Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean “Gerraren eta faxismoaren aurka gazte langileok lehen lerrora” lelopean manifestazioak antolatu ditu urtarrilaren 25erako. Eskualdeko GKSko kide diren Manex Etxeberria andoaindarrak eta Andoni Iguaran billabonatarrak azaldu dituzte bi mobilizazioak antolatzeko arrazoiak.
Manifestazioak deitu dituzue GKStik, zer dela eta?
Andoni Iguaran: Ikusten dugu, agenda belizista eta faxismoa normalizatzen ari direla mendebalde mailan, baita Euskal Herrian ere. Horri aurre egiteko antolatu ditugu manifestazioak urtarrilaren 25ean Bilbon eta Iruñean. Harresi bat eraiki nahi dugu, eta dei egin nahi diogu gazteria langileari, lehen lerroa har dezan.
Lelo horrekin zer aldarrikatu nahi duzue?
Manex Etxeberria: Mobilizazioko deialdiaren leloan langile klasearentzako bi arazo larri aipatzen dira. Gerraren mehatxua batetik, eta faxismoaren zabalpena bestetik. Arazo horien larritasuna Euskal Herrian ere sumatzen delarik, GKStik horri guztiari aurre egiteko beharra aldarrikatu nahi dugu. Beraz, dei egiten diogu Euskal Herriko gazteriari manifestazioetara batzera.
“Euskal Herrian agenda belizista eta faxismoa normalizatzen” ari direla diozue.
A.I.: Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dute, eta alderdi guztiak, ezker zein eskuin, agenda hori aurrera eramaten ari dira. Batetik, aurrekotu militarrak handitu dituzte, azken hamarkadan %62. Hori gutxi balitz, armagintza industria indartu eta estatuak militarizatu dituzte.
M.E.: Horrek ondorio larriak ditu langile klasearentzat. Gerran geroz eta gehiago inbertitzeak, zera esan nahi du: gutxiago gastatu dezaketela prestazio sozialetan. Hau da, murrizketak egingo dituztela esparru guztietan. Frantziako Gobernuak baliabide publikoetan 60.000 milioi euroko murrizketa ezarriko duela adierazi zuen; besteak beste, 4000 irakasle gutxiago egotea eragingo du.
Zer diozue faxismoaz?
M.E.: Faxismoa gora doa mendebaldeko estatu guztietan. Parlamentuen osaketak eta kale mailako talde faxistak dira horren erakusle.
Parlamentuari dagokionez, geroz eta eskuin muturreko alderdi gehiago ari dira gobernatzen, edo geroz eta erabakitzeko gaitasun handiagoa dute; horren adibide, Espainiar Estatuko VOX alderdia, Italiako Meloni presidentea eta Hungariako Orban lehen ministroa.
Kaleetako talde faxistak ere geroz eta agerikoagoak dira. Espainiar Estatuan hainbat antolakunde sortu edo eraberritu dituzte azken hilabeteetan. Jakina, Euskal Herria ez dago salbu, propaganda nahiz erasoak presente baitaude: Irunen, Urnietan, Azpeitian, Lesakan, Donezteben, Baztanen, Donostian… Faxismoaren presentzia eremu horietan seinalatzeaz gain, beharrezkoa da ideia erreakzionarioen gorakadari ere erreparatzea; faxismoa eremu ezberdinetan zabaltzen ari den seinale baita.
Horretaz gain, ideia atzerakoiak sare sozialetan indar handia hartzen ari direla azpimarratzen ari zarete.
M.E.: Bai, eta uste dugu oso arriskutsuak direla sare sozialetan indar handia hartzen ari diren ideia erreakzionarioak. Batzuk, matxismoa existitzen ez dela eta asmakizuna dela diote; besteek, etorkinek lana kentzen digutela edo lanik egiten ez dutela...
Geroz eta kontu eta eduki arrazista, matxista, eta finean faxistagoa ari da zabaltzen kontu biraletatik. Iraultzaile edo nolabait politikoki “inkorrektoa” izango litzatekeen irudiaren atzean ezkutatzen dira indarkeria matxista ukatzeko, enpresari handien esplotazioa zuritzeko, etorkin guztien eta LGTB kolektiboaren aurkako gorroto ideologia zabaltzeko etab.
Finean, guztiek bat egiten dute fokua desbideratu eta benetako arduradunak seinalatu gabe uzteko orduan.
Guk, ordea, argi daukagu; kolektibo zaurgarriak babestu eta miseria kapitalista betikotzen dutenak seinalatuko ditugu.
A.I.: Aipatzekoa da ere, ideia erreakzionarioak sare sozialen bidez izugarri zabaltzen ari diren arren, ez direla sareetan soilik gelditzen. Aurretik aipatutako talde antolatuek kale mailan egiten duten propaganda zein zuzenean ideia erreakzionarioak plazaratzen dituzten erasoak jada Euskal Herriko leku ezberdinetan agertzen ari dira. Horren adibide dira, Euskal Herri osoan zehar egin diren margoketa faxistak; hemen gertu topatu genituen Asteasuko margoketa arrazistak adibide; haietan “etorkinak kanpora” leloa erabili dute.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 663 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.