Jakintza trukea egiteko bidaia, Senegalera

Ainhoa Gil 2025ko urt. 24a, 09:59

Virginia Ameztoy billabonatarra, tindaketa tailerrera gerturatutako emakumeekin.

Jakintzen trukea egitea, bertako kulturan murgiltzea, tindaketa botanikoan trebatzea... helburu ezberdinekin bidaiatu dute eskualdeko Virginia Ameztoy eta Maddi Trutxuelok Senegalera. Bertan bizitutako esperientzien berri eman diote Aiurriri

Senegalgo kulturan murgilduz eta jakintzen elkartrukea eginez amaitu zuten 2024 urtea Virginia Ameztoy billabonatarrak eta Maddi Trutxuelo andoaindarrak. Ekol Senegal taldeak proposatutako bidaian parte hartu zuten biek, beste hainbat bidaiarirekin batera. Tindaketa botanikoaren inguruan aritu ziren Senegalera egindako bidaian, teknika ezberdinak ikasten eta irakasten, jakintza ezberdinen elkartrukean.

Lagun baten bitartez jakin zuen Virginiak Ekol Senegal elkartearen inguruko berri: "Argazkilaria da bera eta elkartruke bidaia batean izan berri zen. Itzuleran, gisa honetako bidaia batean parte hartzea proposatu zidan. Bazekien Afrikako kulturak ikaragarri erakartzen nauela eta baita, nola ez, oihalen munduak ere. Ez nintzen momentu hartan bertan animatu, baina ezin izan nuen aukera hori burutik kendu denbora luzean". 

Ekol Senegal

Beatriz eta Mariana izeneko bi emakumeren ekimenez sortu zen Ekol Senegal. Kultura zabaltzeko eta eskaintzeko helburuz sortu zuten elkartea. Turismo arduratsuko eta kultur murgilketa sustatzen duten bidaiak antolatzen dituzte eta bidaia bakoitzean astebeteko tailer trinkoa eskaintzen dute, arteetan, artisautzan, hazkunde pertsonalean edo bestelako proposamen sortzaileetan oinarrituta, beren jakintza ematen duten profesionalek gidatuta. Tindaketa botanikoa egiten aritu dira Virginia Ameztoy eta Maddi Trutxuelo, Virginiak berak gidatutako tailerrean.

Ekol Senegaleko Marianarekin izan zuen Virginiak lehen kontaktua: "Kosta egin zitzaidan bidaia egiteko erabakia hartzea. Behin pauso hori emanda, Marianari deitu nion nire proposamena luzatzeko. Beraien berri eman zidan eta ikaragarri erraztu zidan guztia. Senegalen eskainiko nuen tailerraren berri ematen zuen txostena prestatu, eta proposamena zabaldu genuen. Berehala hasi zen jendea izena ematen".

Maddi Trutxuelok Virginiaren sare sozialen bidez jakin zuen bidaiaren berri: "Bidaia eta tailerra eskaintzen zirela ikusita, azkar animatu nintzen izena ematera, lagun batekin batera. Ikaragarri erakarri ninduen proposamenak". Talde polita osatzea lortu zuten. "Jende askok adierazi zuen interesa eta azkenean, taldetxoa osatu genuen", gehitu du Virginiak.

Tailerra

Virginiaren ardura izan zen tindaketa tailerra bideratzea. Berak erabiltzen dituen teknikak erakutsi zituen eta  hemendik joandako bidaiariak zein Senegalgo emakumeak izan zituen ikasle. Trukean berriz, haien teknikak erakutsi zizkieten emakume senegaldarrek. "Oso deigarria izan zen tindatzeko eta estanpatzeko erabiltzen dituzten teknikak ikustea. Teknika asiarrak erabiltzen dituzte gehienbat, baina berera ekarri dituzte estanpatu motak. Polita izan da hori ikustea", azaldu dute. Zazpi eguneko bidaiak dira Ekol Senegalek eskaintzen dituenak. Joan-etorriak gehitu behar zaizkio horri. "Zazpi egun horietan asko ikusi eta ikasi dugu, bidaia zoragarria izan da", azpimarratu du Maddi Trutxuelok. 

Basoa eta natura

Basoan murgilduta ere ibili ziren taldekideak. "Gure tailerra tindaketa botanikoari buruzkoa zenez, hosto eta landare bila ibili ginen goiz batez. Bertako emakumeak gurekin etorri ziren. Ez zituzten estanpaziorako landareak ezagutzen, baina jakinduria ikaragarria dute bertako landareekin. Oso ongi ezagutzen dituzte sendabelarrak. Han ez dute osasungintza zerbitzura joateko erraztasunik eta, bertako sendabelarrekin moldatzen saiatzen dira. Estanpaziorako landareak eta loreak biltzea zen egun hartan gure helburua eta ikaragarri gozatu genuen basoan murgilduta".

Bertako naturarekin txundituta itzuli dira euren bidaitik. "Basoak, hegaztiak... ikaragarria da naturak han duen indarra. Harrituta etorri gara. Goizean eta ilunabarrean milaka hegaztiren kantuak entzuten ziren; zalaparta handia sortuz. Gauetan berriz milioka izar agertzen zen zeruan. Itsasoa, kilometro askotako hondartzak, manglareak... guztia zen ikaragarri ederra eta aberatsa".

Artisau ofizioen eskola

Laster artisau ofizioen eskola irekitzeko asmoa dute Ekol Senegal elkarteko kideek eta dagoeneko bide hori jorratzen ari dira. "Beatriz eta Mariana oso ekintzaileak dira eta, eskola irekitzeko asmoa dute. Bertako artisautza tradizionala mantendu dadin beharrezkoa da eskola bat sortzea eta horretan ari dira. Oraindik finantziazioa falta zaie eta, nahi izanez, gero, bazkidetza bidez diru pixka bat emateko aukera zabalik dago". 

Ezagutu Ekolsenegal proiektua

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 663 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!