Gipuzko Buru Batzar berrituaren bisitaldia Beterri-Buruntzara

Jon Ander Ubeda 2025ko urt. 8a, 19:03

Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarreko lehendakaria Hernanin elkartu da Beterri-Buruntzako alderdikideekin. Ohar bidez adierazi dutenez, EAJ-PNV alderdia erronka politikoei aurre hartzeko estrategia lantzen hasi da.

Ohar berean adierazi dutenez, hiru helburu nagusi finkatu ditu Gipuzkoako EAJ-PNVren zuzendaritzak: "batetik, lurraldeko lehen indarra izatea; bestetik, aldaketarako eta berrikuntzarako eragile izaten jarraitzea; eta, azkenik, abertzaletasunaren etorkizuneko erronkei erantzunak ematea, ikuspegi ireki eta zabalagoa oinarri duelarik".

Maria Eugenia Arrizabalagaren alboan izan dira Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo alderdikideak. Tartean, Urnietako Oihane Sanz eta David Rosco eta Andoaingo hainbat jeltzale: Gurutz Irigoras, Imanol Goenaga, Txitxu Ruiz edota Alex Huitzi.

Arrizabalagak bilkura horretan, benetakotasuna defendatu du: "errealismotik eta eguneroko lanetik herria eraikitzeko, alderdiaren betiko nortasuna erreibindikatuz, baina izaera berritzaile batekin. Aurrea hartu behar diegu euskal gizartean eskuartean dituen erronkei, eta horretarako modu proaktiboan jardun beharra dago”.

Eta hori nola egin? Honatx, Arrizabalagaren formula: "gure ikuspegi abertzalea maila guztietara zabalduz, herria maitatuz, herritar guztiak errespetatuz, eta herrigintza eraginkorra eginez, bai epe motzeko arazoei erantzuneko bai ikuspegi luzea edukiz, mutur bateko eta besteko sektarismoari langa jarriz".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!