Adarra-Mandoegiko parajeetan eta Buruntza mendian hiru zentral-eoliko eraikitzeko asmoa dago

Xabier Lasa 2024ko abe. 14a, 09:00

Adarra-Mandoegiko parajeetan, bi zentral eolikoen proiektuak abian direla jakin ahal izan da azken aldian, eta eztabaida eta kezka eragin dute zuzenean ukitzen dituzten herrietako udal, elkarte eta herritar ugarirengan. Hots, Aranon, Goizuetan eta Hernanin, batik bat. Azken egunetan, berriz, Buruntza mendirako ere  bideratu nahi dela beste zentrala, jakin ahal izan da. HIrugarren horrek Andoain, Urnieta eta Lasarte-Oriako udalerriak hartzen ditu bere baitan.

Bi proiektu dira, Hernani eta Arano inguruetan kokatzen direnak, eta biak ere multinazional energetikoek sustaturikoak. Gaurkoz ez dago informazio zehatz handirik, eta bai, ordea, erantzunik gabeko galdera ugari. Hurrengo hilabeteetan joango dira bi proiektuak definitzen eta, ziurrenik, gauzatzen.

Bien bitartean, hainbat informazio-iturritatik egin beharra dago tiraka. Horien artean leundeke bi proiektuen bultzatzaileek jakinarazi dituzten zehaztapen bakanak (Hernani ingurukoak Jaurlaritzari aurkeztu dion proiektu generikoa, eta, bi proiektuen sustatzaileek Hernani eta Aranoko Udal arduradunei jakinarazi dizkietenak) eta proiektuekiko desadostasuna azaldu duten herritarrek eta taldeek lortu duten informazioa nahiz horietatik ateratako ondorioak. Hernaniko lur-eremuan, proiektuetako bat Euskal Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren maiatzaren 23ko alean, honako iragarpen hau argitaratu zuen: “Lehia posible baten ondorioetarako, Hernaniko udal-mugartean (Gipuzkoa) Ikatz Gane parke eolikorako aldez aurreko administrazio-baimenaren eskaera”. Iragarkiak hogei eguneko epea eman zuen parke eoliko hori ezarri eta ustiatzeko interesa duten pertsona fisiko edo juridikoek lehia-eskabidea aurkez zezaten. Oraingoz, bada hautagai bat: Sevillan egoitza duen eta energia berriztagarrien sektorean lan egiten duen Enigma Green Power 26 S.L.U. da enpresa eskatzailea, eta 33 Megabateko potentzia eragingo luketen bost haize-sorgailu instalatzeko eskaria egina dauka.

Proiektu eolikoak kaltetuko lukeen lurraldea barne hartzen duen "poligonala" kokatzeko koordenadak eman zituen iragarkiak, halaber. Horren arabera, Hernaniko Ereñotzu auzoa (Pagoaga bailara, hain zuzen) kaltetuko luke zuzenki.

Pagoaga bailara, Ereñotzu auzoan, Goizueta eta Aranoko bidean

Egitasmoetako bat Adarra, Zaburu, Azketa eta Garagartza mendien arteko zonaldean kokatuko litzateke

Azpimarratzekoa da bi zentralen gaineko datuen eskasia, eta, oraingoz, Mikel Alvarez makroproiektuen aurkako ekintzaileak zabaldu duen azterketak (ikus, hernaniarano.wordpress.com ataria) eskaintzen digu informaziorik zabalena. Azterketa horren arabera, berez, Hernaniko proiektuak Aranoko eta Elduaingo mugak ukituko lituzke, izan ere, Adarra, Zaburu, Azketa eta Garagartza mendien arteko zonaldean kokatuko litzateke. Hain zuzen, Pagoaga auzoko Pagalegi-Garagartza mendilerroan eta Aranoko mugan (Nafarroa) Garagartzatik Unamene aldera (San Migel Soro) duen luzapenean.

Pagalegi-Garagartza mendilerroa, Aranoko herritik ikusita. Hernani eta Aranoko herri-lurrak mugatzen ditu mendilerroak

Statkraft multinazional norvegiarrak Azpeitian (Sañu mendi inguruan) ezarri nahi duen zentral eolikorako egindako ingurumen-inpaktuaren azterketa oinarri hartuta, zenbait datu tekniko irakur daitezke aipatu azterketan. Horietako askok, zentral eolikoen azpiegitura-lanek naturan inpaktu nabarmena eragiten dutela nabarmentzen dute; hala nola, 205 metroko haize-aerosorgailuen zimenduak 23'40 m-ko diametroa eta 4'20 m-ko lodiera duen hormigoi armatuzko zapata zirkular baten bidez egiten direla, 30 urteko bizitza dutela, edota, poligono eolikora sartzeko bideen gutxieneko zabalera 6 m-koa dela, eta, gainera, euri-ura husteko ur-pasabideak egin behar izaten direla bidearen bi aldeetan.

Hernaniko proiektua hizpide hartuta, Alvarezen azterketak, balizko sarbide gisa, Pagoaga auzoa (Ereñotzu) nahiz Besabi (Urnieta) aipatzen ditu, batik bat

Sarbideko azpiegituren atalari dagokionez, eta Hernaniko proiektua hizpide hartuta, Alvarezen azterketak, balizko sarbide gisa, Pagoaga auzoa (Ereñotzu) nahiz Besabi (Urnieta) aipatzen ditu, batik bat.

Bestalde, Alvarezen azterketak atal ugari eskaintzen dizkio bi proiektuek Urumeako bailaran, naturan zein giza-ingurunean, sortuko lituzketen eragin kaltegarriek. Hernanin, hautsak harrotu ditu proiektuaren iragarpenak, azken hilabeteetan.

Hernani Burujabe ekimena, alternatiba bila

Horren adibide da tokiko garapen burujabean oinarritzen den Hernani Burujabe ekimenaren eskutik eman diren urratsak, azken asteetan. 2021ean sortu zen herri-proiektu bat da ekimen hori, herriko ehun ekonomiko, sozial eta administratiboa barnebiltzen dituen trantsizio ekosozialerako alternatiba praktikotzat jotzen dena: “Egungo eredu ekonomiko xahutzaile, ekologikoki jasanezin eta ezberdintasun sortzailearen aurrean, alternatiba bizigarri, iraunkor eta parekide bat martxan jarri nahi du, justizia sozial eta ekologikoa eta planifikazio eredu publiko-ekonomiko-komunitarioa ardatz hartuta”.

Bada, ekimen horren barnean, eolikoen gaia gertutik jorratzeko Hernaniko Bidea herritar taldeak, Sagarreta Natur Taldeak eta Enherkom energia komunitateak eolikoen lantaldea osatu dute, Hernaniko Udalarekin eta Ereñotzuko Auzo Udalarekin batera. Hiru eragile horiek joan zen azaroaren 13an egin zuten agerraldian, beren iritzia jakinarazi zuten: onartezintzat jo zuten Hernanin kokatu nahi duten zentral eolikoa, eta adierazi zuten ezinbestekoa dela halako proiektuak herritarrekin eta eragile publikoekin lantzea.

Urumea bailarako Kronika egunkariak jaso zuenez, aipatu eragileek argi utzi zuten beharrezkoa dela iturri berriztagarrien aldeko apustua egitea, energia fosilak ordezkatzeko: “Klima- larrialdi egoeran gaude; bioaniztasun galera eta ondare naturalaren kaltetzearen atzera ezinezko prozesu batean sartuta gaude, eta deskarbonizazioa bultzatzeko neurriak hartu behar ditugu”.

Ohartarazi zuten oso menpekotasun energetiko handia daukala Euskal Herriak, energia kanpotik ekartzen duela eta energia fosiletan oinarritzen dela hori.

Hernanira begira jarrita, zera gaineratu zuten, “horrek esan nahi du burujabetzatik oso urrun gaudela, eta energia bertan sortzen apustua egin behar dugula. Izan ere, Hernanira energia ekartzeko, beste toki batean ari dira sortzen ondorioak”.

Urumeako bi proiektuak zehazki aztertzen hasita, kontrako argudioak zerrendatu zituzten. “Batetik, ez datoz lurralde antolaketa edo plangintza publiko baten arabera. Are gehiago, oraingoz aurkeztu diren dokumentuen arabera, Eusko Jaurlaritza egiten ari den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak jasotako instalazio eolikoetarako, balizko kokalekurik ez dago Hernanin eta Urumea bailaran. Bestetik, kokalekua erabakitzeko garaian, efizientzia energetikoaren izenean, errentagarritasun ekonomikoa jartzen da gure mendien aberastasun natural eta arkeologikoaren gainetik. Balio handia duten eremuetan eragingo lukete proiektuek, eta herritarrek ez dute aukerarik izan eztabaidatzeko ere. Ondoren egiten dituzte ingurumen inpaktuaren azterketak, legeak hala behartuta. Gainera, ezagutzen ditugun multinazional energetikoen eskutik datoz proiektuak, eta haientzat ez da lehentasuna faktore horien arteko oreka bermatzea, haien irabazi-tasak handitzea baizik. Eta, azkenik, badakigu zenbait kasutan beren lan-esparrua energia fosiletan dagoela batez ere, eta, beraz, horiek berriztagarriekin ordezkatzea baino gehiago, berriztagarriekin negozio bolumena handitzea eta irabazi handiagoak lortzea dute helburu”.

Funtsezkoa ikusten dute proiektuak herritarrekin eta eragile publikoekin batera lantzea eta formula topatzea proiektuaren sorreratik “herritarren parte-hartzea bermatzeko, haren dimentsioan, kokalekuan, diseinuan eta kudeaketan. Jabetzan ere parte hartzeko modua izan behar dute, eta kasu honetan ez dugu bermatuta ikusten”.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak ere azaldu du iritzia egunotan, Kronika egunkariari azaroaren 16an eskainitako elkarrizketan. Bi proiektuek dute eragin zuzena Hernanin, eta alde horretatik, baieztatu zuen bi enpresa sustatzaileak jada jarri direla harremanetan Udalarekin. Bilera horietan, alkateak helarazi zien “herrian kezka sortu dutela proiektuek. Horretaz kontziente izan behar dute. Kontua ez da proiektu batekin etorri eta edozer egitea edozein modutan. Herritarren kezkak helarazteko eragile bat izango da Udala, eta azaldu genien, herritarren partaidetza eduki behar dutela horrelako proiektuek; kolaborazio publiko komunitarioak izan behar dituztela. Tendentzia izan daiteke enpresa etorri eta konpentsazio bat ematea. Baina gu beste pauso bat eskatzen ari gara, proiektu hauek herritarragoak izatea”.

Alde horretatik, gehitu zuen Udalaren jarduna izango dela herritarrei eta eragileei helaraztea daukan informazio guztia, “enpresekin bilerak egiten ditugun aldiro”.

Ezin dugu esan 'energia berriztagarriak bai, baina nire herrian ez badira'. Postura hori ezin dugu eduki, ez udal batek eta ez herritarrek.

Lertxundik azpimarratu zuen hausnarketa egin beharra dagoela azpiegitura horren inguruan, “ziurrenik inork ez dugu hau nahi, baina zoritxarrez behar ditugu energia berriztagarriak. Hori da egin behar dugun ariketa. Ezin dugu esan 'energia berriztagarriak bai, baina nire herrian ez badira'. Postura hori ezin dugu eduki, ez udal batek eta ez herritarrek. Horregatik uste dugu prozesuak abiatu behar ditugula, herrian bertan gaiaz hitz egiteko, jendea kontzientziatzeko, informazioa edukitzeko... Eta horren harira, hainbat erabaki, ildo eta iritzi eraiki, bakoitzak berea. Gaur egun ez ditugu proiektuak zehatz-mehatz ezagutzen. Kezka sortzen dute, noski, baina ezin dugu esan alde edo kontra gauden, ezagutu gabe. Afekzioak izango ditu, zalantzarik gabe. Zenbaterainokoak diren, sarbideak argi eta garbi non izango liratekeen, zein kalte eragingo lituzketen... Proiektua aurkeztean jakingo dugu”.

Aranoko mendietan, bigarren proiektua

Urumea bailaran bigarren proiektu eoliko baten berri izan da azken aldian, Mandoegi-Adarra mendi-lerro inguruan kokatuko litzatekeena, Arano, Hernani, Goizueta eta Berastegiko udalerrietako mendi-lurretan hain zuzen.

Mandoegi-Adarra mendi-lerro inguruan kokatuko litzateke, Arano, Hernani, Goizueta eta Berastegiko udalerrietako mendi-lurretan hain zuzen.

Nafarroako proiektu jasangaitzei erantzun juridiko-teknikoa ematea helburu duen Sustrai Erakuntza Fundazioak 2023ko apirilaren 19an zabaldu zuen lehenbiziko berria, esanez “Goizueta, Arano eta Hernani arteko triangeluan tamaina handiko poligono eoliko bat jartzeko asmoa” zegoela, eta hain zuzen, Repsol enpresaren menpeko FE Energy izeneko aholkularitza-enpresa bat Madrilen 100 Mwko megaproiektu eoliko bat izapidetzen ari zela. Era horretan, antzeko azpiegiturarik handiena izango litzateke Euskal Herrian.

Fundazio horrek gaineratu zuenez, “bai proiektuaren dimentsioengatik (50 Mw gainditzen du), bai autonomia-erkidego desberdinei eragiten dielako, Espainiako Gobernutik egiten ari dira tramitazioak”.

Sustrai elkarteak iragarri zuena, 2024ko uztailean baieztatu ahal izan zen, egitasmoa. Izan ere, FE Energy-ko ordezkariak Aranoko Udalarekin harremanetan jarri dira behin baino gehiagotan. Proiektuarekiko duten interesa azaltzeaz gain, ingurumen-inpaktuaren azterketa egiteko, “TAXUS Estudios Ambientales” enpresa kontratatua dutela adierazi zieten. 99 Mw potentziako makroproiektuarekin, ia 200 metro altuerako eta 14 bat aire-sorgailu ezartzea aurreikusten dira.

Aranoko Udala eta herritarrak haserre

110 biztanle dituen eta 440 metroko garaieran dagoen Aranoko Udala hasieratik agertu da egitasmoaren aurka. Era berean, hainbat herritarrek taldea osatu dute informazioa jasotzeko eta Aranoko inguru naturala defendatzeko asmoz. Taldeko kiden den Erramun Galparsorok Ttipi-Ttapa aldizkariari urriaren 20an adierazi zionez, “jarrera lotsagarria” eduki zuten Aranora hurbildu ziren kontsultoriako ordezkariek: “Presioa egin eta proiektua onartzearen truke era guztietako konpentsazio ekonomikoak eskaintzera heldu ziren".

Zein dimentsioko egitasmoa den ere azaldu zuen Galparsorok: “205 metroko altuerako eta 6,6 Mwko haize-sorgailuez hitz egiten ari gara. Berastegin dorre bat, Goizuetan bi dorre, Hernanin bederatzi eta Aranon lau, bost, sei edo zazpi dorre jartzea aurreikusten dute. Udalekoekin bildutakoan ere hala esan omen zuten".

Tramitazioa Estatuaren eskumenekoa da, dimentsioengatik eta bi autonomia erkidegori eragiten dielako. Azken hitza, beraz, Madrilek izango du.

Beldur da Galparsoro proiektu handienak bizkortzeko erabil dezaketen urgentziazko prozedurarekin: “20/2022 Errege Dekretua indarrean jarrita egin dezakete. Horrek, parte hartze publikorik egin gabe eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioko prozesua ezabatuta, aurrera egiteko aukera ematen die”.

“Txikizioa izugarria litzateke, mendia industrializatu, porlanez bete eta inpaktu larria eragin. Gure herriaren bereizgarri diren natura, paisaia, ondarea, osasuna erabat suntsituko lituzkete. Herriaren biziraupena kolokan legoke”

Galparosorok gehitu zuenez, Aranoko herritar taldeak uste du herriarentzat eta bere naturarentzat eragin kaltegarria izango lukeela proiektuak: “Txikizioa izugarria litzateke, mendia industrializatu, porlanez bete eta inpaktu larria eragin. Gure herriaren bereizgarri diren natura, paisaia, ondarea, osasuna erabat suntsituko lituzkete. Herriaren biziraupena kolokan legoke”.

Aranon, herritarren artean kontrako erreakzioa sortu dela eta, Galpalsorok dio ez daude geldirik egoteko prest: “Proiektua geldiarazteko gure esku dagoen guztia eginen dugu. Badakigu Udalak lehenbiziko bilera horretan ezetz esan ziola enpresari; ordaindu beharreko prezioa altuegia zela. Herritarren artean ere kontrako jarrera nabari dugu. Orain, proiektuari kontra egiteko zirrikitu posible guztiak bilatu behar ditugu. Aranzadi Zientzia elkartera jo dugu gure herrian dugun balio ekologikoa eta arkeologikoa jasotzeko, ingurugiroan izanen lukeen inpaktua neurtu nahi dugu... Proiektuak aurrera eginen balu, alegazioen garaia iristen denerako prest egotea da gure asmoa”.

“Arano ezagutu gabe etorri ziren proiektua egitera"

Joan zen urriaren 24an Urumea bailarako haize-sorgailuen gaineko hitzaldia antolatu zuten Goizuetan. Bertan hitza hartu zuten Aranoko herritarrek, Mikel Alvarez makroproiektuen aurkako ekintzailearekin eta Malerreka Bizirik kolektiboko partaideekin batera.

Mahainguruko parte-hartzaileak, Goizuetan urriaren 24an egindako hitzaldian

Aranoko ordezkariek baieztatu zutenez, proiektuen bultzatzaileek konpentsazio ekonomikoak agindu dizkiote Udalari, hala nola, pilotalekua estaltzea edota eskola berritzea… Baina, antza, udal erakundeak ezezkoarekin erantzun die, aldiro-aldiro. Bestalde, Urumea bailarako herrietako hainbat herritarrek “Urumeako Mendiak Bizirik” plataforma sortu berri dutela ere iragarri zuten.

Aranoko herritarrek iragarri zutenez, Urumeako Mendiak Bizirik plataformaren sortu berri dute bailarako herritarrek

Goizuetako mahainguruaren pasarte bat, hemen:

 

Joxan Ruiz Aranoko alkateak Kronika egunkariari azaroaren 16an aitortu zionez, “Arano ezagutu gabe etorri ziren proiektua egitera, hala aitortu ziguten. Lortzen dute 'engantxe' bat, eta horren inguruan koadrante bat marrazten dute, haize-sorgailuak jartzeko. Gertuenetik urrunenera joaten dira, eta eremu babestuekin edo ezegokiekin egiten dute topo. Eta horrela iritsi ziren Arano ondora. Hemen jarri nahi dute, ezin dutelako beste tokietan; baina berdin zaie non tokatzen den eta nor bizi den hemen. Sentitzen dugu ez gaudela babestuta, inondik inora. Estazio megalitikoak dauzkagu hemen, eta gain-gainean jarri nahi dituzte haize-errotak. Ez dauka zentzurik”.

Bi zentral eolikoak kokatu nahi diren eremu naturalean, Euskal Herrian handienetakotzat jotzen den Goizueta-Arano estazio megalitikoa dago

Arano herria, Adarra Mandoegi mendizerrako ikuspegitik

Ñabardurak, eolikoen aferan

Energia eolikoaren gaia biziki ari da pizten Urumea aldeko herritarren interesa, eta horren adierazle da Hernani Burujabe ekimenak azaroaren 28an antolatu zuen solasaldia Sandiusterriko aretoan, Alain Arruti Euskal Herria Bizirik taldeko kidearekin eta Aritz Otxandiano Otxandioko energia komunitateko kidearekin.

Aritz Otxandiano eta Alain Arruti, Sandiusterriko hitzaldian 

Urumeako proiektu eolikoak testuinguruan jartzeko asmoz, mundu mailako energia politika izan zuten hizpide, eta horrekin, lotuta, energia berriztagarriak, zentral eolikoak, multinazionalak, larrialdi klimatikoa, desazkundea, ondare naturala, energia burujabetza...

Ikusmin handia eragin zuen mahainguruak

Bi hizlariek bat egin zuten krisi klimatikoari erantzuteko orduan larrialdizko neurriak hartu behar direla aldarrikatzean, baina, nork bere bidea hartu zuen zehazterakoan zeintzuk diren neurri horiek.

Energia iturri berriztagarri bakoitzak iturri fosil bat ordezkatzen duela gaineratu zuen Otxandianok

Besteak beste, Otxandianok energia iturri berriztagarrietarako trantsizioa defendatu zuen, hori bai, ez edozein baldintzapean, prozesu horretan herritarrek hasieratik erabakitzeko ahalmena edukita. Energia iturri berriztagarri bakoitzak iturri fosil bat ordezkatzen duela gaineratu zuen. Nafarroa nabarmendu zuen alde horretatik, berriztagarriei esker kontsumitzen den energia gehiena bertan ekoizten delako.

Arrutik zalatzan jarri zuen zenbateko transzendentzia izan dezaketen proiektu eoliko lokalek

Arrutik, estrategia energetikoa baino gehiago politikoaren premia dagoela, eta bide horretatik abiatzeko borondate gutxi dagoela azpimarratu zuen. Zalatzan jarri zuen estrukturazko plangintza estrategikorik gabe zenbateko transzendentzia izan dezaketen proiektu eoliko lokalek. Alde horretatik, ez zuen bideragarri ikusten proiektu eolikoen alde apustua egitea.

Mahainguru osoa, bideoz bi zatitan ikusgai:

 

 

Bestalde, Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak antolatuta, "Zer ari da gertatzen parke eolikoekin?"  izenburuko hitzaldia egin zen Hernanin, Biteri kultur etxean, urriaren 18an. Hitza hartu zuten Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistako kiden den Aingeru Otxotorenak eta Euskal Herria Bizirik plataformako Iraitz Elordik.  

Hona solasaldiko pasarte bat:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!