Urnietako Udalak, bigarren urtez jarraian, Aiurrira bideratutako partida nabarmen murriztu du. 2025a abiatu da, baina, ezeren aurretik, nola egin zuen Aiurri astekariak aurrera 2024an?
Kontu ekonomikoez ari bagara, orekak eginez: udalerri batean jasotakoarekin eta bestean galdutakoarekin. Andoaingo Udalak bere garaian berritu zuen hitzarmena, zeinaren ondorioz 5.400 eurotan eguneratu zen astekarirako partida. Eta Urnietako Udalak, aldiz, 10.000 euroko murrizketa egitea erabaki zuen iaz. Gorabehera horiek osatzeko lagungarri izan dira Urnietako gizarte eragileek eta norbanakoek egin dituzten diru-ekarpen gehigarriak. Oso eskertuta gaude horiei guztiei. Izan ere, kostuak gorantz doaz eta gure finantzazioa estutuz doa. Orekak egiten gabiltza egoera paradoxiko honetan.
Zergatik da paradoxikoa?
Alderdi baten jokabidea oso bestelakoa izaten ari delako udalerri batetik bestera. Andoainen, aurreko agintaldian, EAJ-PNVren esku zegoen Euskara Normalizatzeko Batzordea, eta Aiurriko partida bere agintepean eguneratu zen. Korporazio kide guztien oniritziarekin, gainera. Are gehiago, aztergai hori hizpide izan zuten batzordean, parte hartzera gonbidatu ninduten. Urnietan egoera oso bestelakoa da: alderdi bera da, baina guztiz jokabide ezberdina erakusten ari da.
Zein izan daiteke arrazoia?
Bitxia badirudi ere, ez daukat oso argi erantzuna. Denetik entzuten ari naiz inguruan, eta dagoeneko bigarren urtez jarraian gertatu da: hori ebidentzia bat da. Aldaketa erabatekoa izan da: lau urteko hitzarmen egonkor batetik urteko 10.000 euroko murrizketa pairatzera igaro gara. Iaz, murrizketa justifikatzeko garaian, turismora begirako estrategia berria hizpide izan zuten. Aurten, elkarte guztien ekarpenari eusteko nahikoa lan izan dutela adierazi digute. Erabaki irmo bat hartu dute, bistakoa da, eta azalpenetan ez dira gehiegi luzatzen.
Irudi esanguratsua utzi zuen abenduaren 19ko iluntzeak: Aiurriri babesa adierazteko elkarretaratzea egin zuten eragileek San Juan plazan. Bien bitartean, udaletxean, urteko azken osoko bilkuran, 2025eko aurrekontuak onartu ziren.
Bigarren urtez, jarraian, egoera berean izan gara. Urnietako eragile asko elkartu zen plazan, protestan: auzo elkarteetako kideak, kultur eta kirol taldeetako ordezkariak, euskaltzaleak… Horiek guztiak herriaren kohesioan funtsezkoak dira eta Aiurri astekariari funtzio garrantzitsua aitortzen diote.
Zer esan nahi duzu horrekin, komunitatea egiten laguntzen duela Aiurrik?
Herri baten kohesioan tokian tokiko hedabidea garrantzi handiko eragilea da. Adibide erraz bat aipatzen hasita, Xoxoka-Goiburu eta Etxeberri plaza ezaugarri soziologiko ezberdinak dituzten biziguneak dira Urnietan. Bi auzo horietako jaien jarraipena egiten dugun aldiro, Urnietako txoko jakin batetik egiten dena udalerri osora zabaltzen ari gara.
Urnietar guztien arteko kohesioan lagungarri izaten ari da Aiurri, beraz.
Eta bada oharkapean igarotzen ari den xehetasuna. Bizi dugun garaia helarazten diogu herritarrari, gure jardunaren bitartez. Baina, urteen poderioz, Aiurrik bildu dituen lekukotzak, argazkiak eta bideoak Urnietako ondare bilakatzen ari dira. Denborarekin, balio handia izango du orain egiten ari garenak.
Eta, horren bidetik, Udal ordezkariei egin nien aipamena errepikatuko dut elkarrizketa honetan. Zer gertatu zen 2023ko uztailaren 2an Andoainen eta Urnietan? Bada, Frantziako Tourra bertatik bertara igaro zela. Urnietako erdigunea zeharkatu zuen. Historikoa izan zen hura. Badakizu Urnietako Udal Artxiboan zein argazki gorde diren? Aiurrik ateratakoak. Eskaera jaso genuen udaletxetik eta bi aldiz pentsatu gabe helarazi genizkien argazkiak. Muxutruk, gainera.
Zuzendari zaren aldetik, nola bizi duzu Urnietan sortu den afera?
Hogei urteko ibilbidea osatu ostean, handia da Aiurri astekariarekiko atxikimendua urnietarren eta andoaindarren artean. Iaz, eta, aurten, sasoi honetan, urnietar askoren babesa jaso du Aiurriko lantaldeak eta horrek lanean jarraitzeko indarra ematen digu. Finantziazioari dagokionez, Urnietako Udalaren aldetik jaso dugun albistea ez da ona eta horrek lantaldea aztoratu du. Baina ez diote konpromisoari muzinik egin eta astekaria argitaratuz eta alor digitalean lan eginez jarraitu dute.
Bestalde, zuzendari naizen aldetik, atsekabetuta nago Urnietan, hainbat girotan, liskarra sortu delako. Tristura eragiten dit horrek, sortu diren hainbat haserrealdi eta ezinikusien jakitun naizelako. Ez da atsegina eta, zintzoki esanda, honaino iristea ez zen beharrezkoa. Zoritxarrez, iaz, eta, aurten ere bai, gure hedabidea xextrarako hizpide bilakatu da hainbat forotan. Elkarte eta laguntalde bereko pertsonak elkar haserretu dira eta, beste batzuetan, bakea nagusitu dadin, afera tabu bilakatu da. Atsekabetuta nago, alde horretatik.
Gaia politizatu dela, bada hori uste duenik.
Bakanen batek tentazioa du egunotan Aiurri joera politiko batera edo bestera lerratzeko. Hori kontu zaharra da eta, benetan, oso pertsona gutxiren obsesioa da hori. 2024ko asebetetze inkestaren emaitzari erreparatuta, “Iruditzen zaizu Aiurri politikoki plurala dela?” galderari 116 lagunek eman zioten erantzuna. Horietatik guztietatik, soilik, 9k “Ez” erantzun zuten. Datuak, ikusten duzun bezala, usteak baino argiagoak dira.
Politizazioaz baino gehiago, erabaki politikoez ari gara. —abardura bat egin nahiko nuke, honaino iritsita. Andoainen EAJ-PNVk Aiurrirako diru-partida eguneratzea proposatu eta, aho-batez onartzen denean, hori erabaki politiko bat da. Bada, Urnietan aurkakoa erabakitzeko proposamena mahai-gainean jartzen denean, kasu horretan ere erabaki politiko baten aurrean gaude.
Euskararen aurkako neurritzat hartu du batek baino gehiagok Urnietan gertatzen ari dena.
Saihestezina da gure hedabidearen eta euskararen arteko lotura egitea. Zergatik gara, bada, ezagun, Urnietan? Euskaraz eta Urnietako kontuez ari garelako. Eta, noski, diru-partida nabarmen murriztuta, Aiurriko egoera estutuz doa, baina hortik EAJ-PNV euskararen aurka dagoela esatea gehiegizkoa iruditzen zait. Sortu den afera bideratuko dugu noizbait eta espero dut berandu baino lehen izatea. Solaskide ditudan Gobernu taldeko kideak euskaltzaleak direla zalantzarik ez dut eta argi daukat ere ez dugula euskaltzale guztiok zertan bat egin. Hori sanoa da, hein batean.
Baina hori esanda, heldu diezaiogun hizkuntza-politikari. Gaurkoz, Urnietan, euskara eta herria uztartzen dituen tresna iraunkorra eta masiboa da Aiurri astekaria. Astero-astero, buzoietara iristen da. Eta, urte osoan, gailuetako pantailetara. Gobernu taldeak hartu duen erabakiaren ondorioz, Aiurri ahultzen ari da. Nik galdera bat botako dut, zabalera: ideia ona al da Urnietan euskara eta herria uztartzen dituen tresna iraunkorra eta masiboa ahultzea?
Galdera horrek badu, behintzat, hartzaile jakin bat. Ba al duzue harremanik Udal gobernuarekin?
Gobernu taldearekin eta Urnietako Uri Buru Batzarrarekin, biekin. 2023ko abenduaren 21eko batzarraldian 2024ko udal aurrekontuei bidea eman zieten. Bertan ezarri zen Aiurrirako lehen murrizketa, 10.000 eurokoa. Osoko bilkura hartan, ikusleen artean, jende ugari elkartu zen eta, kanpoaldean, dozenaka lagun gehiago. Bilkura bukatu orduko, udaletxean bertan, jeltzaleen arduradunengana hurbildu nintzaien eta bilera bat egitea eskatu nien. Geroztik, 2024 osoan, Batzokian, udaletxean eta HK10 hotelean bilerak eta jardunaldiak egin ditugu. Biltzeari, hitz egiteari eta entzuteari garrantzi handia eman diot. Uste dut egoera bideratzeko hori dela gutxienekoa. Nire jardunean, lantalde bat eta Aiurri sortu zuen euskara elkarte bat –Larramendi Bazkuna eta IÒistorra Urnietako Euskaltzaleen Biltzarra– ordezkatzen ditut. Ni lanerako nago eta, zoritxarrez, ez dut lortu egoera bideratzea eta horregatik ere triste nago. Kontziente naizelako bi urtez jarraian hartzen den erabakia joera bilakatzen dela, baina ez dut etsi nahi. Hitz egiten jarraitzea eta egoera bideratzea lehentasunezkoa da niretzat.
Zer nolakoak izan dira bilkura horiek?
Hitz egiteko eta entzuteko aukera izan dugu, bileretan parte hartu dugun guztiok. Diskrezioari zor natzaio, baina esan dezaket aldartea ona izan dela. Lehendik ere elkar ezagutzen dugu eta garai bateko eta egungo jeltzaleekin harremanari eusten diot. Saiatu naiz egoera bideratzen, baina gaurkoz ez dugu lortu.
Eta zein iritzi duzu gainerako alderdien jokabideaz?
Afera piztu arte, Euken Garmendiarekin ez nuen inoiz hitz egin, Urnietako albisteen jarraipena lankideek egiten dutelako. Iazko udazkenetik hona, behin baino gehiagotan elkartu naiz harekin eta denbora-tarte horretan gure jardunari loturiko informazio ugari eskatu dit. Interesa eskertu diot, beti. Bi urteotan, beren argudioekin, Aiurriko partida eguneratzea eskatzen ari dira. Eskaera horrekin bat egin zuten Andoaingo alderdi politiko guztien sintonian daude, beraz.
PSE-EEko Herme Gonzalez, bestalde, 2004tik ezagutzen dut. Ez da itzulinguruka dabilen horietakoa eta, hogei urteotan, rol ezberdinak jokatu ditu. Oposizioan oso zorrotz aritu da eta, orain, gobernu ardurak ditu. Beren sailetan arrastoa utzi nahi dute. Baina, bestalde, euskara EAJ-PNVren ardurapean dago eta sozialistek leialtasuna zor diete. Politikan, gobernu-akordioetan, hori ohikoa da.
Zein izan daiteke irtenbidea?
Urnietatik burua altxa eta kanpora begiratu beharko genuke, lehenik eta behin. Sektorean bada Hedabideen Mahaia izeneko foroa eta bertan, azken urteotan, lanketagai izan da euskarazko hedabideen baliabideak eta baldintzak duintzea. —abardurak Òabardura, sintonia dago euskarazko hedabideak, Eusko Jaurlaritza eta Aldundiak ordezkatuta dauden mahai sektorial horretan. Sintonia on hori Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetan gauzatu da eta datozen hiru urteetako dirulaguntza-deialdian hobekuntza bat emango da. Hori guztia akordio politiko zabal baten ondoren iritsi da. Foro horretan, Urnietako udal finantziazioaren kasu zehatza aipatuko bagenu, harridura sortuko luke, kasu bakana baita hedabide bati tamainako murrizketa ezartzen zaiola.
Gurea zorigaiztoko salbuespena da. Bi adibide jarriko ditut, kasurako erreferentzia egokia ematen digutenak: Amasa-Villabonak Urnietako biztanle kopuru-beretsua du eta euskarazko tokiko prentsara partida bikoitza bideratzen du. Usurbilek eta Urnietak ere, antzeko tamaina dute eta hango hedabideak guk jasotzen dugunaren hirukoitza jasotzen du.
Urnietan Aiurrirako partida beti berbera izan da azken hamabost urtetan: 36.000 eurokoa. Zenbat igo da KPIa hamarkada batean? Eta zenbat milioitan igo da udalaren aurrekontua? Dirulaguntza eguneratzeko atea jo genuen, iaz, eta eguneraketa-eskaerari murrizketa batekin erantzun zion Gobernu taldeak. Inoizko laguntza apalena jasotzen ari gara orain, Urnietako Udalaren aldetik. Aterabidea bilatzea eta aurkitzea ezinbestekoa da. Bila gabiltza, baina ez dago soilik gure esku.
Hamarkada batean bizi maila garestitu da, eta lan egiteko modua ere bai.
Digitalizazioaren ondorioz Aiurriren informazio jarioa eraldatu eta biderkatu egin da. Diru-partida beretsuarekin, astekariari eutsi eta Aiurri.eus urte osoan martxan dagoen informazio-ataria da. Multimediaranzko joerarekin, gainera. 2021etik hona, hirukoiztu egin dugu Urnietako bideo eta argazki-bildumen kopurua. Eta sare sozialen bitartez belaunaldi berrietara iristen ari gara. Paperean zein digitalean, euskarazko tokiko hedabideak erreferentzia gara. Hartzailegoari begira biderkatu egin du Aiurrik bere informazio-jarioa.
Atzera begira jarrita lan handia egindakoak gara eta, aurrera begira, gogorik ez da falta. 2019an webgune berria txertatzeko inbertsio handi samarra egin genuen. 2020an, pandemia garaian, astekariari eutsi eta webguneko jarioa nabarmen handitu genuen. Akaso, baten batek ez dio egindakoari erreparatu nahi baina, bestalde, inguruotan Aiurrirekiko identifikazioa oso handia da. Urnietar askok hori adierazi digute, hainbat modutan.
Zergatik, orduan, halako murrizketa Urnietan?
Erantzuna izango banu! Ez daukat oso argi, egia esan. Izan daiteke baten batek pentsatu duela “bertan goxo” gaudela Aiurrikoak. Finantzazio ekonomikoa beste bide batzuetatik lantzera bultzatu nahi gaituzte, akaso, erabaki drastiko horrekin. Azter ditzagun gure finantziazio iturriak. Publizitatea da horietako bat. Zein da tokiko merkataritzaren egoera orokorra, 2024an? Udalak murriztu diguna hortik lortu ahal izatea ezinezkoa da. Hori, egun, edozeinek uler dezake tokiko merkataritzaren testuinguru zaila ezagututa.
Beste finantzazio-iturria urteko-kuota kobratzea da. Bazkidearena eta harpidedunarena hogei urtez Aiurrin indarrean izan den aukera bat da, eta horrek Beterri-Buruntzan aitzindari bilakatzen gaitu. Eta, bai, baditugu bazkide eta harpidedun fidelak. Bide horretan sakondu nahi dugu 2025ean, baina ez da erraza izango. Iaz, asebetetze-inkestak eta eztabaida fokalak antolatu genituen. Talde fokal batean hainbat herritako gazteak elkartu genituen. Laburbilduz, haientzat Aiurri informazioa eskuratzeko bide bat da, egunero-egunero sare sozialen bidez kontsumitzen dutena. Beren pantailako denbora-lerroan gustuko eta intereseko albiste gehiagoren artean ageri dira Aiurriko albisteak. Funtzio publikoa betetzen duela aitortzen diote Aiurriri eta horren finantziazioa erakundeei ere badagokiela iritzi diote. Deigarria da, on line bidezko merkataritza bereganatu duen belaunaldia delako. Ziur nago talde fokal horretan parte hartu zuten gehientsuenek ordainpeko hainbat aplikazio eta plataforma dituztela. Tokiko hedabideen informazioagatik ordaintzea, aldiz, pentsaezina zaie. Hori guztia diot finantziazio-iturri propioak lantzeko zailtasunak agerikoak direlako.
Urnietako agintariek finantzazio ekonomikoa beste bide batzuetatik lantzera eraman nahi bagaituzte, prozedura bestelakoa izatea gustatuko litzaidake. Esaterako, hausnarketa partekatua eginez.
Aiurri astekariaren izaera juridikoa ere hizpide izan da, azken hilabeteotan.
Bai, eta hori argitzea komeni da. Aiurri astekariaren izena da eta hura argitaratzeko izen juridikoa Erroitz da. Erroitzen jabea Larramendi Bazkuna-IÒistorra da. Noiz sortu zen egitura juridikoa? 2004an. Eta Aiurri astekaria noiz hasi zen argitaratzen? 2004an. Urte berean, biak. Aurreko urte luzeetan, Erroitzekin sinatu ziren lankidetza-hitzarmenak eta hori ez zen kritikarako edo mesfidantzarako argudiotzat erabili. Erroitz martxan jarri zenetik lankidetza-hitzarmenak sinatu ditugu Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, eta hori ez da inoiz arazo izan. Horregatik, Aiurriren atzean enpresa izaera duen erakunde bat garela eta gure xedea dirua egitea dela aurpegiratzea gaizto samarra da. Are gehiago, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024ko lehentasunezko mezenasgo jardueratzat hartu duenean Erroitzen jarduera. Horri esker, Aiurriko bazkideei harpidetza-sariaren % 30 itzuliko zaie errenta-aitorpenean. Beraz, Urnietako Udal Gobernu taldearen erabakia justifikatu nahi duenak askatasun osoa du horretarako, baina ez du edozein argudiok balio.
Bigarren urtez jarraian, murrizketa pairatu berri du Aiurrik. Eta, orain, zer?
Lantaldeak 2024ko konpromiso-maila berari eutsiko dio. Erakunde gisa, bikaintasunean hobetu nahi dugu: Berriki, praktika-onen erakusle, Kudeaketa Aurreratuan Diploma eskuratu berri dugu Bilboko Euskalduna Jauregian eginiko ekitaldian. Egun hartan, Eusko Jaurlaritzako lau sailburu ziren mahai-buru. Bestalde, astekariko erredaktoreen artean bagara bi C2 euskararen goreneko gaitasun-maila erdietsi dugunak. Eta, urtea amaitu aurretik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak laguntza-deialdi berrirako lanketa egin du. Simulazio ariketarako Gipuzkoako bi hedabide aukeratu zituzten eta horietako bat Aiurri izan zen. Txosten mardula aurkeztu genuen, lan handia hartu eta gero, eta Lakuan eginiko bi orduko aurkezpenean inpresio ona eragin genuen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko lantaldeen aurrean. Lehen esan dut, ni lanerako nago. Eta lantaldea ez da kexan kateatuko. Denborarekin, Urnietako Udalaren egoera bideratu beharko litzateke. Eta, ez badugu lortzen, agerian geratuko dena Urnietako agintarien jokabide atzerakoia izango da. Sasoiko dagoelako Aiurri, eta aurrera begira jarrita.
Berriki, Aiurri astekarian irakurri ahal izan dugu: Eskualdeetako Hedabide Multimedien "EHM estrategia" delakoa aurkeztu zuen Jon Sarasuak. Euskara indarberritzeko, Euskaltzaindiak lau alorretan jarri du, bereziki, azpimarra: lan eremua, aisialdi antolatua, hezkuntza eta hedabideak. Eta honako hauxe zioen: "Ikusten duguna da euskarak eskualdeko eskalan lidergoa hartzeko aukera daukala. Hortaz, eskala nazionala abandonatu gabe eta hori ere indartuz eta sinergiak sortuz, estrategia honek proposatzen duena da eskualdeetan inpaktu handiko multimedia taldeak sortzea, telebista, irratia, Internet –sare sozialetara loturarekin– eta papera batuta. Adibide gisa Goiena aipatu genezake". Andoainen eta Urnietan funtzio hori Aiurri hedabidea ari da betetzen, astekariarekin eta edizio digitalarekin. Ditugun baliabideekin, paperezko edizioari eutsi eta sarean erreferentziazko hedabidea gara. Lehen aipatu dut: argazki-bildumen eta bideoen ekoizpena biderkatu egin dugu, eta, horrez gain, Urnietako etxebizitza guztietara iristen gara. Eskualdeetako Hedabide Multimedien estrategia indartzera eta sustatzera datoz Euskaltzaindia eta Eusko Jaurlaritza. Andoaingo Udalak bat egingo du, ziur, eta Urnieta ere gertu izatea nahi dugu.