Bost kupel plazaren erdian: Araba, Gipuzkoa, Iparraldea, Nafarroa eta Bizkaia. Horrela egin dute irekiera-ekitaldia, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan, "herrialde guztietako sagar eta sagardo sektoreak bateratzeko" egiten ari diren lanaren erakusle. Ekitaldian, sektoreko bozeramaileek zein ordezkari politikoek hartu dute hitza, besteak beste, Maite Retolaza Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren lehendakariak eta Unai Agirre Euskal Sagardoa Deituraren koordinatzaileak.
Izaera "handiko" uzta
Joan den urteko denboraldikoarekin alderatuz gero, uzta txikiagoa dela adierazi du Retolazak: neguko hotz eskasiak eragina izan dezake horretan eta, ondorioz, oro har, 2023ko uzta baino %60 sagar gutxiago izan da Euskal Herriko sagastietan. Guztira, 46 sagardotegik egin dute ekoizpena: Araban bat, Bizkaian hiru eta, Gipuzkoan 42, Euskal Sagardorako sagarra egiten duten 250 sagargilerekin eta 500 hektarea erabilita.
Denboraldi-hasierako ekitaldiak
Askotariko hitzorduak egongo dira egunotan, sagardo-denboraldiaren irekieraren bueltan. Honatx eskualdetik gertu izango direnak:
- Urtarrilak 15, asteazkena: Sagardun Patzuergoak antolatuta Astigarragan Txotx Berri eguna 12:00etan. Ondoren, Alorrenea Sagardotegian sagardo berria dastatzeko irekiera
ekitaldia. - Urtarrilak 16, osteguna: Usurbilen Saizar Sagardotegian irekiera iluntzeko 19:00etan.
- Urtarrilak 22, asteazkena: Urnietako Sagardotegien irekiera Oianume Sagardotegian, eguerdiko 13:00ean.
Informazio gehiago, aurki, astekarian zein hamaboskarian.