Larraulgo Herri Eskolako zuzendaria da Koldo Rabadan andoaindarra. Bere bigarren liburua idatzi eta aurkeztu berri du 'Superbotereak' izenburupean, Argiarekin. Eskola aldatzeko hamar urrats biltzen ditu Rabadanen liburu berriak.
Aurkezpen ekitaldi berezia egin zuten Larraulgo eskolan bertan. Eskolako haurrekin batera kantuan eta musika eginez eman zioten hasiera saioari eta ondoren, bost kideren arteko mahai-inguruari ekin zioten. Maitane Telletxea, Zizurkilgo Mendigain eskolako zuzendaria; Ainhoa Azpirotz, Hik Hasiko eragilea; Irati Manzisidor, Euskadiko Eskola Txikien koordinatzailea eta Nora Salbotx, liburuaren hitzaurrearen egilea eta Amaiurko eskolako maistra izan zituen alboan Koldo Rabadanek berak. Hezkuntza izan zuten aipagai, eta Gorka Peñagarikano Argiako kazetaria aritu zen gidari lanetan.
Bidegurutzea
Peñagarikanok berak eman zion hasiera mahai-inguruari, Koldo Rabadanen hitzak ahora ekarriz: "Etxearen gisa ulertzen du eskola Koldo Rabadanek. Zaila da dagoeneko eraikita dagoen etxe bat eraldatzea eta berdin gertatzen da eskolarekin ere". Galdera luzatu zien ondoren bertan bildutakoei: "Nola dago egungo eskola?". Koldo Rabadanek hartu zuen hitza: "Larraulgo eskolan ondo gaude, beste kontu bat da nola dagoen hezkuntza sistema. Bidegurutze garrantzitsu batean gaudela esango nuke; erabakiak hartzeko momentuan. Eskola aldatu baino gehiago, hobetu egin behar dela esango nuke eta oraintxe, geratu eta hausnartzeko momentua da. Nolako eskola nahi dugun, zein bide hartu nahi dugun... hori guztia patxadaz pentsatu behar dugu".
Eraldatzea
Irati Manzisidorrek eraldatzea bera hartu zuen ahotan: "Asko entzuten den hitza da eraldatzea, baina hausnarketarik gabeko eraldaketa alferrikakoa da. Zertarako eraldatu nahi dugu? Eskolak, irakasten den tokia baino gehiago, ikasten den tokia izan behar du. Lehendik dakigun hori zalantza jartzetik sortzen da ikasketa. Eskolaren eraldaketa egiteko, garbi izan behar dugu non gauden eta zer nahi dugun etorkizunerako; hausnarketa hori egin gabeko eraldaketa, alferrikakoa izango da". Maitane Telletxeak ildo beretik jarraitu zuen: "Ez da gauza bera klaustroak sentitutako behar bati erantzunez egiten den eraldaketa, edo lege berriak agintzen duelako egindakoa".
Ainhoa Azpirotz hausnarketarako behar den denbora aipatu zuen: "Garai hauetan oso zaila da gelditu, eta beharrezko denbora hartzea, eskola bakoitzak bere iparra zein den erabaki dezan. Behar beharrezkoa da denbora hori hartzea". Estresa eta presa dira, Manzisidorren hitzetan, ipar horren bilaketaren etsai nagusia: "Beharrezkoa da desazkundean sartzea. Hezkuntzak patxadatsua eta lasaia behar du izan eta horretan guztiok dugu zer egina. Garbi dago hausnarketarik gabeko eraldaketa oso azalekoa izango dela".
Nora Salbotxek idatzi du 'Superbotereak' liburuko hitzaurrea: "Pentsatu egin behar dugu gure eskoletatik zer eskain diezaiokegun jendarteari. Problemazitatu egin beharko dugu zer ekarpen egin diezaiekegun herri txikiei, zaintzari, harremanei, komunikaziori, kontsumoari... eta hainbat arlori. Dena aldatu nahi izatea besarkaezina da, baina hausnartu egin behar da".
Nekea
"Larraulen garbi genuen haur bakoitzak bere lekua aurkitu behar duela eskolan eta ahalik eta legoaia gehien jarri behar zirela haurren eskura. Era berean, irakasleek ere bere lekua topatu behar dute eskola bakoitzean. Urte hauetan hainbat mintegitan parte hartzea egokitu zait, eta nekea sumatu dut klaustroetan. Horregatik, behar-beharrezkoa da geratzea. Haurrek zein helduek, guztiek izan behar dute entzunak, eta guztien ekarpenetatik eraiki behar da eskola", azpimarratu du Koldo Rabadanek. "Ikasle, irakasle, familiak..., denok dira garrantzitsuak eskolak nolakoa izan behar duen erabakitzeko garaian eta guztien ekarpenak entzun behar dira", gaineratu zuen Maitane Telletxeak.
Eskola txikiak
Larraulgo eskolan egindako bidea hartu zuen ahotan Koldo Rabadanek: "Gure printzipioetakoa da haurrei errespetuz hitz egin behar zaiela, eta beste printzipio garrantzitsua da haurrei bere denbora eman behar zaiela. Bi printzipio horiek Larraulgo eskolan ezarri ditugu. Eskola handiagoetan ezin dira ezarri? Guk erabiltzen dugun moduak ziurrenik ez du balioko eskola handiago batean, baina printzipio batzuk adostea behar beharrezkoa da. Irriz, umorez eta norabide batekin ezar daitezke printzipio horiek. Bide hori nola egin, irakasle bakoitzaren sormenean joan daiteke".
Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri 660 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.