurkilera joateko deialdia egin dugunean, oso jende gutxi mugitzea lortu dugu eta herrian ezer ere ez antolatzeak hutsune nabarmena uzten du. Egutegian gorriz markatutako egun hauetan batez ere, nahikoa dela aldarrikatzeko Asteasuko plazan elkartzea ezinbestekoa iruditzen zaigu.

P.O.: Herri bakoitzak bere interesak ditu eta hori ere bakoitzak bere herrian lantzea ezinbestekoa da.

E.M.: Egitarau bateratua horregatik da garrantzitsua, beste modu batera ez ginelako agian konturatuko. Baina kartel berean ekitaldi guztiak ikusita, toki batera edo bestera joatea erabaki dezakezu. Bestetik, bata bestearekin ez solapatzeko ere onuragarria da.

K.R.: Adunan datorren astean bilera bat deitzeko asmoa dugu, baina ez dugu besterik. Plazak hartzea ez dakit lortuko dugun edo zein ekimen proposatuko den. Ongi legoke Azaroak 25ean kontzentrazioren bat edo deitzea herrian, baina aurten ez dakit aterako den. Zaila ikusten dut oraingoz behintzat.

Aiztondon bertan, sexualki esplotatuta zeuden 18 emakume askatu zituzten Adunan. Bakoitzak zuen herrian, nola bizi zenuten egoera hori?

K.R.: Gaia ez da berria eta oraingoan 18 emakume askatu zituzten, baina urte asko da egoera hori ematen dela dakigula. Herriak amorrua azaldu zuen eta mina sumatzen zen. Aktibitate baimena dute, baina erabilpena gelditzea ez dago gure esku, legalki daudelako. Halere, lehen ere izan dira sarekada dezente eta beti droga kontua dela esaten digute. Badakigu ez dela hori bakarrik eta ez dugu ulertzen sarekada polizialak egonda, nola ez dagoen beste instituzioetatik hau gelditzeko modurik. Jakin badakigu hau itxiko balute ere beste edonora joango liratekeela, itxi eta irekitzeko aukera eskura dutelako eta inork ez dituelako geratzen. Polizia askotan egon izan da bertan eta jarraitzen du. Herrian amorrua eta inpotentzia dira nagusi.

A.E: Gaia oso delikatua eta potoloa da. Jakina da horrelako lokaletan ez direla errespetatzen ez emakumeen lan-baldintzak, ezta bizi-baldintzak ere. Adunako kasuak gertutik ukitu gintuen eta herrian harrabotsa eta ezinegona sortu zuen.

S.C: Asko harritu ninduen jendeak eskuak burura botatzeak. Guztiok dakigu Txapela hor dagoela, Legorretan Ontza dago, Villabonan pisuren bat ere badago eta neskak ikusten dira kalean...

P.O: Ni kezkatzen nauena da ez dakidala zer gertatu den emakumeekin. Emakume horiek nola geratu dira? Gehienak atzerritarak dira eta zor handiak izaten dituzte. Beste modu batera aurrera ateratzeko aukerak eman behar dizkiegu.

Kristina Artola: Susanak esan duen bezala, zertaz harritzen gara? Denok dakigu putetxea hor dagoela eta denok ezagutzen dugu norbait putetxera joan dena. Denok daukagu kuadrillan esan duena "ni horra sartuta nago, trago bat hartzera bakarrik".  Eta denok pasa gara hortik eta aparkaturik dauden autoak ezagutu ditugu. Denok daukagu norbait inguruan putetxera sartu dena.

 

Egitaraua:

AZAROAK 22, ostirala

18:00 Babak eltzetik ateratzen Asteasuko Udaletxean.  Helduentzako ipuin kontaketa Ixabel Agirresaroberen eskutik.

AZAROAK 24, igandea

19:30 Pendientes Villabonako Gurea Antzokian. Mara Ricoy Olariagaren biografia poetiko feministaren inguruko antzerkia. Hizkuntza: Gaztelania. Sarrera: 8€

 

AZAROAK 25, astelehena

18:30 Ekitaldia Asteasuko plazan.

18:45 Irradaka Saski kafetegiaren kanpoaldean.

19:00 Gizakatea + performancea Saski kafetegitik Villabonako Plazara.

 

AZAROAK 25etik 29ra

Itsaspeko bihotzak Atxulondo Zizurkil (Eskolaumeei zuzendua). Euskarazko haur literaturan oinarrituta, genero berdintasuna eta hezkidetza lantzeko espazioa.

AZAROAK 26, asteartea

18:00 Aingeruak eta neskameak Asteasuko Udaletxean.
Liburu tertulia Uxue Alberdi eta
June Fernandezen eskutik.

18:00 Biolentzia obstetrikoa Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian.
Hitzaldia Estitxu Fernandez eta Nahia Alkortaren eskutik.

 

AZAROAK 28, osteguna

18:30 ¿Qué sabes sobre prostitución? Villabonako Subijana Etxean. Solasaldia Carol Clementeren eskutik.Hizkuntza: Gaztelania

 

Elkarrizketa osoa Aiurri 659 hamaboskarian  irakurgai dago

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!