Durangoko Azoka 2024

Durangoko Azoka: euskal kulturgintzari ateak irekita

Alba Cabrera Jauregi 2024ko abe. 3a, 23:00

Koldo Otamendi andoaindarra egon ohi da Musika Zuzenean-en postuan. anboto

Hartzea ematea dela aldarrikatzera dator, aurten, Durangoko Azoka. Abenduaren 5etik 8ra izango da 59. edizioa, makina bat kultur berrikuntzarekin: 933 nobedade eta 200 ekitaldi egongo dira kulturgintzaren hitzordurik berezienean

Ikusgarritasuna, emaria, sarea, kultura barra-barra... Hemen da, kale kantoiaren bueltan da, euskal kulturgintzaren eraskuleihorik handiena: abenduaren 5etik 8ra bitarte ospatuko da, aurten, Durangoko Azoka. Ia sei hamarkadako ibilbidearekin, 933 nobedade eta 200 ekitaldi izango dira, gutxi gorabehera, hitzordu erraldoiak irauten dituen lau egunetan, "Hartzea ematea DA!". Bada, euskal kulturaren geldialdi garrantzitsuena aurkeztu zuen Gerediaga elkarteak azaroaren erdialdean, Durangoko Sanagustin kulturgunean, xehetasun guztiak emateko helburuz. Honako hauek dira horietako batzuk:

Ahotsenea. Aurten, 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dira, guztira. Antolatzaileen esanetan, belaunaldiartekotasuna nabarmena izango da oholtza gainean, eskarmentu luzeko artistak ez ezik jendaurrera lehen aldiz hurbiltzen diren sortzaileak ere izango baitira protagonista. Bi gunetan dago banatuta Ahotsenea: batetik, Ahotsenea Literatura Landako Gunearen albo batean izango da, parkeko eremuan instalaturik; bestetik, Ahotsenea Musika, Plateruenean.

Irudienea. Orotara, 40 lan aurkeztuko dira jendaurrean Durangoko Azokak zinemagintzari eskaintzen dion plazan. Adin guztiei begirakoa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Haurren kasuan, esate baterako, "Irabazi arte" telesailaren estreinaldia egingo da bertan. Era berean, zinegile gazteen erakustoki bihurtuko da Irudienea: Ane Berriotxoaren "Nire amaren etxea" eta Jone Arriolaren "Hor konpon" proiektatuko dira, besteak beste. "ITOIZ, udako sesioak" dokumentalaren teaserra ere aurkeztuko dute egileek.

Szenatokia. Pieza laburrei egingo die tokia, nagusiki, arte eszenikoen txokoak. Hala, hamar konpainia igoko dira oholtza gainera: gehienbat antzerkia izango den arren, dantza eta bakarrizketak ere egongo dira. Gainera, Karrika antzerki talde durangarrak obra berria aurkeztuko du. Antolatzaileek nabarmendu nahi izan dutenez, sexualitatea eta generoa izango dituzte hizpide horietako askok: adibidez, Las Paralelas konpainiaren hilekoari buruzko "Odola" izeneko pieza performatiboa eta Libe Mendizabal nahiz Zaloa Zamarreñoren "Ontziratuak" izeneko lana.

Saguganbara. Tailerretatik hasi eta aurkezpenetara bitarte, haurrei zuzenduriko 25 ekitaldi izango dira gune horretan. Berrikuntza moduan, gorren komunitatearen ohitura eta kultura ezagutzeko liburua aurkeztuko du Julian Rodriguezek. Abenduaren 6an, Porrotx, Marimotots, Virginia Garcia eta Leire Bilbaok egingo duten liburu aurkezpenerako gonbidapenak banatuko dira egunean bertan, 10:30ean, Saguganbarako sarreran.

Museoa. Nestor Basterretxeari egingo zaio gorazarre aurtengo edizioan. Joan zen azaroaren 28an zabalduriko erakusketa izango da ikusgai. Horren harira, hitzaldi bat eta bisita gidatuak antolatuko dira eta, abenduaren 7an, larunbatarekin, omenaldi-ekitaldia egingo zaio artistari, Landako Guneko areto nagusian. Bestalde, Euskal Editoreen Elkarteak hizkuntza minorizatuetako editoreen topaketa antolatuko du gunean.

Talaia. "Elkar mugituz egingo dugu" lelopean izango da datorren urteko maiatzaren 15etik 25era Euskaraldia. Bada, ekimenaren kantua Talaian aurkeztuko da. Ildo beretik, urtero lez, Euskadi Literatura saridunekin solasaldia egingo da. Gainera, EITBrekin lankidetzan sortu den BaDAbil bideopodcast-aren azken saioa, azokako azken egunean grabatuko da, jendaurrean.

Kabia. Euskalgintza eremu digitalean zabaltzeko egitasmoen bozgorailu da gunea. Horien artean, hitanoa erabiltzeko AppaHi! aplikazioa aurkeztuko da. Tailerrak, jokoak eta solasaldiak ere egongo dira. Adibidez, Elhuyar fundazioak adimen artifizialaren aukera eta mehatxuen gaineko eztabaida antolatuko du.

Hartzea ematea delako

"Hartzea ematea da" du lelo nagusi aurtengo Durangoko Azokak. Udatxo eta Balu artistek elkarlanean eginiko lana da. Muralista eta margolaria da lehena; multidisziplinarra bigarrena, eta deskontestualizazioaren eta transmutazioaren teknikak jorratzen ditu, besteak beste. Bihotz formako collage eran aurkeztu dute kartela, euskal kulturaren iruditeria zein azokaren aurreko edizioetako kartelen zatiak uztartuta. Hori horrela, bikoteak proposatuta, azokan egongo dira abenduaren 6an, kartelak bisitariei banatu eta sinatzen. Bestalde, egun berean, Marramiau sorkuntza kolektiboak "Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz" telesaila estreinatuko du, Saguganbaran eta Irudienean. Iazko Sormen Bekaren emaitza da.

Eztanda egingo dute gazteek

Ikasleak izan ohi dira lehenak Durangoko Azoka dastatzen. Hilaren 5ean beraientzat espresuki irekiko dira ateak, beti bezala, Ikasle Goizarekin: Euskal Herri osotik bertaratutako 40 ikastetxetik gora joango da aurtengo edizioan kultur hitzordura. Ildo beretik, protagonismo berezia hartuko dute gazteek abenduaren 6an, ostiralarekin, izan ere, Gazte Eztanda eguna antolatu da, hirugarren urtez, Durangoko Azokan. Antolatzaileen azalpenez, "egitarauan gazteei zuzenduriko ekintza ugari txertatu dira, egun osoko plana egin ahal izan dezaten". Gaueko ordu txikietara arte luzatu nahi duten horientzat, kontzertuak egongo dira Landako plazan instalatuko den karpan, Nekktar, Naxker eta Xaukena Xauk taldeen eskutik. Egun osoko jaialdira etorri ahal izateko, Gasteiztik eta Iruñetik autobusak antolatuko direla iragarri dute.  

Hikalarien bilgune

Euskaltzaleen topaleku ez ezik, hikalarien bilgune ere izango da aurtengo Durangoko Azoka, Euskal Herriko lehen Hikadromoa antolatuko baitu, bertan, abenduaren 7an, ZirHika taldeak: "Hika dakitenak eta ikasten ari direnak, guztiak daude gonbidatuta. Euskalkian zein batuan, bakoitzak berean egiteko aukera izango du". Landako ikastetxean egingo dute talde-ariketa, arratsaldeko 16:00etatik 17:45era.

Bagera euskara elkartearen ardura izango da hitzorduaren dinamizazioa. Laukoteak osatuta jardungo dute hika, eta ordu laurdenero, taldez eta mintzagaiz aldatuko dira. Irekia dago, jada izen-ematea, online galdetegia beteta, edota honako bi telefono-zenbakietako batera deituta: 943121775 edo 652750947.

Ordutegia eta garraioa

Goizeko 10:30ean irekiko da, egunero-egunero, ostegunetik igandera. Aldaketak itxiera orduan izango dira, izan ere, egun guztietan 20:00tan itxiko baita igandean izan ezik. Azken egunean, 8an, arratsaldeko 18:00tan emango zaio amaiera azokari. Halaber, bisitariek "garraio publikoa erabiltzea" gomendatu du antolakuntzak, "eta autoz etorriko badira, jakin dezatela abenduaren 6tik 8ra autobus-zerbitzua ipiniko dela Iurretako autopista irteerako parkinetatik Landakora".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!